Ordubete zeukan Jon Sarasua irakasle eta pentsalariak Kultur bizitzaren azterketa kualitatiboaren emaitzak, ondorioak eta proposamenak hitzaldia garatu ahal izateko. «Hortaz, mingainean kosk egiten jardungo dut, gure helburua delako kulturgintzaren begiratua, ikuspegi soziolinguistiko edo ekolinguistiko zabalago batean kokatzea», adierazi zuen hasi eta berehala. Baina ahobizarrik gabe mintzatu zen, eta gaiari heltzeko, esaterako, ondorengoa adierazi: «Azkenaldian, bost hamarraldiko zikloaren ondoren, euskalgintza oro har, eta euskaltasuna, ilunaldi, lausoaldi batean dago». Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko Sorguneak ikertegiaren «ahotsean» hitz egin zuen kulturgintza eta euskara lotuz, Soziolinguistika Klusterrak antolatutako V. jardunaldian.
«Lausoaldia» azaltzeko, Sarasuari iruditzen zaio erakunde publikoek daukatena baino «fundamentu gehiago» behar duela «gure» estrategiak. «Hiztun komunitatearen ikuspuntutik galdetu behar diogu geure buruari nolako erakundetze, ereite, hedapen edo kulturgintza estrategikoa nahi dugun. Eta ez naiz ari erakunde publikoen estrategiaz». Sarasuak «begiratu organikoa» dauka. «Eta, azkenaldian, pentsamendu organikoaren estrategiari dagokionez, gauza gutxitxo ikusten ditut». Ahalegina bi esparrutara begira egin behar dela uste du: «Batetik, erakunde publikoei begira, eta, bestetik, erakunde sozialei».
Baina «euskal kulturgintzaren sorkuntzaren ortzemugan» laino beltz batzuk ikusi zituen orain zortzi bat urte: «Ez euritik babesteko, ez eta euria ari zuen bitartean solastatzeko arkuperik ez geneukan». Beraz, «agora bat, eztabaida bat, transmisio bat» sortzeko nahiari bide egin zioten, «40 urteko esperientzia belaunaldi berriei erakutsi ahal izateko». Eta hurrengo pausoa, jakintza gune bat: «Lanketa, sorkuntza, transmisioa eta gizarte hedapena egingo duena, gure behar organiko horiei begira».
Hortik abiatu zen ikerketa. Horretarako, 127 pertsonarengana jo dute, eta saiatu dira «estrategia batzuk mamitzen». Sarasuak lanaren «aurre-markoa» aurkeztu zuen, atzo, aurren-aurrenik. Hiztun komunitateari eman zion garrantzia, «euskal kulturgintzari ikuspegi horretatik begiratu behar zaiolako». Eta horren garapenerako «ezinbestekoa» da «jakintza ekolinguistiko eta soziolinguistikoa». Euskararen «politizazioaz» asko hitz egiten da haren iritziz, «baina euskara sakonki politikoa da, sakonki polistikoa den neurrian». Izan ere, «euskara ez da esentzia bat, transmisioaren ondorioa baizik».
Ikerketaren oinarriak aipatzerakoan, berriz, esan zuen euskal kulturgintza dela hiztun komunitatearen «gasolina sinbolikoa» ekoizten duena: «Kulturgintzak elikatu du gure hiztun hautua». Hiztun hautua da, hain zuzen, «etorkizunerako gakoa», haren ustez. Eta hautu horretarako «motibazioak» aipatzerakoan, «balio itsatsiari» eman zion garrantzia: «'Zer biziarazten dit euskarak beste hizkuntza batek biziarazten ez didana?'. Balio itsatsirik gabe, erregai sinbolikorik gabe, agian, ez ginateke hemen egongo». Erakundeen kultur politikei dagokienez, «irizpide homologatuak» erabiltzen direla adierazi zuen. «Baina hizkuntza komunitateen dinamikak ulertzen dituen soziolinguistika ekolinguistika batetik baizik ezin daiteke pentsatu euskal kulturgintzaren biziberritzean».
Eta garaiotan, «gizarte eta teknologia aldaketek dakarten desafio eta aukera berrien aurrean», kulturgintzak «betaurreko bifokalak» behar ditu: «Batetik, urrutiko tendentziak ikusteko. Eta, bestetik, herri honen dinamika propio eta desberdinetan oinarritzeko». Izan ere, «gure zirkuituetan» daude «estrategia motorrak». Adibideak eman zituen: kuadrillak, elkarteak... «Gure soziologiako alderdi txiki horietan daude gure estrategiaren helduleku batzuk». Horiek dira, haren ustez, komunitatearen indarguneak: «Eta, gainera, badauzkagu komunitate ehuna sortzeko joera, eta gizarte kapital aberatsa». Baina ohartarazi zuen «hiritar estandarrak» ez garela. «Ahalegin normalizatzaileak, gainera, fikziozko normalizazio bat sortzen du, eta horrek ez digu uzten ikusten nondik ari den botila husten».
Beste indargune bat ere erabili zuen ahotan: ekosistema kontzeptuarena. «Euskal kulturgintzan arrakasta izan dutenak, ekosistema moduan antolatu dira». Bertsozale Elkartearen eredua jarri zuen: «Belaunaldien transmisioa egin dute, sustapena landu eta jakintza potentziatu. Gure kultur eremu gehienetan estrategia horiek aplika daitezke».
Behin «aurre-markoa» aurkeztuta, eta oinarriak jarrita, estrategiak plazaratu zituen. Hamar, guztira. Adibidez, kulturgintza gizarte erakundeek artikulatu beharko luketela adierazi zuen; «baina hau ez da instituzioen lana». Gainera, tokian tokiko konexioen sustapena ere izan zuen ahotan, «hezkuntza arautuarena», edo jakintza arloa «indartzearena», besteak beste. Halere, edozeren gainetik, ondoko hausnarketa egin zuen bukaera aldera. «Hizkuntz komunitatea sentsibilitate politiko batekin lerratzea hanka sartze handia litzateke». Ilunaldian jarraitzea.
«Oro har, ilunaldi estrategiko batean gaude»
Jon Sarasuak 'Kultur bizitzaren azterketa kualitatiboaren emaitzak, ondorioak eta proposamenak' aurkeztu dituKulturgintza euskararekin lotu dute V. Soziolinguistika Jardunaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu