Musika

Oskarbik kantu berriekin osatutako diskoa plazaratu du

Xirimiri osatzen duten 13 kantuak aurkeztuko ditu aurki zuzenean Donostian eta Beasainen, taldearen lehengo hainbat kantu ezagunekin batera

Juan Luis Zabala
2012ko urriaren 18a
14:25
Entzun

Oskarbi taldeak Xirimiri diskoa aurkeztu du gaur, 13 kantu berriz osatua eta Elkar diskoetxeak plazaratua. Disko berriko kantuak zuzenean entzuteko aukera eskainiko du gainera taldeak aurki egingo dituen bi kontzertuetan: urriaren 25ean, 19:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian; eta azaroaren 3an, 20:00etan, Beasaingo Usurbe antzokian.

Urte asko ziren Oskarbik erabat kantu berriz osatutako diskorik plazaratzen ez zuela. Duela 46 urte sortu zen taldea, 1966an. 80ko hamarkadaren erdialdetik 90ekoaren erdialdera arte nahiko utzia izan zuten taldea, baina gaur egun, astean behin entseatzeko biltzen jarraitzeaz gain, kantu berriak lantzen ere ari dira Oskarbiko kideak, disko berriak frogatzen duenez. Kantu berriak lantzea beharrezkoa da taldeko kideentzat “errutinatik ateratzeko”, Jose Luis Treku taldekideak azaldu duenez.

Disko berrian herri kantak eta kantu berriak tartekatu dituzte, baina herri kanta gehienak ere inoiz grabatu gabeak dira. Kantu berrien artean, Jose Luis Treku, Xabier Lete eta Bitoriano Gandiagaren poemetan oinarritutakoak daude: Xirimiri, Gabon hitzak eta Kuku hurrenez hurren.

Oskarbiko abeslariak Maite Azkorreta, Beronik Ondikola, Bakartxo Maritxalar, Jose Luis Treku, Iñaki Maritxalar eta Carlos Ruiz dira; grabazioan parte hartu duten musikariak, berriz, honako hauek: Iñaki Maritxalar (gitarra), Mari Jose Bergara (pianoa eta teklatuak), Carlos Ruiz (akordeoia), Gontzal Iñarra (flauta), Diego de Vera (perkusioa eta atabala) eta Maite Irusta (biolina).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.