Zazpi urteko ibilbidean, diskografia oparoa ondu du Gasteizko Vibora post-hardcore eta rock gordineko laukoteak. Goio Saenzek (ahotsa, gitarra), Fabio Oñatek (bateria), Xabi Arratibelek (ahotsa, gitarra) eta Jorge Gonzalezek (baxua) osatzen dute taldea. Gonzalez (Gasteiz, 1996) eta Arratibel (Gasteiz, 1995) MurMur saioan izan dira.
Paradoxak eta kontrasteak gustuko dituzue. Diskoaren izenburuak Egin ez dugun guztia dio, baina lehen abestiak Egin dugun guztia du izenburu. Zergatik?
JORGE GONZALEZ: Hitzak Goiok idazten ditu, eta hark aipatu zuen izenburu horrek talde gisa egin ez dugun guztia erretratatzen duela. Jolas polita iruditu zitzaigun kontrako esanahiarekin hastea. Lehen abestia intro moduko bat da, eta horrela hastea lagungarria da erantzukizun guztia gainetik kentzeko.
Disko hau bortitza, asaldagarria eta ederra da aldi berean. Zuentzat zer dira kontzeptu horiek arte sorkuntzan?
GONZALEZ: Laurok puntu horretatik gatoz. Hasieran, musika pisutsuagoa egiten genuen, eta bidean erreferentziak aldatuz joan dira, gogoen arabera. Askatasuna gustatzen zait, ildo finkorik ez izatea.
XABI ARRATIBEL: Edertasuna, niretzat, entzuten duenaren buruan gertatzen da; ez da bilatzen den zerbait. Norbaitek zarata entzun dezake, eta beste batek melodia aurki dezake. Gauza bera gerta daiteke etxe bat eraistean ere.
Autoan entzutean, bolumena igotzeko eta azkarrago joateko eskatzen du diskoak. Horrela entzun behar da?
ARRATIBEL: Bai, ideia hori gustatzen zait. Musikak erreakzio bat eragiten duenean, korrika zoazela edo autoan adibidez azkarrago joatea eragiten dizunean, horrek esan nahi du zerbait eragiten ari dela zugan.
Hasierako zartadak Lisaboren ildoa iradokitzen du, baina gero beste soinu batzuk ere bai. Nondik datoz eraginak?
ARRATIBEL: Lisabo erreferentzia bat izan da beti guretzat, halako soinu masa bortitz eta ederrak sortzeko gaitasunagatik. Baina gero bakoitzak bere erreferentziak izaten ditu: konposizioan, soinuan, produkzioan, lirikan eta ideologian. Taldean laurok ez gara inoiz guztiz ados jartzen, baina hori da aberasgarria: bakoitzaren izkinak bestearen erdia zapaltzen du, eta horrela aurkitzen ditugu gure puntuak.
Aberasgarria da hori, ez?
GONZALEZ: Bai, batzuetan bai; beste batzuetan, ez horrenbeste [barreak]. Orain, diskoa eginda egonik, bai, orain dena zoragarri, perfektu, behin lortu eta gero.
Ordu asko pasatutakoak zarete lokalean entseatzen?
ARRATIBEL: Orain ez hainbeste, baina gaztetan bai. Lokalera joatea denbora-pasa eder bat zen. Pixka bat galdu dugu ohitura hori, baina berreskuratzen saiatzen ari gara. Bizitzaren erritmoak ez dizu uzten arratsalde oso bat lokalean ematen.
2023an Zaldi beltza kaleratu zenuten. Han indarra, tentsioa eta letren lirikotasun iluna sumatzen ziren. Zer aldatu da oraingo honetan?
ARRATIBEL: Goio asko saiatzen da letrekin, bueltak eta bueltak ematen dizkie ideiei, ondo bukatutzat eman arte. Eta lortzen du, nire ustez. Indarrak eta tentsioak hor jarraitzen dute, baina agian oraingo honetan ñabardura gehiago daude.
Nola bizi dituzue nostalgia eta melankolia sorkuntzarako?
ARRATIBEL: Emozio unibertsalak dira, ospe onik ez badute ere. Ia edozeinek uler dezake falta hori edo tristura hori. Eta sorkuntzarako erregai onak dira, zalantzarik gabe.
Eta eszenatokian zer emozio ateratzen zaizue? Melankolia ala amorrua?
GONZALEZ: Hasieran, intentsitate handia zegoen, biolentzia eta indar bizia. Orain, igual, gehiago disfrutatzen dugu, lasaiago egoten gara. Emozioak barneratuago daude, baina indarrak hor jarraitzen du. Ni, behintzat, beti sentitu naiz natural agertokian, eta orain gehiago disfrutatzen dut, hitz horren zentzurik gozoenean.
Nolako esperientzia izan da Miren Narbaizarekin kolaboratzea?
GONZALEZ: Disko honetarako, pentsatu genuen kolaborazioak lehen baino landuagoak eta esanguratsuagoak izatea. Ez genituen nahi kolaborazio hutsalak; zerbait aberasgarria nahi genuen. Aurreprodukzioa Joseba B. Lenoirrekin eta Mirenekin egin genuen, Gakobeltz estudioan, duela bi urteko udaberrian. Mirenekin egiteak zentzu handia zeukan: asko gustatzen zaigu egiten duena, oso-oso abeslari ona da, eta, gainera, giro zoragarria sortu zen. Hark ere disfrutatu zuen, eta guk asko ikasi genuen harekin.
ARRATIBEL: Benetako luxua eta oparia izan zen guretzat. Mirenek ez du hutsik egiten. Aurreprodukzioa ere oso aberasgarria izan zen, oso interesgarria baita gure generoa hainbeste ezagutzen ez duen norbaiten ikuspegia jasotzea. Grabatzean, hark bazuen abestiaren ideia bat, eta, hortik abiatuta, elkarrekin landu genuen. Hiru bat ekinalditan grabatu genuen dena: bat giro lasaiagoan; beste bat soulagoan; eta, hirugarrenean, notak luzatu edo laburtzen saiatu ginen. Dena zuzenekoan bezala, arazorik gabe eta umoretsu.
Noiz hasi zineten musikazaletzen?
GONZALEZ: Ni, oso gaztetan. Etxean musika beti egon da, ez modu oso akademikoan, baina irratia eta diskoak beti izan ditut inguruan. Nire lehenengo shock musikala Kaotiko eta Metallica izan ziren, 12-14 urterekin. Master of Puppets entzun nuenean, zerbait piztu zitzaidan barruan. Geroztik, estilo horrek markatu ninduen, eta nire nortasun musikala hortik abiatu zen.
ARRATIBEL: Nire etxean Mikel Laboa izan da totema. Oskorri ere entzuten nuen, eta oraintsu entzun dut Sorotan Bele berriro, eta oso folk ona iruditzen zait haiena.
Eta, gaur egun, zer entzuten duzue? Zein da belarrian duzuen azken kanta hori?
GONZALEZ: Asko gustatzen zait Atxurra. Euskal Herriko talderik gogorrenetako bat da, eta, nire ustez, indar eta krudeltasun paregabea du. Bereziki Katakonba kanta daramat buruan azken egunetan.
ARRATIBEL: Mikel Laboa ezinbestekoa da niretzat; historian edertasuna eta emozioa ondoen islatu dituzten sortzaileetako bat da.
Viboraren gisako talde batek zer zirkuitu du gaur egun Euskal Herrian? Zuzenean jotzeko zailtasunik badaukazue?
ARRATIBEL: Gu batez ere gaztetxeetan eta jaialdi autogestionatuetan mugitzen gara; horiek dira gure oinarria. Azkenaldian, areto batzuetan ere jo dugu, baina txikiak dira gehienak. Eroso sentitzen gara halakoetan. Gaztetxeak ez ditugu utziko, baina ondo legoke 400-500 pertsonarentzako areto gehiago egotea Euskal Herrian, erdibideko zerbait. Soinua hobea izaten da, eta erosoago jotzen dugu.
Zer-nolako harrera izan duzue azken diskoarekin? Iritzi positiboak eta negatiboak heldu zaizkizue?
GONZALEZ: Bai, batzuk heldu dira. Onek pozik ipini gaituzte, eta txarren bat ere jaso dugu, baina hori ere onartzekoa da. Disko asko saldu ditugu, gure neurrian; ez gara salmenta erraldoietan ari, baina, gure txikian, denak saldu ditugu. Hala ere, guretzat garrantzitsuena ez da kopurua, baizik eta jendeak emandako erantzuna eta abestiek sortutako mugimendua. Horrek pozten gaitu, benetan.
A ALA B
Euskarri fisikoa ala streaminga?
GONZALEZ: Zer nahiago dugun, edo zer erabiltzen dugun gehiago?
ARRATIBEL: Nik, egia esan, biniloa dut gogoko, baina oso gutxi entzuten dut. Azkenaldian saiatzen naiz horretarako tarte bat hartzen. Korrika edo autoan noanean, streaminga.
GONZALEZ: Niri asko gustatzen zaizkit diseinuak, eta, horretarako, euskarri fisikoa egokiagoa da.
Areto txiki bat ala jaialdi handi bat?
GONZALEZ: Areto txikia, beti.
Autotunea. Bai ala ez?
ARRATIBEL: Beti bai. Ahal den guztia.
Folklorea bai ala ez?
GONZALEZ: Folklore gehiago, machokore gutxiago.
Ez Dok Amairu ala Euskal Rock Erradikala?
ARRATIBEL: Laboa, eragin pertsonal eta historikoagatik.