Oreka TX taldeak Jaengo (Espainia) Etnosur nazioarteko musika jaialdian parte hartzeko gonbita bertan behera uztea erabaki du. Taldeak larunbatean kontzertua eman behar zuen, baina jaialdiak Baltasar Garzon epaile ohia saritzea erabaki du egun berean, eta txalapartariek jaialdian parte hartzeari uko egin diote.
Jaialdiko zuzendariak urtero eskaintzen du musikari, literaturari eta kazetaritzari lotutako profesional eta erakundeei zuzendutako Etnosur sari berezia. Aurten, Garzon epailea omentzea erabaki dute, giza eskubideen inguruan epaile ohiak egindako ibilbidea saritzeko. Oreka TX ez dago ados sariarekin, eta taldekideek protesta egiteko egin diote uko kontzertuari: «Epaile honek giza eskubideen inguruan Euskal Herrian erakutsitako jarreraren inguruko iritzia helarazi diegu jaialdiko antolatzaileei».
Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalaparta jotzaileek ilusioa zuten Jaengo jaialdian parte hartzeko. Iaz ere gonbidatu zituzten, baina agenda arazoengatik ezin izan zuten bertan parte hartu. Oreka TXko taldekideen esanetan, larunbateko kontzertua eskaintzeko «ilusio berezia» zuten: «Gonbidatu bereziekin osatu behar genuen kontzertua. Besteak beste, Mongoliako Zolzaya Boldbaatar eta Saharako Aziza Brahim kantariekin aritzekoak ginen».
Oreka TXk ez du joko Etnosurren, Baltasar Garzon sarituko dutelako
Larunbatean Jaenen kontzertua eman behar zuen taldeak, Zolzaya Boldbaatar eta Aziza Brahim kantariekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu