Orchestre des Champs-Elysees
Zuzendaria: Philippe Herreweghe. Egitaraua: L. V. Beethovenen 5. eta 6. sinfoniak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: urriaren 22a.
Duela bost hilabete Kursaalera egin zuten bisitan, Parisko orkestrak eta Philippe Herreweghe maisuak Beethovenen errepertorio sinfonikoan toki xumea duten 4. eta 6. sinfoniak eskaini zituzten. Pertzepzio arruntean gatzgabetzat har daitezkeen obrak izanik ere, argi geratu zen eskarmentuzko gidaritzak eta exekuzioan perfekzioa bilatzeko konpromisoak partitura zokoratuenei ere distira atera diezaieketela. Eta oraingoan, Bonneko gizaki muturbeltz zoragarri horren sinfonia arras ezagunekin zuzenean ireki zitzaizkigun pieza orbangabeak leuntzeko eta fintzeko bideak.
Egun, normalena da orkestra sinfonikoek egungo instrumentuekin interpretatzea XVIII. mende erdialdetik aurrera idatzitako musika eta, hortaz, arrotza suertatu daiteke orkestra oso bat 1807. eta 1808. urteen artean idatzitako obrei instrumentu eta afinazio historikoekin ekitea. Baina, egiaz, zertxobait geroago hasi ziren metalezko instrumentuen berrikuntza teknikoak (hala nola pistoiak txertatzea, ikasketa prozesua errazteko) eta, gainera, asteazkeneko kontzertuaren ostean ukaezina da interpretazio historikoak berariazko goxotasun eta biguntasuna edo, hobe, harrotasun puntu bat ematen diola Beethovenen musikari.
Ukitu sotil hori izaera arras desberdina duten bi sinfonietan azaleratu zen, batez ere, baina ez soilik, haize sekzioan. Kutsu programatikoa duen 6. sinfonia Pastoral ederrean, alde batetik, biziki nabarmendu ziren lehen mugimenduan hariak, «sentimendu zoriontsuak pizten» diren une horretan bidaide; bestetik, Andante molto mosso zatian, bikain aritu ziren flautak eta oboea errekaren ondoko zelaiak koloreztatzen, txorien jolasaren isla, eta baita biolak eta biolontxeloak ere, haien parte hartze liriko eta guztiz finean. Bere aldetik, 5. sinfoniaren zama dramatikoak, batzuetan hain zorrotz aurkezten denak, ñabardura aberatsak hartu zituen. Orkestra osoaren jarduna goraipatu behar da, ez baita erraza ohiko partiturak ezohiko esperientzia estetiko bihurtzea, musika bera barrenetik gidatzen duen batuta parean.