Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Pajak

2025eko irailaren 14a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bertsio gau batean izan nintzen orain gutxi. Joan zitzaigun lagun baten omenez zenez, entzundako kantuak ere iraganekoak ziren, nahiz eta garai guztiek dirauten inork bere egiten dituen artean. Nostalgia ariketa kontzientetzat hartu nuen: bertsio gau bat zen eta geure originalen kopia bat izatera gindoazen gu geu ere.

Gogotik gozatu arren, pare bat kontuk egin zidaten kirrinka. Batetik, generoak: rocka izan zen nagusi, musika molde horren hibridazioak (punka, metala, hardcorea) entzun genituen ia esklusiboki; bestetik, berriz, generoak: bi emakume soilik igo ziren oholtzara eta gizontasun jakin bat performatu zen bertan, ia esklusiboki hau ere. Mejillon Tigre bikoteak iaz argitaratu zuen liburuxkan irakurritako poema etorri zitzaidan gogora: «kontzertuetara noanean, / gauza bakarra ikusten dut beti: / gizonak / taula gainean / pajak egiten».

«Masturbazio publiko eta kolektibo» gisa deskribatzen dituzte kontzertuak Eider Adeletxek eta Ane Zubeldiak, eta lekurik ez izatea ere aipatzen dute, eta ze mierda den espazio eske aritu beharra. Jakin aldizkariak analisi hotzagoa eskaini zion sentipen horri. Jone Expositok eta Oli Artolak egindako ikerketaren arabera, emakumeek parte hartzen duten taldeak kultur egitarauen %20,8tan topa ditzakegu eta, gainera, batez ere poparen bueltako musikak lantzen ikusiko ditugu. Udane Barinagarrementeriak aldizkariko ale berean ñabardurak ere badakartza: punkaren bueltan eta Zuk Zeuk Egin filosofiari jarraika, egoerari buelta eman nahian egitasmo ezberdinak abiatu izan dira gurean. Baina euskal rock benetan erradikalaz aritu nahi izatekotan, «XXI. mendean, punkak, punk izango bada, (trans)feminista behar du izan», dio Barinagarrementeriak.

Edonola dela, kontua da gizontasunetik iheska dabiltzan genero disidenteek, queer kantariek eta abarrek, emakumeen antzera, popean diruditela erosoago egun. Nire ingurura erreparatuta, hor daude Aiert Oñatin, Euskoprincess Hernanin, AimarZ Zumarragan eta Odik Legazpin. Besteak beste, askoz gehiago ere egongo dira. Horren gazteak ez garenoi igual kostako zaigu onartzea, baina ondorioak argia dirudi: futbola gizontasun hegemonikorako ezinbesteko sarbide-erritua den hein berean irakatsi digu rockak —bertsioak bertsio— gizon izaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.