Liburuaren Nazioarteko Eguna (apirilaren 23a) ardatz nagusi duela, udaberrikoa izaten da, euskarazko liburuen arloan, urteko lehen labealdi indartsua. Hala ere, ez du bigarrenaren adinako indarrik izaten (dela Durangoko Azokaren itzal ukaezinagatik, dela salmentarako garai hobea delako Eguberrien atarikoa). Aurtengo udaberriko liburu berrien zerrenda aurreko urteetakoekin alderatuz gero, liburu berrien kopuruak behera egin duela nabari da. Argitaletxeek ez dute, hala ere, liburuzurtz utziko irakurlea, oparoa ez izanagatik erakargarria baita eskaintza.
Dagoeneko kaleratutako liburu berrien artean Xabier Mendiguren Elizegiren ipuin liburua eta Omar Nabarroren itzulera ekarri duen poema liburua daude, besteak beste. Datozenen artean, berriz, honako hauek: Mikel Antzaren itzulera, aurreneko nobelarekin; Eider Rodriguezen hirugarren ipuin liburua; Karlos Linazasororen liburu bi, narrazioz osatua bata, poesiakoa bestea; Miren Agur Meaberen helduentzako ipuin ilustratua; Pello Otxoteko eta Edu Zelaietaren poema liburuak...
Durangoko zalapartatik aparte, garai egokia izaten dute idazle berriek beren burua ezagutzera emateko. Aurtengo udaberriko zerrendak lau izen berri dakartza narratibaren plazara: Maribel Aiertza eta Iratxe Esnaola, nobelagintzaren arloan; Yurre Ugarte eta Beatrice Urruspil, ipuingintzarenean.
Ohi bezala, antzerki obra gutxi daude aurtengo udaberriko zerrendan ere, eta liburu asko saiakera, kronika, lekukotasun eta abarren sailean. Horien arteko batzuk kalean daude dagoeneko, eta oihartzun zabala izaten ari dira gainera, Imanol Murua Uriaren Loiolako hegiak, adibidez. Beste batzuk, oraindik argitaratu gabeak, oihartzuna izatera deituak dira, hala nola Xabier Amurizaren Osoa, lehiakorra, nazionala. Euskara batuaren bigarren jaiotza.
Beste hizkuntza batzuetatik euskarara ekarritako liburuei dagokienez, Ray Bradburyren Farenheit 251, Ariel Dorfmanen Herioa eta dontzeila eta Henry D. Thoreauren Desobedientzia zibila daude aipagarrienen artean.
Oparoa ez, baina bai erakargarria
Mikel Antza, Eider Rodriguez, Karlos Linazasoro eta Miren Agur Meaberen liburuak argitaratuko dira uda baino lehen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu