Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Onena

2026ko otsailaren 1a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zein da frutarik gozoena? Marrubia? Halako zera exotikoren bat, marakuia edo? Banana omen da munduan gehien kontsumitzen dena, zerbaitengatik izango da.

Egongo da auzi transzendental horri heldu dion clickbait artikulurik ziur, baina, orokorrean, inor gutxik egiten du horrelako galderarik. Musikarekin, aldiz, etengabe gabiltza onenen bila, lastoa alboratu behar batean. Puntuazio ezin zehatzagoak darabiltzagu horretarako: disko honek 7,4 merezi du, ez gehiago, ez gutxiago. Aurtengo sagardoa, etxe jakin onena, 8,2koa da. Imajinatu.

Jendeak usteko du probokatzeko diodala, baina ez: nahiago dut Kaskezur ikusi Sonic Youth —itzuliko balira— ez dakit non baino. Askoz ere gehiago interesatzen zait Zikin lekitxarren azkena, Turnstilena baino. Serio demonio diot Eneritz Furyakek Björkek baino ekarpen esanguratsuagoa egin dezakeela egun. Metroa, miligramoa eta segundoa unibertsalak dira, ez dakit zergatik beharko luketen hala musikarekiko apetek.

Noski, badago ezaugarri objektiborik musika baloratzeko orduan. Denok konturatzen gara nor den hasiberria eta nor maisua. Axola du. Baina unibertsalak botere harremanak, tradizioak eta sarri agerian ez dauden eta aldakorrak diren irizpideak ezkutatzen ditu. Une egokian egon beharreko tokian —ala beste koordenatu batzuetan— egoteak asko baldintzatzen du bakoitzaren patua, baita kontaktuek, interesek eta inertziek ere. Talentuak ez du eraginik, orduan? Badu, noski, baina mundu hau meritokraziak gidatzen duela sinesteko bezain inozoak ez gara.

Badut lagun bat inguruotako talde ezkutu asko ezagutzen dituena. Hitz egingo dizu herrira 2013an etorri zen talde andaluziarraz ere, baina ez du sekula Los Planetas entzun. Uste dut gai izango dela zulo horrekin bizitzeko. Nire herrian bada pikondo bat, fruitu ederrak ematen dituena ia inor ohartu gabe. Ez dago ezkutuan eta azpian supermerkatu bat dago, pikuak saltzen dituena. Niri ere kontatu egin behar izan zidaten ohar nendin.

Zein da pertsonarik onena? Nor bertutetsuena? Brad Pitten ibilerekin txundituta egotea baino, alboan duzuna zaintzea kasik hobe. Loturak, harremanak eraiki egiten dira. Musikarekin ere, munduari begiratzea ondo, baina urrutiko intxaurren miran egotea, alferrik. Probatu duzu mizpirarik sekula?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA