Arabako Bertsolari Txapelketako finalari ez diote hutsik egingo aurten ere Asier Otamendik eta Zigor Enbeitak. Azken urteetako finaletan ia lehiakide finko izan dira, eta halaxe izango dira aurten ere. Iragan asteburuan jokatu ziren azken finalaurrekoak, Aramaion eta Agurainen. Aramaion, Otamendik irabazi zuen, eta Agurainen, Enbeitak. Manex Agirrek, berriz, Zigoitiko saioa irabazi zuen, eta, harekin batera, zuzenean sailkatu dira hiru bertsolariak finalera. Apirilaren 2an jokatuko da, Gasteizko Principal antzokian. Puntuazioari esker, berriz, Oihane Pereak, Iñaki Viñasprek eta Ander Solozabalek osatuko dute finaleko seikotea.
Aramaioko saioa arina izan zen. Otamendiren atzetik, Viñaspre (332 puntu), Xabi Igoa (318), Izar Mendiguren (311), Ekaitz Samaniego (311) eta Rikardo Gonzalez de Durana (288) geratu ziren. Otamendi erregular aritu zen; gainontzekoak, berriz, ondo aritu ziren, tarteka gorabeherak izan bazituzten ere.
Agurainen jokatutako azken finalaurrekoak ezarri zuen finalerako langa. Enbeitaren (319) atzetik, Solozabal (318,5), Ruben Sanchez (313,5), Alberto Martinez Beitto (309,5), Juan Mari Juaristi (309) eta Unai Mendibil (303) geratu ziren.
Asier Lafuente antolatzailearen esanetan, aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketak harresiak gainditu ditu: «Publikoaren harrera itzela izan da, 120 lagunetik gora bildu dira saio guztietan».
Otamendi eta Enbeita ere Arabako finalean izango dira
Apirilaren 2an izango da finala, Gasteizen, eta Viñasprek, Solozabalek, Agirrek eta Pereak osatu dute finalista taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu