Donostiako 73. Zinemaldia

Palestinako genozidioa Zinemaldiko fokuen argipean

Milaka lagun bildu dira Donostian, Euskal Herria-Palestina elkartasun batzordeak «genozidioa salatzeko» deitutako manifestazioan. Euskal Aktoreen Batasunak ere bat egin du deiarekin.

Iratxe Muxika
Donostia
2025eko irailaren 24a
22:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pelikula bateko eszena bat dela imajinatu. Jende olde bat plaza bakarrean bilduta dago, eta, gidoiak aurrez irakurrita, bakoitzak argi du zein den egokitu zaion rola. Zuzendariak agindu duenean aitzinera abiatu dira aktoreak, serio eta zurrun. 

Orain imajinatu Euskal Herria dela plaza hori —Donostiako Okendo plaza—, eta ez dagoela aktorerik han, munduari mezu bat bidali nahi dion herri bat baizik. «Gora Palestina askatuta! Israel genozida!». Bakoitzak argi du zer rol egokitu zaion, baina hau ez da pelikula bat. 

Euskal Herria-Palestina elkartasun batzordeak manifestaziora deitu du gaur, Donostian, hiria Zinemaldiko fokuen argipean dagoela probestuta. Euskal Aktoreen Batasunak bat egin du deiarekin, eta milaka lagunek hartu dituzte kaleak. Zinemaldira gonbidatutako bostehun zinemagile baino gehiago izan dira pankarten artean. Israelgo armada Palestinan egiten ari den genozidioa salatu dute, eta zin egin «isiltasun konplizea» bukatuko dutela. «Palestina ez da inoiz garaitua izanen, baina babesa behar du, eta sentitu behar du ez dagoela bakarrik, eutsi egingo dugula», erran du batzordeko kide batek, bukaerako ekitaldian.  

18:30ean zen hastekoa manifestazioa, baina anitzez ere lehendik ari zen lurra dardarka. Eta ez lurra bakarrik, Zinemaldiko pelikulak iragartzeko jarritako olan handiei bertze erabilera bat eman diete manifestariek: soinua ateratzekoa. «Ez da gerra bat, genozidio bat baizik», oihukatu dute. 

«Gora erresistentzia» eta «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile» erranez jarraitu dute aitzinera, baina ezin izan da askorik aurreratu; jendea ez da manifestazioaren ibilbidean kabitu. 

Abiatu eta berehala, geldialdi bat agindu dute lehen lerrokoek. Viktoria Eugenia antzokiaren atarian zeuden, eta eraikinaren barnetik banan-banan hasi da jendea ateratzen. Haiek ere argi zuten zein zen euren zeregina: protestara batzea. Begiak artean busti-busti eginak zeuzkatela elkartu dira bertzeekin. 

Hain justu, 18:30ean bukatu da The Voice of Hind Rajab filma —haur palestinar baten heriotzaren kontakizuna da—, eta pelikula horrekin bat egiteko modua izan da haien protestarekin bat egitea. Antzokitik atera eta lehen lerroan kokatu dira, bandera handi bati eta pankarta erraldoi bati eusten. 

Sugea, baina, hain izan da luzea, ezen kosk egin baitio buruak isatsari, eta azken manifestariak artean Zurriolarako bidean zirenean iritsi dira lehenak Bulebarreko kioskora. 

Palestinar komunitatearen izenean solastatu dira filmeko zenbait aktore, eta, lehenik eta behin, eskerrak eman dizkiote Euskal Herriari. «Zuetako bakoitza eguzki izpi bat da, eta, hemendik, elkarrekin, eguzkiarena baino are argi indartsuagoa bidaliko diogu Palestinari, gure herriari». Erantzuna eman die plazak: «Gaza, Gaza, ez zaude bakarrik». 

Instituzioei eskaria

Halaxe erran dute batzordeko kideek: «Bozgorailua probestuz, Cinema With Palestine plataforma osatzen dugun zinema eta Palestinarekin elkartasun alorreko eragileok, Eusko Jaurlaritzari zein Estatu Espainolari eta Europako Batasunari eskatu nahi diegu presioa egin diezaiotela Israeli, genozidioa berehala geldi dezan, lapurtutako lurrak itzul ditzan eta, gutxienez, nazioarteko legedia bete dezan». Jendearen artean izan dira Ernest Urtasun Espainiako Kultura ministroa eta Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos ere. 

The Voice of Hind Rajab filmeko aktoreen gibeletik, euskal aktore batzuek hartu dute hitza: Itziar Atienzak, kasurako, salatu du «zauri ireki bat» dela Palestina, eta hango herritarrei ukatu egiten zaiela existitzeko eta eskubideak izateko aukera. CAF enpresari «erreakzionatu dezan» exijitu ondotik, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak igo dira oholtzara. Hala abestu du Arzallusek: «Norbait ari da jendea hiltzen/ duten armak fabrikatzen/ norbait ari da lur kolonoa/ tren batekin konektatzen/ kazetariak eliminatzen/ eta Hamasi kargu hartzen/ horiek dabiltza genozidari/ alfonbra gorria jartzen». Eta eskari bat egin du Lujanbiok: «Mugitzen gara mugi zaitezten/ mugitu geldi daitezen».

Ekitaldia bukatutakoan desagertzen hasi ziren banderak, baina lau koloreko arrastoa geratu da hirian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.