
Uda da eta auto zaratatsu batek bazkalosteko loaldia zeharkatu du. Begiak nekez zabaldu ditut eta telebistan gizonek bizikleta gainean jarraitzen dute. Atzera ere ametsera itzuli gura dudan arren, ezin dut. Nahita ere, ahalegin guztiak horretan jarrita ere, ezin da. Begiak itxi ditut, eta betazalak estututa ur gainean ortozik ibiltzera bueltatzen saiatzen ari naiz. Betazalak indarrez ixten badira, baina, zaila da lo hartzea. Ezinezkoa ia. Loari beldur dionak lo hartu nahi duenean egiten du hori. Erlaxatutako gorputz batek lo erraza du; giharren bat tenkatuta duenak begiak indarrez ixten ditu eta nekez datorkio loa. Ametsera bueltatzeko esperantza ahaztu dut eta ipurmasail gihartsuak telebistan ikusteaz aspertu naizenean liburuari heldu diot. Lehenengo lerroa irakurri orduko desertuko bidaiaz akordatu naiz.
Plastifikatutako bizitza albo batera utzi nahi izan nuen apur batean. Horregatik abiatu nintzen autobus batean desertua zeharkatzera. Zerbait planoa behar nuen orduan, basamortu bat bere letra guztiekin. Ugaritzen ari ziren harreman birtualek eta pantailetan hazitako sare sozialek gogaitu egin ninduten. Ihes egitea erabaki nuen, fisikoki alde egitea, gorputza beste norabait eramatea. Ez zen erraza izan kakatza digitaletik aldentzea. Tranpa txiki bat egin nuen, dena esate aldera. Isilik gordetzea hobe nuke igual, epika kenduko lioke eta, baina aspaldi da handikeriari baino gustu hobea hartzen diegula eguneroko detaile xumeei, eta sentsibilitatez hurbilduta sumatzen direnei dariela interesatzen zaigun epika. Ba kakatza digitaletik atera aurretik mundu guztiari esan nion lupetz dontsu hura uztera nindoala. Ez nuela whatsappik erantzungo, ez argazkirik posteatuko, telegrameko kontu ustez formalagoei ere agur esango niela. Horrela ba, berez ez zen ihesaldi bat izan, agur esanda abiatu bainintzen. Nire sasi-erromesaldia absolutuki gorpuzteko hamar eguneko bidaian desertua gurutzatuko zuen autobuseko txartela erosi nuen. 40 euro eskas pagatu nituen, eta emailean jaso nuen biletea izan zen nire azken pdf-a. Mugikorra itzali eta motxilako poltsikorik ezkutuenean sartu nuen.
Lehenengo orduetan ezinegona nagusitu zen. Gero, zeregin digitalen akorduak lausotzen joan ziren. Egun pare batean erreflexu horiek berez desagertu zitzaizkidan. Orduan utzi genituen atzean hiriaren kanpoaldeko suburbeak, eta asfaltozko lerro zuzen hutsal batean barneratu ginen, alderik alde kilometrotako hedadura laua genuela. Ezerezaren irudia. Poetika horretan barneratzen hasi nintzen, desertuari berbak jartzen. Paisaiaren eta lurraldearen formetara egokitutako narratiba bat gura nuen, ez haiei gain hartuko ziena, ari ginen errealitatean egoten lagunduko zidana baizik.
Basamortuko atmosferan hondoratzen gindoazen autobus zaratatsuaren barruko 30 bidaiariak eta txandaka ari ziren gidari biak. Desertuan, hala ere, ezer gutxi da mortu. Baneramatzan ordu batzuk nire ezerezean, existitzen zirela ere ez nekien kapa intimoetara ailegatzen. Desertuan bizitzarik ez dagoela dioena ondo ekibokatuta dagoela bota zuen nire aurreko eserlekuko andreak. Gizakiok ez egonagatik badaudela han beste bizitza batzuk. Lehorra maite duten landareak eta haietatik elikatzen diren animaliak. Lur idor tokortuan ezkutatzen diren kakalardo beltz erraldoiak, koiote ehiztariak eta ihesi dabiltzan erbiak. Noizean behin oinaztarriek zeru neurrigabekoa erdibitzen dute, arrautza erraldoi bat puskatzean nola, eta lurpeko ur-emariek egarria asetzen dute orduan. Hemen ezin dela bizi bota zion pareko gazteak, ez zegoela ezer, eta beste leku batean zegoela benetako mundua, inporta zuena. Alferrik, andreak bere horretan jarraitzen baitzuen. Ortozik dabilenak mundua hobeto ezagutzen duela, baina gu beti zapatekin gabiltzala eta horrek lurretik urruntzen gaituela eta, kakaputza, ezer ere ez dakigula bizitzaz, benetakoaz. Niri iruditu zitzaidan biek zutela arrazoi apur bat. Basamortuaren erdian sumatu nuen nik artifiziorik bako argia. Hainbeste argi zerutik jausten. Hala ere, barne-bizitzara begirako lilura harekin ezin zen betiko bizi, konplejuagoa da, sozialagoa, eta goiz batean irratia jartzen duzu eta “beste 196 palestinar hil ditu Israelek” entzuten duzu eta zuk ezin duzu zeure basamortuari begira geratu gramatika gordin horren aurrean.
Hemen nago orain, akordu hipnotikotik esnatzen. Apur batean irakurtzen jarraitu dut, neure jarkerarik gustokoenean sustraiak nahi beste luza daitezen. Etxeko atetik sartu zarenetik atmosfera hankaz gora jarri duzu, bizitzeko gogoaren apologia dakarzu aldean. Kakahuete batzuk jan dituzu eta ahoa beteta hitz egin. Liburua itxi gabe dut, baina jada ez diot begiratzen. Palma olioa eta gatza praketan astindu dituzu, hondarrak nora doazen konturatu gabe. Neure onetik ateratzen nau horrek eta zuk igarri egiten didazu. Hurreratu eta laztandu egin nauzu, katakume bati begiak garbitzen zaizkion eran. Orduan pentsatzen dut ez dakidala nola asmatzen dugun biok etxe berean egoten. Nik bidaia egiten dut desertura eta zu klimaz klima zabiltza, zeure barrurako bidaia atzeratuko duen edozein estimuluren bila. Daukagunaren hartu-emanean elkar ulertu dugu, elkarren neurrira egokitzeko beharrik gabe. Oreka bilatu behar da deskonpentsazioan, ze, izan, erraza da bi pertsona elkartzea, baina zaila bien momentuek bat egitea. Batzuetan gertatu egiten da, baina. Eta, orduan, amets baten antzekoa da. Horixe behar du bizitzak: helburuak, desirak, erosa, irudimena. Amets egiterik ez duzunean, kaput, bukatu da.
Uda ortozik gozatzen dut, neguan zapatak janzten ditudalako. Hankape belztuak udazkenean azalberrituko dira; ordura arte ez diet dutxan igurtzi handirik egiten. Uda amaiera da eta erdi biluzik gauden argazkiei begiratzen diegu. Infinituaren bila bezala aritzen gara objektiboa aurrean jartzen diguten bakoitzean, begirada ia pornografiko batekin. Ahaztu egiten ditugu umetan argazki kameren aurrean egindako keinu barregarriak, unerako baino eternitaterako posatzen dugu orain. Uda betiereko amets bat da neguan non babestu duenarentzat. Pareta zuriek argia biderkatzen dute eta denborak erritmo geldoagoa du. Uda albertxiko koloreko desira bat da irudimenerako zirrikitu guztiak ostu ez dizkiotenarentzat. Uda betiereko amets bat da irauten duen artean. Gero, bukatu egiten da eta, harrezkero, ez da egundo joan den eran itzuliko. Ezin da ametsera bueltatu, baina begiak erdi itxita apur batean euts dakioke uzten duen uberari.
AINHOA URIEN TELLETXE
(Abadiño, Bizkaia, 1995). Filosofia eta Antropologia ikasketak egin ditu. Bi liburu argitaratu ditu: Poesia, zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan (Pamiela, 2020), hitzaren indar sendatzaileari buruzko saiakera, Xabier Leteren poemetan eta haren bizitzako ibilbideetan ardaztutako kronika literarioa; eta Ehun zaldi trostan (Elkar, 2025), zazpi narrazio txirikordatuz osaturiko ipuin liburua. Beste ipuin eta artikulu batzuk ere argitaratu ditu, hala nola Hamarreko bitxia liburuan (Dijitalidadea, 2024) Mapa ez da lurraldea. Eta lurralde guztiak ez daude mapetan ipuina, eta Bizitza bat maileguan (Booktegi plataforma).