KRITIKA. Antzerkia

Osasun mentalari buruz

  ‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?’ antzezlanaren irudi bat. GORKA BRAVO / TANTTAKA
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?’ antzezlanaren irudi bat. GORKA BRAVO / TANTTAKA
2025eko uztailaren 10a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?’

Zuzendaritza: Mireia Gabilondo. Antzezleak: Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Telmo Irureta. Espazio eszenikoa: Fernando Bernues. Argiak: David Bernues. Jantziak: Ana Turrillas. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: uztailaren 7a.

Aitziber Garmendiak eta Telmo Iruretak lehenbiziko eszenari bukaera eman ondoren, txalo egin du publikoak, sorrarazitako barreak eskertzeko. Dena dela, Mireia Gabilondoren testua ez doa ikusleen erantzun erraz eta merkeen bila, kontrara; nik esango nuke ikusleria bere autonomiaren jabe izatearen erakustaldia egin duela, eta hori oso gutxitan ikusten dugula. Hau guztia kontatzen dizuet antzezlanari zer-nolako harrera abegitsua egin zaion uler dezazuen, eta baita ere Garmendia-Irureta tandemak ezin hobeki funtzionatzen duela adierazteko. Beste une batzuetan, berriz, isiltasun lodia barreiatu da eserlekuen artean. Idazleak ondo daki komediaren kliskagailuak pizten eta banatzen: hasiera barregarria oparitu digu, lasaitu gaitu, eta, hortik aurrera, gure sentimenduak gobernatu dizkigu.

Garun paralisiak jota dagoen Jose Manuel izeneko psikoterapeutaren loreak Yoldik ureztatzen ditu. Azken hori Luziaren nahasmendu disoziatiboaren ondorio da. Martina psikologoaren terapeuta eta Luziaren ama da, baina psikiatra izan arren, ez du asmatu bere bizitza ondo bideratzen, ez lanean ez familian. Nahiz eta euren bizitzak korapilatuta egon, isolamendu argian bizi dira.

Osasun mentalari buruzko aurrekari eredugarriak dauzkagu teatroan, arte eszenikoak gizartearen isla baino ez direlako, eta, hartara, antzezleek bipolaritatea, antsietatea eta fobiak bezalako hizpideak taularatu dituztelako nazioarteko hainbat lan arrakastatsutan. Toc Toc dugu ezagunetako bat, eta musikal zaleek ondo ezagutzen dituzte, esate baterako, Next to normal (Ia normala) eta Evan Hansen tituluak. Gaiaren inguruan modu barregarri eta errespetuzkoan komedia egiteak ofizio handia eta sentiberatasuna eskatzen ditu, eta Gabilondori ez zaizkio ez bata ez bestea falta. Antzezlanaren ahuldadea, nire ustez, amaiera aldean agertzen da; bai Iruretaren solilokioaren kutsu didaktiko handiegian, bai bukaeran bertan.  

Hiru aktore ezberdin, hiru ahots, bolumen eta abiadura ezberdinetakoak, maisuki elkarren artean uztartuta. Oreka galanta antzezpenean, hirurak bikain. Zuzendari lanak, hartara, txalotzekoak. Hala eta guztiz ere, ez da Tanttakaren punta-puntako lana, eta horretan badut nik zalantza bat. Nola da posible CDN Espainiako Centro Dramatico Nacional-ekin batera koprodukzioan aritu izana eta Tanttaka soilik aritu denean baino ekoizpen txikiagoko antzezlana izatea? Horrek ekartzen du Bernuesen eszenografiaren urritasuna —funtzionatzen duen arren—, kasu baterako. Eta zalantzekin jarraitzeko, obra Viktoria Eugenian askoz hobeto egon zitekeen susmoa dut. Udarekin batera datozen ikuskizunen artean distira hobeto egingo zukeela. Eta, bide batez, Viktoria Eugenia hemengo antzerkiaren tokia ere badela ulertuko genukeela euskaldunok.

Amaieran txalo bero-beroak. Joan eta gozatu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.