Idazlea: Gregoire Solotareff.
Ilustratzailea: Gregoire Solotareff.
Itzultzailea: Mirentxu Ibargarai.
Argitaratzailea: IKAS.
IKASekoek otsoen gaiarekin argitaratu duten azkena Solotareffen Otsoño da —jatorrizkoan, Loulou—. Bilduma ederra osatu dute haurraren beldurren isla den otsoarekin; ezinbesteko bilduma gaia haurrekin euskaraz landu nahi duenarentzat. Hor daude, esate baterako, Ami-ami nahasgarria, Rascal & Girelena; Plast, barrearen eta formatu bereziaren eredu, Corentinena; Axuri bihurria adore emailea, Didierena; Ahuntza eta pitikak, otsoaren eta ahuntzen ipuinaren aldaera eta Hiru xerri ttipi hiru txerrikumeen klasikoa, biak Gerdaren 1958ko ilustrazio gogoangarriekin eta disko banarekin —Lapurdiko euskara batuan eta zubereraz—; eta hor dugu, nola ez, Otso bihozbera, Geoffroy de Pennarten lan borobila. Zerrenda luzeagoa da; nire apetak maiteen dituenak azpimarratu besterik ez dut egin.
Eta, bilduma osatzeko-edo, azkenik, Solotareffen 1989ko klasiko hau argitaratu dute sei bat urtetik aurrerako irakurleontzat. Albuma kolorez deigarria da: begietara jotzen dute oinarrizko kolore masa handi horiekin, eta gidoia landua dauka, inteligentea, eraginkorra. Istorioak otsokume bat eta untxikume bat jartzen ditu aurrez aurre, elkarren berri ez duten bi bihotz handi. Primeran konpontzen direla eta, elkarrekin bizitzen jarriko dira, harik eta senak untxiaren gogoan izua eragiten duen arte, zeren untxiak otsoei beldur izateko senarekin jaiotzen baitira irauteko, ezta?•
Literatura. 'OTSOÑO'
Otsoen sorta ederreko azkena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu