David Rachet (Mont-de-Marsan, Okzitania, 1976) 15 urterekin hasi zen musikaz interesatzen. Baxoa Bordelen (Okzitania) eginik, Parisen segitu zuen musika ikasten. Ondotik, Lyongo Goi Kontserbatorioan (Frantzia) egon zen sei urtez, eta Baionan plantatu zen 2004an, orkestran aritzeko postua lortu baitzuen, lehiaketa bidez. Egun, kontserbatorioan aritzen da irakasten, eta, aldi berean, Iparraldeko Orkestraren zuzendaria da. 1975ean sortu zen orkestra, eta, 2017an Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik, haren kudeaketapean da. Orkestraren 50. urteurrena ospatu zuten iaz, eta egun Ipar Euskal Herriko «158 herrietara begira» jarri dela azpimarratu du, «garai hartan ez bezala».
Iparraldeko Orkestrak musika hedatzeko, transmititzeko eta partekatzeko xedea du. Xedea betetzen ari da?
Iparraldeko Orkestra izena hartu baino lehen, Baionako eta Kostaldeko Eskualde Orkestra deitzen ginen. Landowski planak ireki zion bidea orkestraren sorrerari, Frantziako Estatuaren deszentralizazio politiken karietara. Egun, aldiz, Iparraldeko Orkestra izena dugu, eta Ipar Euskal Herriko 158 herriei begira gaude. Herri ahalik eta gehienetara, heltzeko hiru formatutan banatu dugu orkestra: orkestra sinfonikoa dugu, alde batetik; bertzetik, formatu ttipiagoko orkestra, eta, azkenik, binazka ari diren orkestrako kideak antolatzen ditugu. Azken horiek eskoletara eta zahar etxeetara joaten dira, eta sekulako eragina dute, orkestra guzia sartzen ez den tokietara hel daitekeelako gure musika.
Teknikoki, nola egiten du orkestrak lurraldean barna erro dadin?
2023an zuzendari postua hartu nuelarik, musika kontserbatorioaren adar guzietako erreferenteekin bildu nintzen, eta ekintzak antolatu genituen lurraldean barna. Lehen urtean ez genuen sumatu eragin handirik, baina bigarren urtetik aitzina, aldiz, bai: argiki ikusi genuen proiektuak bere osotasunean funtzionatzen zuela. Erraterako, eskolek etengabe deitu gintuzten, ikusi izan dutelako gainerateko eskoletan eraginkorra zela.
Nolako esperientzia ekartzen dizue eskoletako eta zahar etxeetako ekintzek?
Biziki aberasgarria zaigu, eta balioa ematen dio gure lanari. Adibidez, Iholdiko musika gunera goazelarik eta haur bati orkestra ezagutarazteko parada irekitzen diogularik, sekulakoa iruditzen zaigu. Jendeari emozio anitz sortzen dizkiogu, eta jendeari eman bezainbertze emozio itzultzen digu horrek. Zahar etxeetan adinekoak negarrez ikusten ditugularik, biziki hunkigarria zaigu!

Bertzalde, Ipar Euskal Herriko herriekin ez ezik, Musikenerekin eta Lekuona Fabrikarekin ere baduzue partaidetza.
Lankidetza ederra dugu Errenteriakoekin [Gipuzkoa]. Kasu horretan, kontserbatorioa eta orkestra dira partaidetzaren barnean. Hara goaz gure misioen parte delako, baina oraino ere kontziente izan behar dugu lan egiteko manera desberdinak ditugula. Oro har, emanaldiak 19:00etan egin ohi dituzte; guk, berriz, 20:00etan. Bertzalde, Musikene kontserbatorioko ikasleak astelehenetik ortziralera ari dira, eta ez dute kontzerturik egiten aste hondarretan; guk, aldiz, bai. Lankidetzak aberasten gaitu, dudarik ez da: musika unibertsala da, bihotzak irekitzen ditu, eta on egiten digu gure kontzertuez gainera bertze zerbait egiteak.
Heldu diren urteei begira, zein dira orkestraren erronkak?
Benjamin Levy orkestra zuzendari berri izendatua izan da, eta buruilean hasiko da lanean. Aspaldi da Cannesko Orkestran, eta hara berritasuna eramatea lortu du. Beraz, pozten gara horrelako pertsona bat gurekin izanen dugulako. Heldu diren urteetako desafioei aurre egiteko pertsona ezin egokiagoa da, biziki profesionala baita.
Kultura arloan izan daitezkeen aitzinkontu murrizketei aurre egin beharko die zuzendari berriak?
Euskal Hirigune Elkargoaren kultur politika eskertzen dugu ez digulako momentuz deus murriztu eta garapenerako eskua luzatu digulako. Baina ezin dugu aurreikusi etorkizuna, eta kontziente gara departamenduak edo eskualdeak diru isurketak tinkatzen dituztela. Hala ere, nik konfiantza egiten diet lekuko politikei, eta uste dut segitu behar diegula konfiantza egiten. Guk dirua ukaiten dugu, baina, aldi berean, anitz ematen diegu haiei, eta konfiantza egiten diguten moduan guk ere konfiantza egin behar diegu. Ikusiko da geroa nola jinen den, baina konbentzitua naiz Ipar Euskal Herriak kultura emantzipatzailea behar duela, eta orkestrak horretan lagun dezake: harreman soziala bermatzen du, soziologikoki desberdina den jendea bildu nahi baitu.
«Lankidetzak aberasten gaitu, dudarik ez da: musika unibertsala da, bihotzak irekitzen ditu, eta on egiten digu gure kontzertuez gainera bertze zerbait egiteak»
Berritasunen artean, heldu den sasoiari begira zer azpimarratuko zenuke?
Ez da oraino dena finkatua, baina hasierako kontzertua zein Urtatsekoa momentu esanguratsuak izaten dira. Berritasunen artean, heldu den urtean orkestraren fabrika kontzeptua plantan emanen dugu. Azalpenekilako kontzertuak izanen dira, publikoak uler dezan jotzen dugun obraren historia. Bertzalde, orotariko estiloak landuko ditugu, ahal bezainbat jende hunkitzeko gakoa baita hori. Errate baterako, musika barrokoaren departamendua dago kontserbatorioan, eta urtero leku bat egiten diogu horri. Egitaraua musika tradizionalarekin ere josiko dugu, baita musika klasiko eta garaikidearekin ere.
Benjamin Attahiri harrera egin diozue egonaldi bat egin dezan. Berak sortu obrak aurkeztuko dituzue?
Garrantzitsua zaigu musika bizia egitea, eta hori jendearekin egiten da. Obra batzuk manatu dizkiogu, eta horrek aniztasun handiagoa ekarriko dio orkestrari. Beethoven eta Mozart jotzea bikaina da, baina musika garaikidea lantzea ere beharrezkoa da. Egonaldien bidez, lortzen dugu orkestra biziaraztea, talentu handiko pertsonekin.