Orbainean sakontzeko

Orbain kultur elkartea aurkeztu dute Gasteizen.Punk-rockaren ondare kultural, politiko eta soziala aztertu eta bultzatzea du xede elkarteak

aitor biain
Gasteiz
2016ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Punk-rock musikak Euskal Herrian utzitako marka ez da nolanahikoa. Musikaz harago sortutako mugimenduak eragin nabarmena izan zuen gizartean, eta baita bestelako arloetan ere. Hain zuzen, hori bera aztertu eta bultzatuko duen elkartea antolatu dute Gasteizen. Orbain Kultur Elkarteak punk, rock eta, oro har, «musika alternatiboaren» azterketa, kontserbazioa eta hedapena bultzatuko baitu aurrerantzean, eta baita Euskal Herrian mugimenduak dituen baldintza historiko eta kulturalak ere. Era berean, Gasteizko kulturari ere «beste bultzada bat» emango dio, elkartearen sortzaileek adierazi dutenez.

«Gasteiz ez litzateke gaur egun den bezalakoa izango Esto saldrá bien,Lola eta halako ereserkirik gabe», adierazi du Ana Andino elkarteko bozeramaileak. Izan ere, mugimenduak hirian utzitako orbaina nabarmena izan arren, «oharkabean» pasatzen da sarritan, Andinok nabarmendu duenez. «Inork ez du zalantzan jartzen Alfredo Donnayk eta Sebastian Iradierrek egindako ekarpena, baina Euskal Herrian, oro har, eta Gasteizen, zehazki, ahaztu egiten da mugimendu inkonformista honek egin duen eta egun egiten duen ekarpena».

Hori dela eta, Donnayk eta Iraiderrek aitortza merezi duten modu berean, Hertzainak eta Cicatriz taldeei ere zor zaiela adierazi dute. Eta, hain zuzen, hori izango du elkarteak helburu aurrerantzean. «Eskorbuto, RIP eta La Polla Recordsek utzitako ondare kultural, politiko eta soziala aztertzera eta sakontzera gatoz, bai. Cicatriz, Cock Sparrer, Sex Pistols, Potato eta Ramonesek utzi zigutenarekin zirrara sentitzen jarraitzen dugulako». Hala ere, punk-rockaz gain, metal, dead metal eta heavy musika ere aztertuko dute, azaldu dutenez.

Bada, kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak, jardunaldiak eta bestelakoak antolatuko ditu Orbain elkarteak Bruno Vilareal kalean duen egoitzan, «autogestioan eta autosufizientzian», betiere. Hori horrela, datozen hilabeteetarako ekintzak zehaztuak dituzte dagoeneko. Besteak beste, AR LA kolektiboaren erakusketa izango da ikusgai martxoan, esaterako, eta Red Iron Squad eta Carne de Subsidio Gasteizko taldeen kontzertuak. Aurrerago izango da, bestalde, Mundina, Luz Roja kolektiboa, Ilargi Arana, Mikel Cthulhu eta Juan Antonio Cortes Juanillo-ren lanak bertatik bertara ikusteko aukera.

Bertakoari bultzada

Horrez gain, Lokal 0 proiektuaren berri ere eman du elkarteak. Gasteiz eta inguruko arte iniziatiben alde apustu egingo duen proiektua izango da. «Inguruan ditugun egitasmoei publikoan aurkezteko parada eskainiko dion plataforma bat da; ondo pasatzeko gune bat», adierazi du elkarteko bozeramaileak.

«Kontrakulturaren edozein adierazpen» batuko dituen plataforma bat izatea nahi dute: musikaz gain, erakusketak, antzerkiak, performaceak, emanaldiak eta bestelakoak bilduko dituena, alegia.

Egitasmoa, baina, ez da berria. Izan ere, antzeko helburuak dituzten proiektuak ere badira Gasteizen. Hala ere, Orbain elkarteak «zer eskainia» ere baduela-eta jarri dute martxan Lokal 0 proiektua. «Ohikoak diren egitasmoen aldean, Lokal 0 proiektua artisten eskura eta artistentzat izango den proiektu bat da», azaldu du Andinok.

Orbain kultur elkarteak «Gasteizko kulturari haize ufada fresko bat» eman nahi dio; «herritik eta herriarentzat izango den haize ufada bat». Bada, kulturan, musikan eta artean interesa duen ororentzat ateak zabalik izango dituzte ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan, 19:00etatik 23.00etara, egitasmoez gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.