Nahiz eta mende erdiko ibilbidea aspaldi betea duen, disko berri bat ateratzeko atarian taldekideak oraindik ere apur bat urduritzen direla aitortu du Oskarbi taldeko kide Joxelu Trekuk: «Beti bada urduritasuna». Gipuzkoa Donemilia (Elkar) da taldearen lan berriaren izena, euren ibilbideko hamahirugarrena. Orain dela bi urte hasi ziren diskoaren prestaketa lanetan, eta herenegun aurkeztu zuten lehenengoz jendaurrean, Donostiako Santa Teresa komentuan. Gainera, diskoa argitaratzeaz gain, Oskarbikoek badute beste zer ospaturik: taldea sortu zutenetik 60 urte beteko dira azaroan.
Bi efemeride erabili dituzte taldekideek diskoaren izenbururako. Batetik, iaz bete ziren mila urte Gipuzkoa hitza —Ipuskoa— lehenengoz agertu zenetik; eta, bestetik, duela mila urte inguru ere aurkitu zituzten Donemiliagako glosak —euskarazko hitz zaharrenak daude haietan—. Hamaika abestik osatzen dute Gipuzkoa Donemilia lana, eta, Trekuk azaldu duenez, bost ataletan bildu dituzte kantuok. Hain zuzen, lehenengo atalean diskoaren izenburua osatzen duten bi elementuei egin dizkiete kantuak; Gipuzkoa-ri eta Donemilia-ri —abestien izenak ere horixek dira—. «Taldean gipuzkoarrak gara, eta kantu pila bat daude beste herrialde historiko batzuen inguruan: Bizkaia, Nafarroa, Araba, Lapurdi... 'Zergatik ez Gipuzkoari bat egin?', pentsatu genuen».
Bigarren atalean, 500 urte atzera egin dute Oskarbikoek, eta literatura izan dute inspirazio iturri. Fernando de Rojasen Zelestina liburuko bertso batzuk oinarri hartuta sortu dute Perutxoren kantua abestia. Bestetik, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae-n ageri diren bertso batzuk ere erabili dituzte Mosen Bernat Etxepareren kantuia ontzeko. Euskal Herriko historian sakontzeaz gain, taldearen beraren historian ere sakondu dute hirugarren atalean, eta hala sortu dituzte, esaterako, Kattalin ttirun ttarun eta Adizan Gabriela. Lehena, Oskarbiren lehenengo diskorako grabatu zuten —Oskarbi (Herri Gogoa, 1969)—, eta moldatu egin dute. Treku: «Oraingo Oskarbik eta ordukoak antza duten arren, musikalki desberdinak dira».
Zaharrak berri
Iragana atzean utzi, eta aurrera begira jarrita sortu dituzte laugarren atala osatzen duten bi kantuak. Lore bakartia da horietako bat. Trekuk berak Argentinako poeta baten olerkiak oinarri hartuta sortu zituen abestiaren hitzak. Baserrietan artoa zuritzeko lanetan ari zirela kantatzen zituzten abestiak dira arto zuriketa-k. Bada, kantu horietako bat berritu du taldeak, eta Arto zuriketa berria sortu, Jon Martin Etxebesteren hitzekin.
1967 eta 1971 bitartean Ez Dok Amairu mugimenduko kide izan zen Oskarbi. Eta haren bueltan, hainbat sortzaile esanguratsu ezagutu zituzten: Mikel Laboa, Nestor Basterretxea, Lurdes Iriondo, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Jorge Oteiza... Hain zuzen, garai hartako zenbait kideri omenaldia egin nahi izan diete Gipuzkoa Donemilia-ko azken atalean. Lurdes Iriondoren Tiriki tauki abestiaren bertsio bat egin dute, hain zuzen. «Oskarbiren lau lagun biltzen dira kantu horretan: Lurdes Iriondo; Bitoriano Gandiaga —berak sortu zituen hitzak—; Jorge Oteiza, zeina gure inspirazio iturri izan zen hastapenetan; eta Imanol Urbieta, berak sortu baitzuen musika». Oi Pello Pello eta Globo gorria abestien bertsioak ere egin dituzte; lehena Mikel Laboak kantatzen zuen, eta bigarrena, berriz, Julen Lekuonak.
«Taldea sinbiosi bat da: gure jakinduria eta jende gaztearen ekarpena. Guk haria mantendu dugu, eta berriak gustura daude»
JOXELU TREKUMusikaria
Taldeak azken diskoa kaleratu zuenetik —Kantua zuei (Elkar, 2021)— bost urte pasatu dira. Trekuk azaldu duenez, lasai hartu dute lan berriaren sormen prozesua. Kideetako bat abesti berri batekin entsegu batera joan, eta gainerakoen ekarpenei esker joaten ziren hari forma ematen. «Gure nortasun ikurretako bat da hori», gaineratu du.
Azken urteetan kide berriak batu dira taldera, eta honako hau da Oskarbiren osaera gaur egun: Trekuz gain, Jon Martin, Iñaki Maritxalar, Maite Aizkorreta, Carlos Ruiz, Itziar Alonso, Manex Iñigo, Alaitz Guridi, Maite Aldaregia, Jabi Zurro, Beñat Ruiz eta Berttolo Hegi ari dira. Treku, Maritxalar eta Aizkorreta dira hasieratik aritu diren bakarrak. «Sinbiosi bat da: gure jakinduria eta jende gaztearen ekarpena. Guk haria mantendu dugu, eta berriak gustura daude».
Ospakizun kontzertua
Bihar emango dute diskoa kaleratu osteko lehenengo kontzertua. Aiako (Gipuzkoa) probalekuan izango da, 20:00etan. Oraingoz hiru data gehiago dituzte euren zuzenekoen zerrendan. Batetik, irailaren 26an Arantzazuko santutegian (Oñati, Gipuzkoa) izango dira, Bitoriano Gandiagaren omenezko kontzertuan. Bestetik, azaroaren 8an Pasaiako Udalak (Gipuzkoa) omenaldia egingo dio taldeari, eta bertan ere joko dituzte kantu batzuk. Eta, azkenik, abenduan izango dute ekitaldirik garrantzitsuena: Donostiako Viktoria Eugenia antzokian euren urteurrena ospatzeko kontzertua egingo dute, gonbidatu bereziekin. Trekuk aurreratu duenez, Antton Valverde, Gorka Knorr eta Oñatiko Ganbara abesbatza egongo dira gonbidatuen artean.
60 urteko bidean, euskarazko musika nola aldatu den ikusi ahal izan du Trekuk. Kontatu du gaur egun eskaintza handia dagoela, nahiz eta euskarazko musikaren eremua txikia izan; «euskal esparruak denetik behar du», haren ustez. Makrokontzertuen goraldian, Trekuk ez du ezer haien kontra, baina Oskarbiren esentzia beste bat dela zehaztu du: «Gure moldea beste bat da, sakontasun handiagokoa, herri kantuekin, gure hariari lotuta...». Bestalde, azaldu du kantaldiak emateko leku askotatik deitzen zietela taldea sortu berritan; «orain, ordea, guk bilatu behar ditugu».