Niri ere kostatzen zait begiratzea palestinarrek grabatutako irudiei. Ankerkeria erregistratzea eta zabaltzea eginbehar kolektibo bat da, baina lekukotasun izugarriak itsugarri ere bihurtzen dira azkenerako. Suntsipenaren frogak pilatzen ari zaizkigu, baina ezin dugu irudikatu bukaerarik, are gutxiago justiziarik. Ezin ditugu irudiok eraman, baina gurekin daramatzagu.
Londresko Forensic Architecture ikerketa taldeak Gazako genozidioaren eta ekozidioaren kartografia zehatz bat landu du, Israelek 2023ko urriaren 7az geroztik hango herritarren eta azpiegitura zibilen kontra egindako erasoak aztertuta. Oraingoz, ia bi mila eraso geolokalizatu eta analizatu dituzte, neurri handi batean sareetako irudiei esker; taldearen webguneko plataforma interaktiboan kontsultatu daiteke dena.
Forensic Architectureren diziplinarteko lanean dago zinema politiko garaikidea, inon egotekotan. Adibidez, Return to Al-Ma’in (Al-Ma’inera itzultzea) ikerketa kaleratu berrian. Ordu erdiko bideo batean erakutsi dute nola berreraiki duten digitalki hiru dimentsiotan Palestinako Al-Ma’in herrixka, zeina sionista paramilitarrek hustu eta suntsitu baitzuten 1948ko maiatzean, garai hartako mapen eta Salman Abu Sitta lekukoaren bitartez. Ordutik erbestean bizi izan da Abu Sitta, eta Palestinako artxiboak eta mapak dokumentatzeari eskaini dio bizitza. Haren lekukotza kokatuari esker, pantailan zertzen da Al-Ma’in, xehetasun osoz: zein bizi zen etxe bakoitzean, zer lantzen zuten soroetan, nolakoa zen eskolako patioko eukaliptoa, zenbat neurtzen zuten erretako etxeetatik irteten ziren ke adarrek. Desagerrarazitako mundu bat.
Proiektu horrek pelikula bat ekarri dit gogora: Michel Khleifik 1984an filmatutako Ma’loul tahtafilu bi damariha (Ma’loulek bere hondamena ospatzen du). Ma’loul Galileako herrixka bat zen; Nakban suntsitu zuten hura ere. Herritar batzuek Libanora ihes egin zuten, eta beste batzuek, Nazaretera. Harrezkero, herritar horiek baimena zuten beren herria zena bisitatzeko urtean behin, Israelen independentziaren egunean. Piknik bat egiten ageri dira filmean, inoiz abandonatu gabeko iragan haren hondakinen artean. Gainontzeko egunetan, mural batean dute Ma’loul, bere etxe eta zelaiekin, herritar desjabetuen oroimenak gidatutako pintzelkada sendoz pintatua.

Khleifi Nazareten jaio zen, 1950ean. Belgikara jo zuen 20 urte zituela, zinema ikastera, eta palestinarrei buruzko filmak egitera itzuli zen 1980ko hamarkadan. Haren belaunaldia ez da dagoeneko Palestina Askatzeko Erakundeari lotutako zinema militantearena, hurrengoa baizik, Israel eratu ondoren jaiotakoa, hanka bat barruan eta bestea kanpoan izan dutenena, Palestinako zinema politikaz ez ezik lirikaz ere jantzi, eta mundu osoko ikusleengana eraman zuten zinemagileena.
Nazioarteratze horren adibide garbia da Khleifiren lehen fikziozko lana, Urs al-jalil (Galileako ezteiak, 1987). Ezkontza bati buruzko istorioa da: palestinarren herri bateko mukhtar-ak —alkateak-edo— baimena eskatzen dio gobernadore militar israeldarrari semearen ezkontza handikiro ospatzeko, eta hark onartu, soldaduak ohorezko gonbidatu izatearen truke. Tentsio politiko biziko filma da —estreinatu eta urte erdira abiatu zen Lehen Intifada—, baina ez tentsio kultural eta sexual gutxiagokoa. Jean-Luc Godardek esana da israeldarrek fikzioa dutela eta palestinarrek, berriz, dokumentala. Saihetsezina dirudi, Khleifiren filma ere sentibera da fikzioaren bazterretan gertatzen denarekin: senar-emaztegaiak janzteko errituak, ezkontzako kantuak eta dantzak, haurren korrikaldiak gari soro eta olibadi artean, ezkutuko maite jolasak, mugarik ezagutzen ez duen zaldiaren ihesa. Desagertzeko arriskuan zegoen mundu bat.
Irudi guztiak dira desagerpen baten arrastoak, denek dute berreskuraezina den zerbait. Eta denei egin beharko diegu leku bat historian eta gure oroimenean
Cannesko Zuzendarien Hamabostaldian estreinatu eta gero, filmak Donostiako Zinemaldian parte hartu zuen, baita Urrezko Maskorra irabazi ere. Antton Ezeiza eta Ingrid Thulin epaimahaikideek eman zioten garaikurra Khleifiri. Ez dirudi arrasto handirik utzi zuenik: epaimahaiak ez zuen saria justifikatu —beste batzuk bai, ordea—, kritikariek epeltzat jo zuten, eta ez zen iritsi zinema aretoetara. Belgikako Zinematekak orain urte gutxi berritutako kopia digital zoragarri batean ikusi dut nik.
Irudi guztiak dira desagerpen baten arrastoak, denek dute berreskuraezina den zerbait. Eta denei egin beharko diegu leku bat historian eta gure oroimenean, suntsitutako munduak berreraikiz, ahaztutako kontuak berrituz eta suntsipenaren frogak pilatuz. Zentzu bat eman beharko diegu irudien produkzioari eta zirkulazioari. Agian haien atzean aurkituko dugu beste mundu bat irudikatzen lagunduko digun keinu humanoren bat.