Kritika. Performancea

Palestinar ezkontza

'Gathering'.  YAA SAMAR DANCE THEATRE
'Gathering'. YAA SAMAR DANCE THEATRE
Agus Perez.
2025eko urriaren 18a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘Gathering’

Konpainia: Yaa Samar! Dance Theatre. Kontzeptua, testuak eta zuzendaritza: Samar Haddad King. Koreografiak: Samar Haddad King, performerren kolaborazioarekin. Dramaturgia: Enrico Dau Yang Wey. Eszenografia eta jantziak: Nancy Mkaabal. Jatorrizko musika: Samar Haddad King. Musika: Samar Haddad King, Max Richter. Argiak: Muaz Aljubeh. Lekua: Angeluko Quintaou antzokia. Eguna: urriak 14. 

Dantza emanaldi bat ikusiko nuela espero nuen, baina Angeluko Quintaou antzokian gertatu dena ezin da etiketa horren barruan geratu. Samar Haddad King koreografo eta sortzaile palestinarrak esku-programan dioskunez, Gathering hau (Berrosatzea) «performance parte-hartzaile eta diziplinartekoa da».

Aretora sartu baino lehen hasi da emanaldia, konpainiako kideek palestinar ezkontza batera gonbidatu gaituztenean. Tea zerbitzatzen ziguten bitartean paperezko poltsak banatu dizkigute, haietan sar genitzan gure zapatak, begirunezko keinua baita leku sakratuetako alfonbrak oinutsik zapaltzea. Eta, zer ote sakratuagorik arte eszenikoak baino? Zer sakratuagorik bi gizakiren arteko maitasuna baino?

Emanaldiaren disposizio eszenikoa ere azaldu digute sartu baino lehen: agertokian aulkiak borobil eran paratuak ziren, eta han jesarriko zirenak prest egon behar ziren une jakin batzuetan artistekin jarduteko. Hala ere, finezia eredugarriz maneiatu dute kontua, argi utziz edozein momentutan joan litezkeela agertokiko ikusleak besaulki arruntetara, eta alderantziz, hala nahi izan ezkero.

Ikusle parte-hartzaileek osatutako zirkulu handiaren erdian laranja menditxo bat zegoen hasiera batean baina, esangura sinboliko handiz, laster desegin da multzo ustez trinkoa, palestinarren bizitzak mila puskatan desegiten diren —dituzten— bezala. Those were the Days abesti nostalgikoarekin hasi da palestinar ezkontza, dantzari batzuen irudi izoztuak beste batzuen dantza artegatuarekin konbinatzen zirelarik. Pasarte isilak berdin elkartzen ziren bai geldotasun uneekin bai dantzarekin, eta mugimenduaren ezaugarriak izan dira norbanakoen barne-desorientazioa, arimaren korapiloa askatzeko nahia eta akrobaziarako gaitasun eutsia.

Hasierako irudi horiek herri-dantza kolektiboetara eraman dute batzuetan, eta a capella abestutako kantu eder batzuekin osatu da emaztegaiaren ahalegina birrinduta dauzkan mundua eta gogorapenak berrosatzeko. Puntu honetan gogoratuko dugu Samar Haddad Kingenak direla abesti solte horiek, testu poetikoak eta solasaldi arruntak. Une batetik aurrera hasi gara Vivaldiren Lau urtaroak entzuten Max Richterren moldaketa aurreratu ederrean, eta akordura etorri zait Blanca Liren emanaldi konformistaren kontura esan nuela ia ezinezkoa dela musika barrokoarekin ganorazko ezer egitea dantza garaikidean. Oker nenbilen, ordea: ezinezkoa da baldin eta dantzaren diseinua musikaren konpasetara egokitu nahi bada. Aldiz, Samar Haddad Kingek musikaren izpiritua hartu du oinarritzat, eta horrek benetako arte-maila eman die dantza pasarteei.

Amaitzeko, inora ez zihoan eskailera bertikal batek hartu du irudi plastikoen protagonismoa, handik igo direlako noizean behin ezkontideak, beso bat eta eskua zerurantz altxatuz, zerbaiten bila agian, erruki eskean beharbada, azken desesperazio keinuan seguruenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.