Zinema

'Oppenheimer' filmarekin hasiko da Zinema eta Zientzia zikloa

Bihar hasi eta martxora bitartean, hamar film emango dituzte Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohizunen. Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek eta Donostiako Zinemaldiak antolatu dute zikloa.

'OPPENHEIMER' - FILMA
'Oppenheimer' filmarekin hasiko da zikloa. BERRIA
mikel lizarralde
2024ko urtarrilaren 10a
17:30
Entzun

Zinemaren bitartez zientzia pentsamenduaren «edertasuna eta sakontasuna» erakustea: hori du helburu Zinema eta Zientzia zikloak, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak gaur goizean Donostian eginiko agerraldian adierazi duenez. Donostia International Physics Center eta Donostiako Zinemaldiarekin batera antolatzen du zinema programazioa filmategiak, eta aurtengoa zazpigarren aldia izango du. Bihar hasi eta martxoaren 23ra arte, hamar film emango dituzte Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohizunen, eta, pelikula horiek proposatzen dituzten gaiei buruz hitz egiteko, nazioarteko hogei bat zientzialari batuko dira filmen proiekzioetara.

Zinema programazioak zinema klasikoa eta garaikidea, fikziozkoa eta ez-fikziozkoa, eta animazioa bilduko ditu aurten. «Hautaketa irizpideari dagokionez, kalitate zinematografikoa lehenetsi da beti, eta, horretaz gainera, filmek ikuspegi zientifikotik analisi bat egiteko aukera ematea ere bai», azaldu du Fernandezek. Zikloa, hain zuzen ere, azken hilabeteotan estreinatu eta askoren ahotan izan den film batekin hasiko da, bihar, Donostiako Tabakaleran: Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023). Film horrek bonba atomikoaren sorreraren historia kontatzen du, bai eta aurkikuntza horrek eragin zituen dilemak ere. Filma Pedro Miguel Etxenike DIPCeko presidenteak aurkeztuko du, eta Robert Oppenheimer fisikari estatubatuarraren lana eta biografia ekarriko ditu gogora. 

Zikloan emango dituzten filmen artean, XXI. mendean egindako hainbat daude: The Perfect Storm (Wolfgang Petersen, 2000), zeina «klima aldaketaren inguruan aritzeko perfektua baita», Fernandezen iritziz; Bombshell: The Hedy Lamar Story (Alexandra Dean, 2017), Hedy Lamar aktorearen soslai zientifikoa gogorarazten duena; Plan 75 (Chie Hayakawa, 2022), «zahartzaroaz modu ederrean hitz egiteko aitzakia ematen duen filma»; Mars Express (Jeremie Perin, 2023), adimen artifizialari buruzko gogoeta egiten duen animaziozko lana; eta Theater of Tought (Werner Herzog, 2022), zinemagile alemaniarrak neurozientzia ardatz hartuta filmatu duen lana.

Zinema eta Zientzia zikloan, izango dira klasiko bihurtutako zenbait pelikula ere: Semmelweis (Andre de Toth, 1939), Ignaz Semmelweis medikuaren figura nabarmentzen duena; Out of Africa (Sidney Pollack, 1985), «basa bizitzaren handitasuna» erakutsi eta Robert Redford eta Meryl Streep protagonista dituen film ezaguna; eta Bringing Up Baby (Howard Hawks, 1938), «komediaren maisulana delako, eta estereotipo zientifikoei buruz hausnartzeko aukera ematen digulako».

Halaber, aurten Luis Martin Santos psikiatra eta idazlearen jaiotzaren mendeurrena betetzen dela eta, hark idatzitako Tiempo de silencio nobelaren egokitzapena ere emango dute zikloan (Vicente Aranda, 1986).

Filmak jatorrizko bertsioan eta azpidatziekin emango dituzte. Filmetako zazpik gaztelaniazko azpidatziak izango dituzte, eta beste hirurek —The Perfect Storm, Mars Express eta Bringing Up Baby—, euskarazkoak.

Programa osorik emango dute Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Donibane Lohizunen, berriz, Out of Africa, Mars Express, Bringing Up Baby, Oppenheimer eta Semmelweis ikusi ahalko dira.

Programazio osoa Euskadiko Filmategiaren webgunean kontsulta daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.