Donostiako 73. Zinemaldia

Palestinaren aldeko agerraldi bat egin dute Zinemaldian, eta manifestaziora deitu

Donostiako Okendo plazatik abiatuko da manifestazioa, asteazkenean, 18:30ean. Antolatzaileek parte hartzera gonbidatu dituzte donostiarrak, eta jaialdiari eskerrak eman dizkiote gatazkari ahotsa emateagatik.

Palestinaren aldeko agerraldia, gaur, Viktoria Eugenia antzokiaren kanpoaldean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Palestinaren aldeko agerraldia, gaur, Viktoria Eugenia antzokiaren kanpoaldean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iratxe Muxika
2025eko irailaren 22a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pelikulak, prentsaurrekoak eta izarrak joan-etorrian diren bitartean, geldirik egoteko parada hartu du Donostiako Zinemaldiak. Geldirik, baina ez isilik. Palestinaren aldeko elkarretaratze bat egin dute gaur, Euskal Aktoreen Batasunak deituta, eta Euskal Herria-Palestina elkartasun batzordearekin batera. 

Viktoria Eugenia antzokiaren kanpoaldean elkartu dira zinemagileak, eta Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatu dute. «Zinemagileoi ere lerratzea dagokigu, eta batu egingo gara Palestinaren aldeko olatura», erran du ordezkarietako batek. «Hemendik garrasi egin nahi dugu, sarraski bat salatu, eta are oihu ozenago baterako deia egin». 

Hain zuzen ere, asteazkenerako deitu dute protestara, eta Donostiako Okendo plazatik hasiko da. «Hemen hitz egiten ari garen bitartean haurrak hiltzen ari dira Gazan, minutuero-minutuero. 25.000 haur baino gehiago hil dira jada». Cinema with Palestina plataformarekin bat egiten dutela erran dute elkarretaratzeko kideek, eta Zinemaldiari eskerrak eman dizkiote «etengabe» aritzeagatik Palestinaren aldeko ahotsa goratzen. Plataformak salaketa publikoa egin zuen Israelen kontra, eta zineman aritzen diren bertze 350 lagun batu zaizkio, Euskal Aktoreen Batasunak azaldu duenez. «Geroz eta gehiago dira genozidioa salatzen ari direnak, izan aktoreak, zuzendariak, ekoizleak... gure lanetan ere gizatasuna dagoela erakusten du horrek». 

Elkarretaratzean izan dira, bertzeak bertze, Aitziber Garmendia, Antton eta Julen Telleria, Eneko Sagardoi, Itziar Atienza, Itziar Ituño, Aitzole Araneta eta Igor Otxoa. Baita Zinemaldiko zuzendaria ere, Jose Luis Rebordinos. 

Elkartasuna eta babesa adierazi ondotik, asteazkeneko manifestazioaren argibide batzuk eman dituzte. Okendo plazatik abiatuko dira, 18:30ean, eta Viktoria Eugenia antzokian eginen dute lehen geldialdia. Orduantxe bukatuko da The Voice of Hind Rajab filmaren proiekzioa —haur palestinar baten heriotzaren kontakizuna da—, eta han barnean egonen direnak kalera irten arte itxarongo dute manifestariek, elkarrekin jarraitu ahal izateko aitzinera. Batu ondotik, Kursaaleko zubia gurutzatuko dute, Zurriolan buelta hartu eta Bulebarrean bukatu arte. Sol Band taldeak kontzertu txiki bat emango du, eta elkartasun batzordeko kide batzuek irakurketa batzuk eginen dituzte. «Donostiako herritarrak gurekin etortzera gonbidatu eta animatu nahi ditugu, herri baten izenean giza eskubideak bete daitezen exijitzea dagokigulako», erran dute. 

Hildako haurren memoria

Azkenik, Hind Rajab ekarri dute gogora, Israelgo armadak joan den urteko urtarrilean hildako haurra. Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuetara dei bat egin zuen Rajabek, beldurtuta zegoela erran ondotik laguntza eskatzeko. Familiako sei kide zeuzkan ondoan, auto barnean; hilda zeuden denak. Israelgo armadak ez zion larrialdi zerbitzuari hara iristen utzi, eta 6 urteko haurra ere hil egin zen azkenean. 

«Palestinaren memoria da Rajab, zoritxarrez ez baita kasu bakan bat izan. Egunero gertatzen dira halako heriotzak, eta hori ezin da normalizatu. Salatu egin behar da». Rajab hildako haurrak gogoratzeko modu bat da, eta «geldi daitezen erregutzeko» tresna bat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.