Palestinako gatazka kontatzeko «betebeharra» sentitu zuen Markel Elortzak, eta horixe egin du: Palestinako gatazka ulertzeko hamar gako eman ditu Elkar argitaletxearekin atera berri duen Olibondoaren herria liburuan. Atal bakoitza aipu historiko batekin hasten da, eta Maitane Azurmendik egindako ilustrazio bat ere badu bakoitzak. Baina, liburuan azaltzen duenez, ez da «bi alde azaldu nahi dituen lan aseptiko bat, justiziaren aldeko ahots xume bat» baizik. Historia irakaslea da Elortza, baita Gure haurrak ere badira ekinaldiko kide eta sortzaileetako bat ere.
Elortzak ez zuen isilik gelditu nahi «gizartean gertatzen ari den bidegabekeria handienetariko baten» aurrean, bestela, «konplize» izango litzatekeela uste du. Palestinako gatazkari buruz ikertu du, eta, egun, gertuko sentitzen du gaia: «Nire egin dut palestinar herriak bizi duen mina». EHUko Historia Garaikideko masterrean espezializatu zen Palestinako gatazkan, baina gaiari euskaraz eusteko baliabide falta sumatu zuen, dioenez, ez zegoelako ez jatorrizko euskarazko libururik, ezta gaia euskaraz lantzen zuen irakaslerik ere. Alde horretatik, bere liburuak ekarpena egin dezakeela uste du.
Ez zuen gatazka kronologikoki azaldu nahi; liburu «deigarri» bat ondu nahi zuen. Horregatik, hamar kapitulu osatu ditu, hamar gako, eta bakoitzean aipu eta marrazki bat gehitu. Bertan irakur daitezke, adibidez, Golder Meir Israelgo lehen ministro izan zenak esandakoak, baita Jassir Arafat Palestinaren Askapenerako Erakundearen lehendakari izan zenak eta Rosa Luxemburg iraultzaile sozialistak esandakoak ere. Aipuak hautatzeko orduan emakumeen eta gizonen arteko orekaren bila aritu da idazlea; hain zuzen, historiak «askotan emakumeak ezabatu» egin izan dituenez, oraingoan euren presentzia bermatuta egon zedin. Horrez gain, liburuaren amaieran kronologia bat eta hiztegi bat aurki daitezke.
«Palestinarrak urteak daramatzate garbiketa etniko bat pairatzen; azken urteotan, garbiketa etnikoa zena genozidio bihurtu da» MARKEL ELORTZA Idazlea
«Palestinarrak urteak daramatzate garbiketa etniko bat pairatzen; azken urteotan, garbiketa etnikoa zena genozidio bihurtu da», azaldu du Elortzak. «Gauzak horrela, testuingurua ezabatzen duten zenbait diskurtsok indarra hartu dute, eta erasotzailea biktima egiten dute. Inoiz baino garrantzitsuagoa da testuinguru historikoari erreparatzea: kontatu egin behar da palestinarren historia». Egileak, irakasle moduan egiten duen lanari erreparatuz, iritzi kritikoa sustatu nahi du, kontzientzian eragin eta gizartea hobeto ulertzeko tresnak eman; ez du, ordea, datuak zabaltzea soilik nahi.
Olibondoak, elkartasunez
Familia baten ilustrazioa ageri da liburuaren hasieran: Hawari sendia da, Durangon (Bizkaia) bizi den familia euskaldun-palestinarra. Haien testigantza jaso du Elortzak, eta horietako hiruk idatzi dute liburuaren hitzaurrea: Nadiak, Yasminek eta Sarak, «diasporako familia palestinar baten bihotzetik» idatzi ere. Halaxe diote: «Erbesteratutako ausarten biloba gisa, erresilientzia eta konpromisoa ezaugarri dituen komunitate bat eratu dugu diasporan». «Desagertzeari uko egiten dion antzinako herri baten ahotsa eta isla gara». Bederatzigarren kapituluan kontatu du Elortzak Hawari familiaren istorioa: hain zuzen, Nakbaren ondorioak idatzi ditu Errefuxiatuen etengabeko arazoa izeneko kapituluan.
Liburuari dagokionez, bi helburu nagusi bereizi ditu Elortzak: batetik, Palestinako egoera mahai gainean jartzea eta, «bereziki», hezkuntza komunitatea kontzientziatzea. Bestetik, jendeari tresnak ematea, «desinformazioa» gailentzen den arren, «pentsamendu kritikoa garatzeko». Hori eta gehiago lortzeko asmotan, liburua aurkeztearekin batera, Gure haurrak ere badira egitasmoarekin bat egiteko deia egin du.
«Euskal Herria elkartasunez beteriko herria izanik, hezkuntza komunitateari eskatzen diogu eskoletan olibondoak landa ditzan, palestinarrekin elkartasunez» MARKEL ELORTZA Idazlea
Hala, gogorarazi du martxoaren 30ean Palestinako Lurraren eguna izan zela, eta Gure haurrak ere badira egitasmoak beste dinamika bat jarri zuela martxan, maiatzaren 15era bitarte iraungo duena; alegia, Nakbaren egunera bitarte. «Hezkuntza komunitate osoari dei egiten diogu olibondoak landatzeko», azaldu du Elortzak. Baina, zergatik olibondoak? «Palestinarrentzat landare bat baino askoz ere gehiago delako». Hala azaldu du idazleak: «Olibondoak erresistentzia irudikatzen du: sumud. Hala esaten diote han erresistentziari eta erresilientziari. Sionistek olibondoak eraitsi, eta palestinarrek berriz ere landatu egiten dituzte; olibondo bat landatzen dute norbait hiltzen denean ere. Horregatik, Euskal Herria elkartasunez beteriko herria izanik, hezkuntza komunitateari eskatzen diogu eskoletan olibondoak landa ditzan, palestinarrekin elkartasunez».