RUT OLABARRIA
Rekalde aretoan sartzeko pasabide luzeak, badu zerbait ez-lekuetatik: kontaerarik gabeko zerbait da, leku batetik besterako trantsizioan ahazten dugun gunea nolabait. Horri gehitzen zaio espazioaren sarreran izaera neutroa, apala, aretoak biltzen dituen piezen proiekzioa uzkurtu nahi ez duena.Â
Gaurkoan, erakusketa espazioan sartzeko pasabidea zeharkatu ahala, aretoaren nortasun horrekin kontrastatzen duen zerbait identifikatu dut, txotxongilo antzerki baten kaxa erraldoia gogorarazten didana. Beste errealitate bateranzko sarbidea gogorarazten dit hark, moduren batean dimentsio paralelo bat irudikatuko balu bezala. Izan ere, aretoaren horma gordinean ehunez egindako teloi handi bat dago, kolorez, figuraz  eta hainbat testuraz apaindua, patchwork monumental bat izango balitz bezala.
Rut Olabarriren erakusketa da hau, Trukatua eta inperfektua, eta izenak iradokitzen duen bezala, artistak bere haurtzaroko memoria zatikatua berreraikitzeko saiakera egiten du. Olabarrik Torrontegi hotelean igaro zuen haurtzaroa, bere familiak han lan egiten zuelako. Horrek, erakusketaren eskuorrian azaltzen denez, egunerokotasun arruntetik urrun zeuden irudi eta egoerak normalizatzea ekarri zion: bidaiari etengabekoak, bazkariak eta zerbitzu uneak, botoiak eta arropak, jende bitxia, atzerritarrak… Unibertso bereziki heterogeneo hark markatu zuen haren begirada, eta erakusketan zehar iruditeria hori agertzen da, tokiz aldatuta eta gaur egungo distantziatik berrikusita.
Teloia zeharkatu eta kutxaren barnealdean kokatzen naiz, eta orduan bai haur horren oroitzapenen barnean nagoela sentitzen dut. Ez dago erakusketa aretorik, oihal koloretsuz osatutako hall bat baizik. Mahai bat dago bertan josita, dotore jantzitako gizon batzuk ere bai, edo hainbat ganderailu silueta. Ezer ez da perfektua han, eta inperfekzio horrek aditzera ematen du espazioaren onirikotasuna: egunerokotasunetik kanpo memoria ariketa bat egiteko saiakeran eraikitzen dugun horren simulazioa, alegia.Â
Baina ariketa hori ez da hall horretan agortzen; hasiera besterik ez da. Ondoko atetik igarotzean, erakusketa espazio tradizionalago baten antza duen gune batera heltzen naiz, nahiz eta atmosferak aurrekoaren jarraipena egin. Testuingurua aldatzen bada ere, memoriaren ariketa horrek bere horretan jarraitzen du.
Hainbat pertsonaia ageri dira espazioan zehar, hasierako oihalen barrualdetik irten eta erakusketa gunea bera okupatzen dutenak. Horietako bat Alizia herrialde miresgarrian liburuko eszena baten berrinterpretazioa da. Emakumezko ezberdinen erretratuen multzoa da beste adibide bat. Aurpegietan errealismo zehatza mantentzen den arren, gorputz adarrek irudi hori hausten dute eta itxuraren koherentzia pitzatzen dute, zatiketaren edo desitxuratzearen bidez.
Hor dago erakusketaren gakoa. Zeramika, pintura, instalazio eta ikus-entzunezkoetan behin eta berriro agertzen den tentsioa nabarmentzen da, izan zenaren eta inoiz izan ez zenaren arteko mugan etengabe mugitzen den iruditeria sortuz. Halaber, tentsio horrek ikuslearen inplikazio aktiboa eskatzen du, memoria zatiek ere gure oroitzapenekin eta iruditeriekin konektatzeko aukera ematen baitute. Hots, formak, irudiak eta itzalek funtzio propioa garatzen dute, bilakaera horretan, ikuslea pieza bakoitzaren intraistoriora erakarriz.Â
Mostran ez dago pieza jakin baten inguruan antolatutako ibilbide linealik; aitzitik, pieza bakoitzaren arteko loturek eta tentsioek gidatzen dute esperientzia. Une batzuetan, instalazioen tamaina handiek espazioa moldatzen dute, eta ikuslearen koreografia antolatu; eta, beste batzuetan instalazio handien barnean kokatutako ezkutuko informazioak makurtzera, gerturatzera edota instalazioak hainbat aldiz inguratzera bideratzen gaituzte.
Erakusketaren azkenengo eremura iristean, hasierako hallera iristen gara berriz ere, eta espazioak berak geldialdi moduko bat eskatzen du. Hala, ibilbide osoan jasotako irudien eta presentzien aztarnak gorputzean pausatzen zaizkit eta, une batez, Rekaldeko pasabide luze hartara itzultzen naiz; trantsizioaren logikan, ezabatzen eta berreraikitzen diren oroitzapenen antzera.