Hilabete gaiztoa da otsaila. Ez dut estatistiken berri, baina ziur naiz otsailean gaixotzen dela jendea maizen, sakonen. Begi zuloak are eta sakonago dira. Ez zioten alferrik deitu otsoaren hila. Auuuuu!!! Aurtengoa gaizto ez ezik, laino dator, eta bereziki heze. Urez gainezka daude zidorrak. Lurrak ezin xurgaturik dabil otsaila. Nekea ere ezin xurgatu gabiltza, gainezka egin digu. Eskerrak hilabeteetan motxena den. Baina otsaila izaten da maiz elurte handien garaia: Aste Zuriaz gozatzen ariko dira batzuk. Eta nola ez, elurrezko panpina gehien egiten den garaia ere bada. Poz txikiak ere emateko gai da otsaila.
*
Bazenekien? 100.000.000.000 maluta behar omen dira, gutxi gorabehera, elurrezko panpina bat egiteko. Imajinatzea zaila egiten zaigu. Bernd Brunnerrek neguari eskainitako liburu batetik hartu dut datua. Beste datu interesgarri bat ere jasotzen du: lehen elur panpina dokumentatuetako bat Michelangelok egin zuen, 1492ko negu florentziarrean, Piero de Mediciren entretenimendurako. Antza, Piero de Medicik, bere aitak ez bezala, ez zuen estimu handiegian Michelangelo, eta haren transzendentzia goseaz trufa egin nahian, zer eta desagertuko den obra bat egitea agindu zion. Azken datu kurioso bat, hau Wikipediak emana: antza, Lituanian elur panpinei burmuin-gabeko-gizaki esaten zaie. Beste hau ere gaineratzen da: 2005ean parlamentu aurrean 141 elur panpina paratu zituzten protesta moduan, 141 parlamentari, edo, protesta egiten zutenen ahotan, burmuin gabeko panpina zeudelako parlamentari lanetan.
*
Hauts izpi bat ur molekulez inguratua. Hautsa eta ur kristalak. Horixe da elurra. Ederra da paradoxa primigenio hau: hautsak, zikinkeriak, sortzen du elurra, zer eta paisaia, belarriak eta begirada garbi-garbi uzten dizkigun fenomenoa. Elur maluta bakoitza errepikaezina da, eta posible da bere bizitza labur horretan (hodeietatik lurrera iritsi bitarte, antza ordubete) forma bat baino gehiago hartzen joatea, izozte eta desizoztearen poderioz adarkatze berriak sortzen ahal zaizkiolako.
*
Hona hemen elurraren anbibalentziaren beste adibidea: izan, elurrak zarata irensten du, musika estudio kaseroetan arrautza kartoiek bezala. Hain daude espazio hutsez beteak, non bertan atxikitzen den munduko zarata. Nire herrian, elurra egiten duenean, apenas aditu daitezke udaletxeko kanpaikadak. Baina elurrak ere zarata handia sor dezake: umeak kalera ateratzen ditu. Nagusiagoek euren buruari baimena ematen diote elurraren poza txikitan bezala gozatzeko. Aztoratzen ditu patio orduak, irakasleak, herrietako aguazilak, udaltzainak, etxe atariak, hiriko biribilguneak, espaloiak, semaforoak, gidariak.
Baina hori ez da elurraren paradoxa bakarra. Menchu Gutierrezek dio ezen, beste fenomeno atmosferiko batzuekin gertatu ez bezala, elurra izan daitekeela kontrako gauzak irudikatu, metaforizatu, anbientatzeko elementua. Esate baterako, giro eguzkitsua, normalean, pozarekin lotu izan da (ez bada eguzki itogarri eta desertuzkoa). Euria, aldiz, tristeziarekin lotu izan da, eta ekaitza barne borrokarekin. Baina elurra? Adibidez, Silueta liburuko kritika batean aipatzen da nola erabiltzen duen Ibarbiak elurraren errekurtsoa giroa zeratzeko: «Elurra kontzientzia kolektiboaren marmarra da, konfidentzia eta esamesen txirikorda». Kasu horretan, elurrak gaiztotik joko luke, elur zikin deserosoa litzateke. Baina elurra sosegua ere izan daiteke, idazle eta, batez ere, poeta askoren idazmahai gogokoen: Ana Blandiana, Castillo Suarez, Julio Llamazares, Inger Christensen... Hortxe nire nibologo kuttunenak. Elurrak isildu egiten du zarata, aztoramena. Baretasuna dakar, eta, batez ere, babesleku da.
*
Geroz eta elur gutxiago egiten du, ordea, eta horrek ezinbestean ekarriko du elurrarekin dugun harremana aldatzea. Edo ez. Aspalditik aditzen baitugu: «negua jada ez da lehenago zena», eta hala ere. Hemendik 40 urtera jaioko diren Pirinioetako haurrendako elurra anekdota bat besterik ez omen da izanen; txikiak ginenean itsasoko fosilak aurkitzean sortzen zitzaigun aztoramen/txundimen berbera sortuko zaie elurrarekin hurrengoei. Pirinioak behin itsaso izan ziren. Pirinioetan elurra franko egiten zuen lehen. Arkeologoen kontua izanen da, denboran atzera bidaia bat. Prousten madalenaren efektu berdina eragingo dute malutek.
*
Otsaila etorri den gisan joanen da. Fosiltzen hasi zaigun hezetasuna joanen da, eta bitartean jarraituko dugu otsailarekin batera urtu nahian, edo hobe, otsaileko ura kristaldu eta elur bihurtu nahian, sutondo orduak kristaltzen, elurra zeren ispilu ote den asmatzen, geu, burmuin gabeko panpina intraszendenteak.

Â