Big Boy musika taldeko kideak

Iñigo Garcia eta Juan Luis Blanco: «Orain talde ausartagoak daude, konplexurik gabeak»

Big Boy taldeak ‘Animaliak’ pieza luzea eta ‘Hildako anonimoak’ lana plazaratu ditu kolpe batean; lehena talde osoarekin, bigarrena Miniboy hiruko moldean.

Iñigo Garcia eta Juan Luis Blanco, Big Boy taldeko kideak. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iñigo Garcia eta Juan Luis Blanco, Big Boy taldeko kideak. MAIALEN ANDRES / FOKU
gorka erostarbe leunda
AZPEITIA
2026ko uztailaren 10a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar urtetik gorako geldialdiaren ostean itzuli da Big Boy taldea —2016koa dute Zapasalto aurreko diskoa—. Beren musika jostalariarekin itzuli dira, rockaren, kale musikaren eta esperimentazioaren uztarketarekin. Eta umorearekin. MurMur saioan izan dira Iñigo Garcia taldeko tronboi jotzaile eta hitzen egilea (Zumaia, Gipuzkoa, 1976), eta Juan Luis Blanco teklatu eta tuba jotzailea (Zumaia, Gipuzkoa, 1967).

«Animaliak gure abestietan», diozue Animaliak pieza luzean. Zer dute animaliek zuen musikan hainbeste eragiteko? Gogora dezagun: Big Boy elefante baten historiarekin hasi zen.

IÑIGO GARCIA: Ez dakit oso ondo zergatik, baina beti-beti azaltzen da animaliaren bat gure kantuetan. Big Boy elefante bat zen, eta Zapasalto diskoan ere animaliak agertzen ziren. Eta disko honetarako propio hartu ditugu animaliak oinarritzat, eta horrela osatu genuen diskoa.

Disko bat jasotzean, hura nolabait erregistratu eta halako etiketa musikal bat jartzea izaten da lehen egitekoa Badok-en. Zuena sailkatzeko zailtasun dezente izan da...

JUAN LUIS BLANCO: Hainbeste aldiz saiatu gara etiketatzen, baina inoiz asmatu ez. Diskoa aditu eta zuk esaten badidazu zer den, ba ondo, ni ez naiz-eta kapaz esateko. Eta gustatzen zait hori ere. Iruditzen zait ez daukagula inolako mugarik, edo libre sentitzen garela edozer gauza egiteko. Etiketa bat jartzen duzunean, pixka bat murrizten duzu bidea.

GARCIA: Nik esango nuke gaur egungo jendea jada ari dela animatzen. Garai batean taldeak gehiago identifikatzen ziren estilo batekin, eta hortik ezin zinen atera. Orain talde ausartagoak daude, konplexurik gabeak. Edozein musika estilo egiten dute, baita abesti bakarrean ere.

Hogei minutu luze den pieza bat kaleratu duzue, Animaliak izenekoa. Nola bururatu zitzaizuen, zer-eta ia dena kontsumo azkarrekoa eta single moldekoa den garai hauetan?

GARCIA: Haize kontra joatea gustatzen zaigulako? Izan daiteke erantzun bat, baina, ez dakit nola sortu zen ideia. Pentsatu genuen polita izan zitekeela kontzertu batean halako pieza bat hasi eta buka jotzea. Gero, abestia entzuten baduzu, izan daiteke abesti ezberdinez osatutako zerbait, bere trantsizioekin, bere zubiekin eta abarrekin. Baina erritmo hori ez galtzea da gakoa, nahiz eta gero trakeatzeko aukera eman. Ez dakit trakeatu esaten den… [barreak].

Zuen jardunaren kontu bereizgarri bat, dudarik gabe, umorea da. Umore surrealista esan daitekeena, euskal musiketan orain arte oso-oso gutxi ikusi eta entzuna. «Hozkailu bat putzu-zuloan, eta barruan Gaddafi jauna eta jamonyork pixka bat».

GARCIA: Guk entseguetan beti ondo pasatzen dugu. Oso rollo ona daukagu gure artean, eta beti barrez, eta ondo. Eta hori gure musikan islatzen da. Horretan ere eduki dugu zalantza, ez ote den zenbaitetan gehiegi... Umorearekin pasatzen bazara gainerako guztia jan dezake-eta. Ez dakit nola esan, guri ere musika gustatzen zaigula, alegia.

Aipatu duzu musikari balioa ematearena. Halako kale txaranga bat izan liteke zuena, baina sofistikatua. Zuetako asko Zumaiako Musika Bandako kideak zarete. Hor bi mundu uztartzen dira.

GARCIA: Bai, gutako batzuek haize instrumentuak jo izan ditugu herriko bandan. Beste batzuk rockeroak dira. Nik uste dut herri txikietan hori gertatzen dela, instrumentu bat jotzen duena talde askotatik igarotzen dela. Eta bai, gure taldean hori ere nabaritzen da.

Eta kale giroa? Europako Ekialdeko txarangen horrelako oihartzun bat ere izan dezake.

BLANCO: Izan liteke, igual instrumentazioagatik, haize instrumentu asko dagoelako kale giroan. Nik ez dut bandan jo, baina jo izan dut nire lagunekin kalean, gure txaranga partikularrean, inolako entsegurik gabe. Asko inprobisatzen dugu, kantuak momentuan ikasiz ia-ia, eta hori azkenean igarri egiten da.

GARCIA: Ez gara bereziki melomanoak, baina entzun ditugu Goran Bregovic eta halakoak, esaterako.

Hildako anonimoak ere atera duzue Miniboy hiruko moldean. Eta horrek, batetik, hamasei kantu dakartza, haietako asko labur-laburrak. Beste batzuk, berriz, Animaliak pieza luzean entzun daitezkeenak dira, beste molde batean. Eta berritasunik handiena, hiruko moldean grabatu duzuela. Nola irudikatzen dituzue zuzenekoak orain?

GARCIA: Ez dakigu, baina orain hasi da jada Jon [Jon Gartxi, taldeko abeslaria eta gitarra jotzailea] etortzen entseguetara. Orain gitarra ere badaukagu, eta, beti bezala, moldatuko dugu, moldatuko gara. Jon ez dago lehen bezala hain lotuta kanta eramatera, pixka bat askeago dago, eta beste zera bat, beste itxura bat hartzen ari da. Abesti berberak, segun nola antolatzen duzun taldea, kolore bat edo beste hartzen du, eta orain ari gara hori guztia pentsatzen. Orain zein izen hartuko du taldeak kontzertuetarako? Agian Miniboy eta Berpiztuak izango gara [barreak].

Haize atalak zuenean duen garrantzia eta indarra ikusita, gauza berezi bat: jotzen dituzue tronboia, tuba, eta bonbardinoa ere bai. Baina ez dago saxorik, ez dago tronpetarik…

GARCIA: Zatiren batean tronboiak nik jotzen ditut. Tronboi tenorra da ezagunena, eta gero tronboi sopranoa dago. Eta tronboi sopranoak badauka tronpetaren tinbrea. Biak jotzen ditut, eta horrek jokoa ematen du: aberastasuna ematen dio kantuari. Era berean, haize atal hori ez da gurean euskal popean eta rockean ohikoa izan den haize atalaren tankerakoa. Haizeak gurean daukan rola da melodia eramatea. Guk ez dugu abesten, errezitatu-edo egiten dugu, edo ez dakit nola deitu dakiokeen horri: oihu egin. Eta, hartara, melodiak haizeak gidatzen ditu.

Zuen bandcampean irakurria: «Miniboy taldeak osatutako disko eder, alai eta zoragarria». Eta badago Poza izeneko kantua ere. Zer da pieza hau zuentzat?

BLANCO: Nahiko sinpleak gara izenburuak jartzen. Adibidez, Poza. Bada, guri poza transmititzen zigun. Beste bat dago Gogorra izenekoa, eta nahiko gogorra da. Gero beste batzuk nola edo hala izendatu behar izan ditugu. Oraindik askotan ez gara akordatzen kantu bakoitzaren izenburuarekin. Entseguetara joaten gara, eta galdezka hasten gara: «Hau zein da?».

A ALA B

Euskarri fisikoa ala streaming-a?

GARCIA: Fisikoa.

BLANCO: Nik ere bai. Nahiz eta oso ohituta gauden streaming-ean entzutera.

Areto txiki bat ala jaialdi handi bat?

 

GARCIA: Txikia.

BLANCO: Txikia, bai.

Autotunea. Bai ala ez?

 

GARCIA: Zergatik ez?

BLANCO: Ez dakit, guretzat igual ez.

Baina folklorea bai ala ez?

GARCIA: Bai, hori ere bai.

Ez Dok Amairu ala Euskal Rock Erradikala?

GARCIA: Bai bata eta bai bestea, baina folklorizatu gabe, biekin gertatu baita hori pixka bat. Eta, are, hortik kanpo gelditzen diren proposamen interesgarri asko egon da garai horietan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA