Alaine Agirre. Idazlea

«Oraingo honetan ez dut idatzi konpultsiboki, botaka eginez»

J. URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Andoain
2016ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Idazle gaztea izanagatik, bi nobela plazaratuak dauzka Alaine Agirrek (Bermeo, Bizkaia, 1990): Odol mamituak (2014, Elkar) eta X hil da (2015, Elkar). Erabat ezustean, «zaplazteko bat balitz bezala» jaso du Joseba Jaka literatur beka berria. Ama eta alaba baten harremana ardatz harturik, familiaren eta amatasunaren inguruko gogoetak mamitu nahi ditu proiektu saritu berrian. Lehen zirriborroa egina dauka, eta berridazketa lana dagokio orain.

«Sentimendu eta kezka intimoenak gorpuzteko gaitasuna» aitortu dizu epaimahaiak. Zure aurreko bi lanez ere gauza bertsuak nabarmendu ziren.

Proiektua bukatu dut, eta orain buruan daukat dena. Esan liteke honekin ziklo bat amaitzen dudala, bai idazteko gaietan eta bai estiloan. Odol mamituak, X hil da eta azken honek trilogia moduko bat osatuko lukete. Beste proiektutxo bat ere badaukat esku artean, eta hura ere hauekin lotuta, baina ez dakit argitaratuko den. Gorputzaren presentziak batzen ditu lanok; gorputza oso ageriko dago, eta, nola ez, sentimenduena ere bai, denetariko sentimenduena.

Eta zertan bereizten da aurreko bietatik?

Teknika eta tonuaren aldetik antzekoak izan arren, uste dut fokua urrunago jarri dudala. Zergatik? Batetik, uste dut eta espero dut beste heldutasun batekin ari naizela idazten, horrela bizi dudalako dena egun, beste heldutasun batekin. Beti nahastu dut errealitatea fikzioarekin, eta fikzioa errealitatearekin, eta baita elkarrizketetan gezurrak esan ere [barreak]. Proiektu berriko gaia ama-alaben arteko harremana da, familia sistematzat hartuta, betiere. Familia barruko korapiloak deskorapilatzen eta tentsioak leuntzen saiatu naiz idazketarekin. Eta, gero, amatasunaren inguruko gogoeta bat: zer zalantza, ikara, ilusio eragiten dizkidan...

Oso aurreratua daukazu proiektua?

Lehen zirriborroa nahiko aurreratua dago, eta dena daukat buruan. Beste desberdintasun bat da ez dudala idatzi konpultsiboki, botaka eginez bezala. Lasaitasunarekin idatzi dut. Nire parrandak ere bota ditut idazten, 0,0 garagardoarekin eta zigarretekin, eta, nola ez, Anari, Napoka Iria, Izaki Gardenak entzunez, eta ingelesezko betikoak Janis [Joplin], Bob [Dylan], Lou [Reed] entzunez...

Zer da egiteko geratzen zaizuna?

Lehen zirriborroa nahiko aurreratua daukat, baina edizio lanerako gogo berezia daukat oraingoan, X hil da liburuarekin izan ez dudana. Berridazteko gogoa daukat, distira ateratzekoa, edo fintzekoa, behinik behin.

Idazketa bokazioa indartzeko balioko dizu sari honek?

Liburuan idazten dut nola txikitatik egon naizen idazle izatera kondenatua, onerako zein txarrerako. Sari gabe ere aurkeztuko nuen proiektua baina...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.