Pako Aristiren agerpena izan zen: 1985eko udaberrian lehenengo, Euskal kantagintza berria kronika lanarekin, eta urte hartako udazkenean gero, Kcappo. Tempo di tremolo nobelarekin. Artean kazetaritzako ikaslea zen Aristi, 21 urtekoa (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa, 1963), baina hasia zen lehen erreportajeak eta elkarrizketak publikatzen han-hemengo agerkarietan. Hala ezagutu zuen Bernardo Atxaga, eta hark eraman zituen Euskal kantagintza berria izango zena idazteko proposamena eta Aristiren izena Ereinen. Geroztik 35 urte igaro dira, eta, luzaroan agortuta egon ostean, lana berrargitaratzea erabaki du argitaletxeak. Atzo aurkeztu zuten, bideokonferentzia bidez, egileak eta Iñaki Aldekoa editoreak.
«Gure klasiko txikietako bat» dela esanez definitu zuen Aldekoak Aristiren lana, aurrekorik gabeko liburutzat. «Orduko kantagintzak izan zuen arrakastaren eta eraginaren lehenengo biltzailea izan zen Aristi. Alde horretatik, lan erreferente bat izan da eta da». Idazten hasi berria zen haren «freskotasun eta etorriak» ere ezaugarritu zuen lana, editorearen ustetan, eta baietz buruarekin egileak, berak ere hori sumatu duela «duela 35 urteko Pako Aristi» irakurtzean.
Gogoan duenez, Aristi gazte hark «zoratzen» jaso zuen Ereinen enkargua. «Batetik, euskal kantagintza asko entzuten nuelako, eta jende horrekin egotea opari handi bat izan zelako; eta, bestetik, lanerako sekulako gogoa eta ilusioa nituelako». Liburuaren egitura hiru elementuk osatuko zutela erabaki zuen: elkarrizketak, hemeroteka lana eta horiek josiko zituen fikziozko istorio bat. Azken horretarako, bi alter ego sortu zituen Aristik: berea, narratzaile lanak egingo zituena, eta argitaletxeko Asentxio Ondartzabalena. «Karneta banuen, baina autorik ez, eta Asentxio izan nuen txoferra kantarien etxeetara egindako bidaietan», azaldu du.
Idazten hasitakoan, berehala ohartu zen arazo batez: erreferentzia faltaz. «Garai hartan, euskal kantagintzak presentzia handia zeukan, maila askotan, jendearengan, politikan... Egun daukana baino mila aldiz handiagoa. Oso gai apetitosoa zen, baina inork ez zuen horren inguruan ezer idatzia».
Erreferentzia faltan fakultateko irakasleek Rolling Stone aldizkari kulturala erakutsi izana oroitzen du Aristik, hor topatu zuela liburua osatzeko behar zuen teknika narratiboa. «Ipar Ameriketako kazetaritza berriaren parametro horiek saiatu nintzen ekartzen nirera». Eta horrek zera esan nahi zuen: kantarien ahotik jasotakoaz gaindi, haien egoteko modua, janztekoa, erretzekoa, ibiltzekoa ere jasotzea, detaile horiei guztiei adi egotea. «Ikuspegi globalago bat lortzen zen, eta asko gustatu zitzaidan horrek nola humanizatzen zuen pertsonaia».
Ezer ez da berdin
1961etik 1985era arteko epea aztertu zuen Aristik, eta tarte horretako 22 musikari eta talde hautatu zituen elkarrizketetarako: Benito Lertxundi, Errobi, Gorka Knörr, Haizea, Hertzainak, Imanol, Itoiz, Izukaitz, Jotakie, Lourdes Iriondo, M-ak, Mikel Laboa, Mixel Labeguerie —ordurako hila zen, eta semea elkarrizketatu zuen—, Niko Etxart, Oskorri, Pantxoa eta Peio, Ruper Ordorika, Txomin Artola, Urko eta Xabier Lete. Ordu luzez elkarrizketatu zituen guztiak, eta zatika antolatu zuen materiala testuan, bakoitzari bere blokea eskaini gabe. Denborarekin begiratuta, asmatu zuelakoan dago. Berrikusteko puntu bat genero ikuspegia litzatekeela aipatu du, ordea: «Musika asko izan da gizonen mundua. Hamarretik bederatzi talde gizonezkoek osatzen zituzten; emakume gutxi zeuden orduko panoraman». Lau izen nabarmendu ditu: Lurdes Iriondo, Odile Kruzeta (Izukaitz), Amaia Zubiria eta Maite Idirin. «Aitortu behar dut ez niela eman merezi zuten lekua».
Jon Eskisabel Badok atariko arduradunak egin dio hitzaurrea berrargitalpenari, eta 1985etik hona euskal kantagintzak egindako bideaz aritu da bertan. Aristik azaldu du bera ez zela gai izango ariketa hori egiteko, egun ez duelako sentitzen orduan kantagintzarekin sentitzen zuen «inplikazio pertsonala»: «Euskal kantagintza garai hartan euskal identitate bat zekarren arte bat bezala ikusten nuen. Ez da ahaztu behar frankismopean hasi zirela. Euskal Herriaren ideia bera oso difuminatua zegoen, eta kantu hauek forma eman zioten. Gu gara Euskadiko gaztedi berria, Euskadi bakarra da gure aberria... Jendeak buruz zekizkien. Hori dena galdu da». Hertzainak-eraino aztertu zuen Aristik, eta iruditzen zaio gero gertatu denaz ez dela nahikoa idatzi: «Esperantza nuen norbaitek egingo zuela 10 urtera euskal kantagintzaren beste historia bat, eta hemengo hutsuneak estali. Egin dira liburuak, baina talde edo mugimendu jakin bati buruzkoak; historia globalik ez da berriz idatzi». Eta Aldekoak ere berretsi: «Gai askotan ez gara harantzago joan. Ez Dok Amairuren amaieraren inguruan dakiguna, esaterako, hemen dagoena da oraindik».