Kritika. Musika

Ongi etorri Suederen mundura!

2026ko martxoaren 18a
00:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

SUEDE

Lekua: Santana 27 aretoa, Bilbo. Eguna: Martxoaren 16a.

Astea indar bereziarekin hasi da. Izan ere, astelehenean Bilboko Santana 27 aretora joan ginen, Suede taldearen kontzertua gogo handiz ikustera. Garaiz heldu ginen, eta eskerrak, hasierako gonbidatuak, swim school gazteak, hamabost minutu lehenago atera baitziren agertokira. Ikaragarrizko soinua atera zieten euren instrumentuei eta, aldi berean, bakoitza bere lekuan zegoen. Alice Johnson kantariaren ahots leuna oreka izugarri handiz nahasten zen bi gitarra distortsionatuekin, baxuarekin eta bateriaren kolpe boteretsuekin. Eskoziarrak milurteko berriaren Transvision Vamp modukoak izan daitezke (urrian etorriko dira haiek ere!); dena den, Wolf Aliceren ekoizpen garaikidearekin. Inor ez zen axolagabe geratu haien abestiekin —On and On, Heaven eta Green Eyes (Want it all), besteak beste—. 

Brett Anderson eta bere mutilek beste behin erakutsi zuten musika ona ez dela modaz pasatzen. Abeslariarekin batera kantatu zuen publikoak album berriaren lehen kanta, Disintegrate, eta jarraian, Antidepressants jo zuten, beste atzerapenik gabe. Haiek esaten duten moduan, ez dute nostalgian erori nahi, eta 2022an eta 2025ean bi disko itzel ateratzeko gai izan ziren, Autofiction eta Antidepressants. Segidan, «Welcome to Suede World» (Ongi etorri Suederen mundura) esan zuen Andersonek, eta Trash jotzeari ekin zioten. Publikoa liluratuta zegoen, ez bakarrik himnoarekin, baizik eta abeslariaren energiarekin. 58 urte izanda ere, basapiztia menderaezin baten moduan mugitzen zen eszenatokian. Alkandora zuriz jantzita, Brian Ferryren eta Alain Delonen arteko dotorezia bat paseatzen zuen taula gainean, naturaltasun handiz. Dramatismo eszenikoz, behin baino gehiagotan iltzatu zituen belaunak zoruan.

Maisuki, kantu zaharrak eta berriagoak tartekatu zituzten —We Are The Pigs, Animal Nitrate, Pale Snow eta Personality Disorder, besteak beste—, euren etapa guztiak errepasatuz. Can’t Get Enough glam estiloko abestia inoiz baino elektrikoago jo zuten. Dinamismoa sortuz, Neil Codlingekin teklatuan bakarrik abestu zuen Andersonek The Asphalt World balada, momentu batean mikrofonorik gabe bere ahotsa ere osasun ezin hobean dagoela argi uzteko. So Young abestu zuenean, bere falsettoa menperatuz, 1993an erabiltzen zuen anbiguotasuna gogoratu genuen, Oasis taldeko Gallagher anaien oinarrizko maskulinitatetik urrun. 

Ikuskizun osoan taldekoek eskarmentu handia daukatela frogatu zuten, eta azken txanpa era izugarrian amaitu zuten: guztiok dantzatu genuen Beautiful Ones, eta gurekin «europarrokin» batera dantzatu zuen abeslariak Dancing with the Europeans.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA