Musika

Ortodoxiaren aurkako oharrak

Raul Refree musikari eta ekoizleak sorkuntzari buruz duen ikuspegia bildu du saiakera batean. Horrekin batera, ikuspegi horren erakusgarri den disko bat ere kaleratu du Niño de Elche abeslariarekin: ‘Cru+es’

Raul Refree. ALEX RADEMAKERS / EFE
Raul Refree. ALEX RADEMAKERS / EFE
Inigo Astiz
2025eko abenduaren 14a
06:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carles Santos piano jotzaile katalanak urteak eman zituen kontserbatorioan, eta, teknika bikaineko musikaria izanik, adituek ia ziurtzat jotzen zuten nazioarteko musika klasikoko solista nagusien artean egongo zela. Ordea, Joan Brossa poeta ezagutu, eta orduan hasi zen haren ibilbide akademikoa sorkuntzarantz bihurritzen. Eta, hain zuzen ere, anekdota hori baliatu du Raul Refree musikari eta ekoizle katalanak sorkuntza nola ulertzen duen ilustratzeko. Bizitza osoa darama musikagintzan, eta, ikusgarria ez ezik, ia kontraesanezkoa ere bada ekoitzi dituen artisten zerrenda ere. Haien artean dira, besteak beste, Silvia Perez Cruz, Rosalia, Rodrigo Cuevas, C. Tangana, Kiko Veneno, Gianna Nannini eta Sonic Youth taldearen sortzaile izandako Lee Ranaldo ere. Egunotan eman du argitara Niño de Elche abeslariarekin batera sortutako Cru+es diskoa (Sony), eta sorkuntzari buruzko bere irudipenak biltzen dituen saiakera bat ere kaleratu berri du Debate argitaletxearekin: Cuando todo encaja. Apuntes sobre creatividad. Eta, hain zuzen, horrekin lotuta dago Santosen eta Brossaren arteko anekdota. Refreek kontatzen duenez, Johann Sebastian Bachen musikan oinarritutako emanaldi bikain baten ostean, hantxe hurbildu zitzaion Brossa Santosi, eta zera esan: «Oso ongi, Carles, jadanik badakizu pianoa jotzen, eta orain zer?». Eta galdera horrek laburbiltzen du Refreek musika ulertzeko duen modua.

«Ez al da ironikoa soinua sortzea bezain ekintza zaharra —giza komunikazioaren lehen formetako bat, ziurrenik— halako eredu mugatzailean kapsulatuta gelditu izana?». Refreeri mugatzailea begitantzen zaio gaur egun musika eta sorkuntza ulertzeko ohiko eredua, eta, horregatik, eredu horren mugekin izandako barne borrokaldien lekukotza moduko bat ere bada liburua.

Musikariaren ustez, intuizioa da musikariaren tresnarik garrantzitsuena. Haren aldeko defentsa etengabea da lana, preseski. Baita saio horretan huts egin behar bada ere. «Erosoago zaigu jendearen epaiari izkin egitea, eta horregatik bihurtzen gara azkenerako lurralde seguru batean bizi diren izaki planoak. Baina guztiagatik etengabeko lehian ari garenean, huts egiteak galtzea esan nahi du; beraz, hobe da nork bere atea hutsean utziko duela ziurtatzen duen defentsa bat». Eta, hain justu, kontrakoa da Refreeren jarrera. Heterodoxiaraino eraman du horrek behin baino gehiagotan, eta, liburuan kontatzen duenez, konplexurik gabe onartzen du hori.

Existentziaren mugetan

Niño de Elche abeslariarekin kaleratu berri duen diskoa ere bada horren erakusle. Urteak daramatza Refreek harekin elkarlanean. Badituzte elkarrekin grabatutako hainbat lan, eta konplizitate horren emaitza da Cru+es diskoa (Sony). Heriotzaren eta bizitzaren arteko muga estuan bertan kokatu nahi izan dute lana bi artistek, eta transzendentzia egarri moduko bat darie, horregatik, diskoa osatzen duten hamar kantuei. Hauskortasunik intimoenetik muturreko sendotasunerako ñabardura guztiak hartzen ditu flamenko abeslariaren ahotsak, eta ambient-a edo dream-pop-a gogoratzen duten konponketekin osatzen du proposamena Refreek, eliz musikari keinuak egiteko beldurrik gabe.

Liburuan hala esplikatu du proiektua Refreek. «Konturatu izan gara biok musikaren ikuspegi oso fisikoa eta, era berean, oso espirituala dugula; eta, aurrez halakorik egingo genuenik pentsatu gabe, heriotzaren eta bizitzaren, izatearen eta ez izatearen arteko trantsizio gune horri kantatzen zion abesti sorta bat sortu dugu. Bada denbora interesatua nagoela gorpuztasunik ezaren gaiarekin, kontzientziaren galerarekin, eta, beraz, aspalditik zirriborratzen nerabilen zerbait da proiektu honetan bildutakoa».

Askapen artistiko horri buruzko kontakizuna ere bada liburua, neurri batean.

Umetan piano irakasle zorrotz bat izan zuela gogoratzen du Refreek —«hari zor dizkiot nire amesgaiztoak bete zituzten hilkutxa teklatudunak»—, eta, kontatzen duenez, arbuio urte luze batzuen ostean, nekeak lagundu zuen berriz ere tresnarekin baketzen. «Unibertsitateko Kazetaritza azterketek eta aste haietako lo faltak ahituta, egun batez, gurasoen etxeko pianoaren aurreko aulkian eseri nintzen. Lau hanka haietan eta antzinako pianola zur hartan deskantsua bilatuz, pilatutako ezinikusiak ahaztu, eta jotzen hasi nintzen. Ezer gogoratu gabe, euren kasa ibili ziren eskuak teklatuan, baldar eta norabiderik gabe, nota logaletu batzuk inprobisatzen, tresnan adierazpenerako mekanismo berriak topatuz. Partiturak piano gainean geratu ziren, betirako itxita, eta itzaletan eskuratutako jakintza guztiek esanahi berria hartu zuten inprobisazioan».

Txillida eta Sabicas

Hainbat euskal sortzaile ere aipatzen ditu liburuan. Eduardo Txillida artista da haietako bat. Punkari eskainitako atalean aipatzen du, zehazki. 2002an bakarkako ibilbidea abiatu aurretik, besteak beste, Corn Flakes hardcore taldeko kide ere izan baitzen Refree, eta, onartzen duenez, funtsezkoa izan zitzaion orduan ikasitakoa. «Oraindik ere sakon sinisten dut punkean, nahiz eta urteekin jadanik ez dudan kontzeptu hori eszena batekin edo estetika jakin batzekin lotzen. Bizitzari aurre egiteko jarrera bat da». Eta orduan dator Txillidaren aipamena, euskal artistaren hitzetan, ez dakiguna egitea baita artea, eta Refreeren hitzetan hori baita artean egon daitekeen «jarrerarik punkena».

Agustin Castellon Campos Sabicas gitarra jotzaile iruindarra da Refreek aipatzen duen beste euskal sortzailea. Iruñean jaio zen musikaria, 1912an, eta 10 urterekin Madrilera joan zen. Nazioarteko ospea lortu zuen musikariak, baina, hamaika diskoko ibilbide horretan, Sabicasek Enrique Morente abeslariarekin batera grabatutako New York-Granada diskoa nabarmentzen du Refreek liburuan. «Teknikoki aitzindaria eta musikari bikaina izan zen Sabicas, baina oso nagusitan eta eskuak nekatuak zituela heldu zen disko hori grabatzera. 1980ko hamarkadan grabatu ziren kantuak, Madrilen, eta bertan tempoak ezinbestean dira motelagoak, eta isiltasunak, nahiz eta ezerosoak ere izan zitezkeen, zoragarriak dira, eta errespetua eta jakintza erakusten dute. Sabicasen hatzak jadanik ez ziren azkarrak, are, tarteka ez dirudi gai direnik sokak garai batean bezala zapaltzeko, eta notak zikinagoak dira, baina musikariaren burua argia da, eta ikusi egiten da urteekin pilatutako jakintza hori guztia, eta zailtasun fisikoak nabarmen konpentsatzen ditu horrek».

Askatasuna eta adierazkortasuna. Refreek etengabe nabarmentzen ditu bi ideia horiek liburuan. «Sorkuntzan, ezinbestekoa da ikasitakoa ahaztea, automatismoa da etsaia, eta sena da guztia». Eta jarrera hori defendatzen du, baita tradizioarekiko harremanean ere. Baina kasu horretan, ñabardura garrantzitsua egiten du musikariak, eta, neurri batean, eta ziurrenik ez guztiz oharkabean, askatasun hori bueltan lotzen du berriz ere tradizioarekiko arretarekin. «Talentu handiko eta, batez ere, genero edo tradizio bati buruzko jakintza ikaragarria duten artistekin batera aritu naiz estudioan, diskoetan eta zuzenekoetan. Horregatik ibili ahal izan dut hari-harian, eta bidegabea litzateke hori ez aipatzea».

Rosaliarekin batera sortutako Los Ángeles diskoa da horren froga. Refreek onartzen duenez, abeslariaren ahotsaren erudizioak modua eman baitzion berari konponketak aske sortu ahal izateko. «Emozioaren bilaketa da funtsezkoa, eta, horrekin alderatuta, ortodoxiak ez zuen garrantzi handirik». Eta berdin gerora Lina Rocio Marquezekin, Rodrigo Cuevasekin edo Maria Mazzotarekin lan egitean ere. «Bakoitzak bere modura, baina guztiek, euren jakintzarekin eta talentuarekin, niretzako espazio seguru bat sortu zuten, beldurrik gabe adierazi, esperimentatu eta imajinatu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.