Paisaiak eta tolesturak

Juan Carlos Pikabea margolariaren erakusketa bat eta Josetxo Santos eskultorearen beste bat jarri ditu ikusgai Iruñeko Ziudadelak, maiatz arte

Bisitari bat, Juan Carlos Pikabearen bi koadroren aurrean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Iruñea
2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
«Gure ametsei eskaintzen diegun denbora garela diote. Artean, agerikoa da hori». Juan Carlos Pikabea margolari lesakarraren hitzak dira. 80ko hamarkadan margotzen hasi zenetik, denbora eskaini dio bere ametsari, arteari. Horren fruitu dira kolore biziko margolanak. Orain, ikusgai daude horietako batzuk Iruñeko Ziudadelako Mistoen Aretoan. Zentzumenaren lilura du izena erakusketak, eta maiatzaren 10era arte izanen da ikusgai.

Paisaiak dira Pikabearen obran oinarri eta etengabeko elementu. Bidasoaren ibilbidearenak batik bat, Baztanen jaio eta Txingudiko badian itsasoratzeraino. «Jaioterriak betirako markatzen baitzaitu». Baina ez hori bakarrik: urteak aurrera joan ahala, lekuz ere aldatu du Pikabeak, eta Euskal Herriko paisaia ezberdinak jaso ditu bere mihiseetan. Badu nondik edan, jakina; askotarikoa da Euskal Herriko paisaia, kolore abaniko zabalekoa. Eta «aberastasun izugarri» horrek lagundu du paisaia ezberdinak harrapatzeko. Izan ere, hark dioenez, Euskal Herrian «pauso bakarrean irits daiteke oihanetik itsasora, eta beste batean lautada edo basamortura». Eta horietara guztietara, baita «paisaia gogorragoetara» ere, Bidasoko eremuetako «goxotasuna» eramaten duela dio. Azkenaldian, «pozik» ari da Nafarroako erdialdeko inguruak margotzen. Zeruak «beste ikuspegi batekin» lantzen ditu han, Lesakako mendiz inguratutako bailaretan ez bezala «urrunago begiratu ahal delako».

Hala, leku eta ikuspegi ezberdinak ezagutuz, bidea urratzen ari da Pikabea, bere kabuz. Argi baitu «ekintza oso indibiduala» dela pintura, eta bide propioa egin behar duela artistak, «ikasi duen guztitik, gutxika, urrunduz».

Santosen «lagun maiteak»

Pikabearen lana ez da bakarra Ziudadelako Mistoen Aretoan; Josetxo Santos eskultore iruindarrarekin partekatu du aretoa. Berrogei obra erakutsi ditu hark, Curvarte-plegarte erakusketan.

Tolesturaren kontzeptua ageri da eskultura horietan guztietan. Tolesturak, material eta tamaina askotariko lanetan. Tolestearena «kontzeptu unibertsala» baita Santosentzat. «Nork ez darama tolesturarik jertsean?», galdetu du, adibide gisara. Edo beste bat: jatetxeetan pertsona bakoitzak ahozapiak nola tolesten dituen behatzen ibiltzen da Santos, artistak berak hala aitortuta. Bizitza arruntaren tolestura horiek hiru dimentsioetara eramatea izan da eskultorearen erronka. Eta lan horretan «sufritu» duela aitortu du, «idazleak orri zuriaren aurrean sufritzen duen bezala». Oro har, arrakastaz bete du erronka, eta horren froga dira erakutsitako artelanak. Baina badira bidean geratu diren asmoak ere, paperetik errealitatera jauzi egiteko orduan «ezinezko» suertatu zaizkionak. Horiek ere, edonola, ikusgai daude erakusketan, kartoi mehezko maketa gisara.

Santos eskultorea ez, baizik eta «laborategiko artista» dela dio erakusketako katalogoak. Eta zehaztapenarekin ados dago sortzailea. Estudioko lana izaten da harena, «materialak eta kontzeptuak» probatzea, azken emaitzara iritsi aitzin. Behin horra helduta, harreman estua eratzen da artistaren eta haren lanen artean. «Lagun maiteak» esaten die horiei. Hainbesteraino, non, txantxetan dioenez, eurekin lo egiten gera zitekeen galdetu die erakusketako arduradunei. Lotan geratu ez, baina obrak bisitatu ahal izango ditu nahi duen orok, maiatzaren 3ra bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.