Ingalaterra, 1485. Erregetzara iristeko Bi Arrosen Gerraren azken kapituluetako bat idaztear dira Lancasterreko eta Yorkeko etxeak, Boswortheko gudu zelaian. Borrokaldian, zalditik erori da Rikardo III.a erregea, eta, bere burua etsaiek inguratuta ikusita, bere azken hitzak oihukatu ditu: «Zaldi bat! Zaldi bat! Nire erresuma zaldi baten truke!». William Shakespeareren Richard III antzezlaneko esaldia gaur egunera arte heldu da; antzezlana bera, baina, Euskal Herrian ez dela horren ezaguna uste du Eneritz Artetxe antzerkilariak. Bada, obra hori oinarri hartu, eta orainaldiz jantzi dute Dxusturi Teatroa eta Horman Poster konpainiek. Etzi estreinatuko dute Rikardo III eta ni antzezlana, Donostiako Gazteszenan. Eta hiltzear den erregearen azken hitzak euskaraz entzungo dira.
Bi konpainiek elkar hartuta sortu dute obra, Igor de Quadraren zuzendaritzapean. Artetxek osatu du dramaturgia, eta antzezle lanetan ere ariko da, Leire Ucha eta Ion Zumelagarekin batera. Taula gainean Pette Jaragoihen dantzari eta musikaria ere agertuko da tarteka, zamaltzainaren rolean. Eta lauren artean, kontakizun klasikoari gaur egungo begiekin begiratzen dion istorio bat kontatuko dute. Izan ere, Shakespeareren zale amorratuak diren eta haren obraren eszenaratzea prestatzen ari diren hiru aktoreren rolak jokatzen dituzte antzezleek, baita idazlearen testuan agertzen diren beste hainbatenak ere. Obra klasikoaren txatalak eszena berriekin nahasian doaz, hala, antzezlan berrian. Xabi Paya arduratu da jatorrizko testu txatal horiek euskarara ekartzeaz.
Artetxek azaldu du betidanik izan dela Shakespeareren zalea, eta, De Quadrak haren obra bati heltzeko proposamena egin zionean, testuen artean arakatzen hasi, eta Rikardo III.aren istoriora iritsi zirela. «Nik ez nuen ezagutzen, eta konturatu nintzen Euskal Herrian ere ez zela ezaguna. Baina irakurri, eta harrituta geratu nintzen, hain da modernoa hainbat aldetatik. Bere lehen lanetako bat da, eta lar konplexua ulertzeko —gero joango zen bere dramaturgia fintzen—, baina sekulako aurkikuntzak daude hor, eta segituan harrapatu ninduen».
Idazleak hizkuntzarekin sortutako jolasek eta irudiek ez ezik, Rikardo III.aren pertsonaia «psikopata makiaveliko liluragarriak» katigatu zuen Artetxe. «Maltzurkeriaren arketipo itzel bat da; hain da abila berbetan, denak sartzen baititu poltsikoan, bai bere biktimak, baita publikoa ere. Oso azkarra da, eta gaiztakeria handienak egiteko erabiltzen du inteligentzia hori».
Shakespeareren obran hainbat dira krudelkeriari, herritarren iritzia manipulatzeari nahiz indarkeria matxistari buruzko pasarteak —azken horien gainean soilik beste antzezlan bat egin litekeela dio Artetxek—. Alde horretatik, «aktualitate handiko» gaiak lantzen dituela iritzi dio, eta baduela antzekotasunik egungo politika neoliberalarekin. «Gai asko aipa litezke, baina bat da boterearen mekanismoak ordutik gaur egunera ez direla hainbeste aldatu, bereziki jendearen manipulazioari dagokionez. Rikardo III.a kendu eta beste agintari bat ipintzen duzu, eta botere mekanismo berak ikusten dituzu, manipulazio estrategia berak».
«Rikardo III.a kendu eta beste agintari bat ipintzen duzu, eta botere mekanismo berak ikusten dituzu»
ENERITZ ARTETXE Antzerkilaria
Halaber, boterera iristeko «enpatia edo moralik ezak» duen pisua ere ageri da obran, erregeari amaiera aldera baizik ez baitzaio bere ekintzen gaineko zalantza pizten. «Hainbat galdera jartzen ditu mahai gainean: Dena da zilegi boterera iristeko? Edo zalantza uneek irekitzen dute enpatiarako tarte bat? Zalantzak egiten gaitu gizaki?».
Inprobisatzeko prest
Zenbait testu idatzi zituen Artetxek, eta hainbat gairen gainean inprobisatzen hasi ziren lantaldeko kideak. Hain zuzen, sorkuntza prozesuan Shakespeareren obraren inguruan izandako elkarrizketek eman zieten bilatzen zuten haria, ez baitzuten beren lana egitura zurrun batean kabiarazi nahi. Solasaldi txatalak josi ahala jabetu ziren polita izan zitekeela hiru antzezleen hausnarketen gaineko kontakizuna sortzea.
Ideia horri erantzuten dio eszenografiak ere, kartoia erabiliz egin baitituzte beharrezko elementuak —zaldia, ezpatak, Londresko dorrea, Rikardoren koroa...—, «etxean egindakoaren estetika» ematearren.

Prozesu luzea eta korapilatsua izan dela esan du Artetxek, baina hainbat erakunderen babesa jaso izana eskertu du, hala Euskal Hirigune Elkargoarena eta Eusko Jaurlaritzarena, nola egonaldiak egiteko aukera eman dieten aretoena —Luhusokoa eta Miarritzekoa (Lapurdi), Gernikakoa, Durangokoa eta Zornotzakoa (Bizkaia)—. Gazteszenan ere lanean ari dira egunotan, etziko estreinaldiari begira.
Eta ondotik, beste emanaldi batzuk ere egingo dituzte. Hilaren 14an Azpeitian (Gipuzkoa) ariko dira, Euskal Antzerki Topaketetan; heldu den urteko urtarrilaren 14an eta 15ean, Bilboko Arriaga antzokian; otsailaren 20an, Andoainen (Gipuzkoa), eta 21ean, Gernikan; eta apirilaren 24an, Basaurin (Bizkaia). Apirilaren amaieran, gainera, Norvegian ere erakutsiko dute obra, hizkuntza gutxituak protagonista dituen jaialdi batean.