Modan jarri da. Biziki dago modan. Joera da. Trending topic osoa. Sasi-intelektualen artean. Jainkoek sasiko jakiundez busti dituztela sinesten dutenek antolaturiko ustezko jardunaldietan aldarrikatzen dute ozen, aho batez. Aho betez.
Antza, horiek guztiek laudatzen duten eta laudatuko duten zinema mota bakarra zeluloide motela da, eta geldoa ontzat hartuko duten plano bakarra. Ba omen dute beta gaur egungo bizimodu bizkorretik ezkutatzeko, deskantsatzeko. Haien esanetan, haien apaingarri askoko hitzetan, abiadura urriko zinema horretan aurkitzen dute beren arimarekin harreman isilean egoteko parada.
Trending topic erabatekoa. Arkanbele kanta balitz bezala errepikatzen dute mikrofono bat irekitzen dieten bakoitzean, ordenagailuan word dokumentu berri zuria bilatzen dutenero. Serio esan. Pontifikatu ere, Fast &Furious joerakoak garenoi txarto begiratuz. Boteprontoan badirudi zeluloide astitsuez bestelako guztiek ez dutela balio.
Existitzen dira, eskerrak, mundua pixkatxo bat geldiarazteko mugimendu politak: Slow Food, Slow Fashion, Slow Life… Politak oso. Indartuz gero bareago egingo genuke, planetarekin batera, geure barruko errotazioa.
Baina kontuz, arren! Slow mugimenduen alde izateak ez du esan nahi merezi duen zinema bakarra aurrera makal jotzen duena denik. Nahiz eta burgoi saldo zikinak kontrakoa islatu nahi. Badira deus balio ez duten film bareak, ez etorri niri komeria zoroekin. Are gutxiago orain, aspaldian ikasia baitute zonbiek korrika. Bai telesailetan bai pantaila handietan, 28 Years Later: The Bone Temple-ren antzeko film ikaragarriek frogatzen duten bezala.
Harroxko, gainetik begiratuz, ea hurbil plano esanguratsuekin akordatzen zaren galdetzen dizute helmugako zuzenean ere azeleragailua zapaltzen ez duten triste horiek. Isil-isilean gordetzen duzu zure baitan ederki dakizuna, alderdikoi polarizatu horiei sekula kontatuko ez diezuna… 1987ko The Whales of August-en Bette Davisek eta Lilian Gishek kamera eta pantaila partekatu zituzten. Gish andre txit gorena zinemaren jaiotzearen lekukoa izan zen gaztaroan, garaiko aitzindarien filmetan esku hartuz. Davis handiari Miss Lilian ondoan izatean zer sentitzen ote zen galdetu zioten, eta berak honela erantzun: «Zer sentituko dut ba? Errespetua. Ez ahaztu berarentzat sortu zuela plano hurbila D.W Griffithek!».
Abiadura Handiko Zinemaren zaleok maite ditugu hainbat eta hainbat zeluloide pusketa motel, baina guk erritmo biziko planoetan deskantsua hartzen badakigu. Eta gainera, nork nahi du atseden hartu aretoan?
Abiadura Handiko Zinemaren zaleok maite ditugu hainbat eta hainbat zeluloide pusketa motel, baina guk erritmo biziko planoetan deskantsua hartzen badakigu. Eta gainera, nork nahi du atseden hartu aretoan? Fassbinderrek esanda, «hil eta gero egingo dut lo». Bai, jauna. Lo eta amets. Eternala, infinituak.
Slow Kinoren alde agertzen diren orojakile petral horiek ezingo dute inoiz segidako bi film berdingabe hauekin gozatu, biak atsedenik hartzen ez duten kamerek filmatuak baitira. Alde batetik, Oscarretarako 13 izendapen jaso dituen Paul Thomas Andersonen One Battle After Another, egun Iparraldean indarrean den Premiere Max plataforman 14 euroren truke eros daitekeena (apirilean jarriko dute alokairuan). Azkar ibiltzen direnen kuadrillako denok dakigunez, hain arraro, ezkutuko, bitxi, ero, konparatu ezinezko eta pantailara moldakaitza (omen) den Pynchon idazle mitikoari bere izkribu zati bat baino gehiago eta pertsonaia hamaika lapurtu dizkio zabal-zabal, lañoki eta zintzo demonio Paulek. Sartu zituen kokteleran, eta hamar urte igaro eta gero, deskantsurik hartzen ez duen filma eratu, eraiki. Nork nahiko luke plano geldorik aldapa gainaldez gainalde, malda behealdez behealde, bata bestearen atzetik abiadura osoan, elkar akabatzeko desioz gainezka, doazen hiru kotxek osaturiko sekuentzia baduzu? Hiltzen garenean egingo dugu lo, lagunok!
Aipatuko dizuedan bigarren filmak arnasestuka garamatza Taipeiko gaueko merkatura. Premiere Max-en duzue Iparraldean. Hegoaldean, aretoetan: Left Handed Girl. Pareko gutxi duen Taiwanen jaio eta Amerikako Estatu Batuetako zine independentean finkatu den Shih-ching Tsou emakume sortzaile fin-finak bideratua, filma umore gaziz da tindatua. Zaila da bizitza hiru protagonistentzat, baina aurrera egin baietz. Gure konplizitatearekin.
Bai, konplize hutsak gara. Nola ez? Deskantsua zer den ez dakien Sean Bakerrek, hots, Anora-ren egileak, parte hartu izan du gidoi eta ekoizpen kontuetan, muntaketaren ardura hartuz. Erreala, naturala, ohiko zinema kamerek berezko dutena baino belozidade biziagoa hartzen duten mugikorrez filmatua, kulebroi benetakoak begiko ditugunok pozez eta energiaz betetzen gaitu. Baina, jakina, slow, oso slow, slowegi mugitzen den zinemaren aldekoek ez gaituzte ulertuko. Beharrik ere ez. Asko gara. Demonio eta zonbi korrikalariak adina.
