Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Ongi egiten duzu Iruñekoa izateko

2025eko ekainaren 15a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iruindar batek baino gehiagok aditu du esaldi hori noiz edo noiz. Labakoek kamisetak egin zituzten esaldi hori eslogan bihurtuz. Podcast baten izena ere bada. Ongi egiten duzu Iruñekoa izateko, baina izan zitekeen honela ere: ongi egiten duzu Gareskoa izateko, edo Zangozakoa izateko, edo Buztintxurikoa izateko. Irribarre maltzurra. 

Joan den hilabetean ospatu ziren Iruñean Euskal Literatura Nafarroan (1975-2025). Sortzaileen begirada jardunaldiak. Ospatu-edo. Berriz irribarre maltzurra. Hiru egunez, hiru saio: Nafarroako literaturaren soziologia bat, poesia errezitala eta idazle belaunaldi desberdinen arteko elkarrizketa. Eta hantxe egokitu zitzaidan azkeneko honetan arratsalde batez, Angel Erro eta Aingeru Epaltzarekin batera, Irati Jimenez gidari. 

Egin ziguten lehen galdera: zergatik aukeratu genuen ama hizkuntzan idaztea Nafarroan, edo zer zekarren ama hizkuntzan idazteko hautu horrek Nafarroan. Eta polita izan zen horrela hastea, zeren eta han ginen askorendako euskara ez zen gure ama hizkuntza izan, edo ez guraso hizkuntza behintzat. Aingeru Epaltzaren eta nire kasuan, aita hizkuntza da euskara. Angel Erroren kasuan ez ama ez aita hizkuntza. Eta nago Nafarroan, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, zenbait idazlek etxekoari baino gehiago zor diotela eskolari, euskaltegiari edo autoikaskuntzari: ama adoptatua duten idazleak haiek. Eta distantziatik begiratuta, arraroa da ez-ama hizkuntzan idazteko hautua, eta irudi lezake praktika nahiko periferikoa dela, edo periferiakoek praktikatu izan dutena, baina gure tradizioan uste baino ohikoagoa da: Gabriel Aresti, Jon Mirande, Txomin Peillen... (ikerketatxoa egiten egon naiz, eta ez dago argi kasu guztietan zein puntutaraino zuten ahantzia euskara. Nolanahi ere, hirurek egin zuten euskararen bila abiatzeko hautu kontzientea).

Euskaldunen sehaska Nafarroa omen, edo antzeko zerbait aipatu zuen Koldo Izagirrek aurreko eguneko hitzaldian, frankismoaren ostean idatzi zen liburu bati egindako kritika bat parafraseatuz. Eta sehaska izan daiteke jatorriaren metafora, baina bada are modu nabarmenagoan umetxo txiki eta hortaz zaindu beharrekoaren irudi ere. Eta nago urte luzez Nafarroako (behintzat eremu misto edo espainoleko) euskal sortzailea (hiztuna?) horrela sentitu izan dela gainerako euskaldunen aurrean. Eta ulergarria da, edo izan daiteke: Iruñean euskaraz egitea eta Hernanin egitea, duela 40 urte, duela 20 urte, egun, ez dira gauza bera. Baina nago disimetria horrek ez ote duen aitakeria kutsu —agian gaur egun neurri batean debaldeko— bat sortu itsasoko gazia bezala ezin gainetik kendu gabiltzana. Egia da Gipuzkoak jarraitzen duela izaten euskal letren hiriburu, baina 1975etik hona arras aldatu da kontua eta, mahai inguruko parte hartzaileak ados, Nafarroa euskal letren periferiaren etiketatik aspaldi jausi zen.

Errazago irudika dezaket iruindar edo garestar edo zangozar bat halako zerbait esaten: ongi idazten duzu gipuzkoarra izateko, beste esaldi hau esan ahal izatea eta egikaritzea baino: Vianako Printzearen saria jaso du Angel Errok

Are, beste periferia mota batek bai jarraitzen duela presente. Endoperiferia deitu nuen nik, hau da, barneko periferia: etxean, erdigunean periferiko sentitzearen esperientzia. Eta horretan bai, autore denok ados: horrexegatik jardunaldien beharra ere. Iruñean bertan, edo Nafarroan, euskal sortzaileen lanak bazterrekoa segitzen du izaten: gehien irakurtzen diren egunkarietan apenas aipamenik ez, euskara bultzatuko duen Etxepare institutuaren baliokiderik ez, sortzaileendako beka sistema edo sariketa garrantzitsurik ez, epaimahai elebidunik ez sarritan...

Aurreko horren ildotik, kontatzen zidan Jon Alonsok orain 40 urte Vianako Printzeak eskaintzen zuen beka deialdi batera aurkeztu zela. Ez dakienarendako, Vianako Printzea Nafarroako Kultura Ondarea babestu eta sustatzeko Nafar Gobernuaren instituzioa da. Deialdiko epaimahaia erdalduna izanik, lana erdaratzeko eskatu zioten, eta berak, ikaraz-edo, erdaratu zuen. Ikaraz-edo. Eta ukaezina bada ere aldaketak jazo direla azken 50 urteotan —kontrakorik esatea jende askok euskararen alde egindako ahalegina ukatzea litzateke—, nabari da oraindik ere gure lurraldean lan handia dagoela egiteko. 

Nafarroako euskal idazleak, euskaldun idazle nafarrak, idazle nafar euskaldunak... Korapilatsua dirudi kontuak, baina aldi berean sinplea ere bada. Halere, nik ez dakit zer eskatuko niekeen instituzioei. Ezta euskaraz ez dakiten nafarrei ere. Zail samarra ikusten dut endoperiferiko izateari uztea. Errazago ikusten dut Gipuzkoari monopolioa kentzen jarraitzea eta euskal kulturaren gotorleku bilakatzea, Nafarroa oso(ra)ko erreferente kultural bilakatzea baino. Errazago irudika dezaket iruindar edo garestar edo zangozar bat halako zerbait esaten: ongi idazten duzu gipuzkoarra izateko, beste esaldi hau esan ahal izatea eta egikaritzea baino: Vianako Printzearen saria jaso du Angel Errok. Oxala oker banengo, baina bitartean, Irribarre bermaltzurra. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.