Palestinako gertakari batek estreinatuko du gaur Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinema Jaialdia: Palestine 36. 1936tik 1939ra gertatu zen Palestinako arabiar matxinada du hizpide, eta Annemarie Jacir zuzendariak ondu du. Betleemgoa (Palestina) da bera, eta istorio hori kontatzea «amets bat» izan dela adierazi du Donostia Kulturak zabaldu duen oharrean. Atzo antolatu zuten filmaren nondik norakoak azaltzeko prentsaurrekoa, baina ezin izan zen bertaratu. Haren ordez Billy Howle aktorea izan zen agerraldian —Thomas pertsonaia antzeztu du filmean: politikari britainiar bat—. Gaur emango dute filma, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan.
2023an hasi zen Jaciren taldea filma grabatzen, Palestinan. Bukatu, ordea, Jordanian bukatu behar izan zuten. Une horiek gogora ekarri ditu zuzendariak: «Kontua galdu nuen zenbat aldiz hasi eta gelditu zen ekoizpena». Hala ere, «aurrera» egin zuten. Howlek ere gogoan du grabaketa egunetan bizi izandakoa: «Urriaren 7an mugitu ginen Jordaniara, eta 1936koa izango litzatekeen herria goitik behera berreraiki behar izan genuen, bi astetan». Gidoia, historia eta lokalizazioak aldatu behar izan zituzten, baina Jacirek argi utzi zion aktoreari «ezerk» ez zuela grabaketa geldituko. «Aurrera jarraitu genuen. Antzezleak eta ekipoa elkartu ziren zerbait egin beharra zegoela tematuta, gure oinaze guztia maitasun ekintza batean iraultzeko», adierazi du zuzendariak.
«Aurrera jarraitu genuen. Antzezleak eta ekipoa elkartu ziren zerbait egin beharra zegoela tematuta, gure oinaze guztia maitasun ekintza batean iraultzeko»
ANNEMARIE JACIR Zinema zuzendaria
Donostian egingo du geldialdia oraingoan, baina Erresuma Batuan ere proiektatu dute filma. Bertan izandako harreraren inguruan mintzatu da Howle: «Ez genekien oso ondo zer harrera izango zuen filmak. Sentsazioa izan genuen kuriositate handia zegoela herritarren artean, baita emozionalki pisu handia zeukala ere». Emanaldien ondoren, galderen txanda iritsi zen, eta esan du «asko» galdetu zutela bertaratutakoek: «Lehendik presente zeuden galderak ziren, baina filmaren ostean berriz mahai gainean jarri zirenak. Harritu egin ninduen; izan ere, zinema gai da ideia batzuei zein historikoki ontzat eman diren gertakari batzuei aurre egiteko». Eztabaidak sortzeko balio izan zuela azaldu du, eta atsegin du formatu hori; izan ere, filmak «gertakariak dokumentatu besterik ez du egiten».
Irakaskuntza prozesua
Aktoreak aitortu du errealitatearen «bestelako» irudi bat izan zuela filmaketako egunetan; izan ere, «hautsez betetako» historia liburuetatik zetorren berak Palestinaren gainean zekien guztia. Lau egun igaro zituen Howlek Palestinan grabatzen, eta Nazaret, Jerusalem, Betleem eta beste herri batzuk bisitatu ahal izan zituela esan du: «Ikerketa bidaia bat izan zen, hunkigarria eta emozionalki karga handikoa. Han gertatzen ari zenak abstraktua izateari utzi zion, eta zerbait erreala bihurtu zen, modu oso krudelean». Hainbeste eragin zion, non filmaketa amaitu ondoren bost aste igaro zituen Palestinan. «Beste artista batzuekin harremanetan egon nintzen, eta horiei esker Palestinako zinemaren inguruan ere ikasi nuen». Horrek guztiak «erabat» aldarazi du herrialde hartako zinema egiteko moduaren inguruan duen ikuspegia.
Grabaketa egunek irakaspen mordoa eman diote lantaldeari, baina Howlek bat eta bakarra nabarmendu du: «Palestinarrek duten erresistentzia». Bestalde, zuzendariak azpimarratu du 1936ko filma den arren ez dela «batere» urrundu gaur egun Palestinan duten errealitatetik: «Inoiz ez dut iraganeko zerbait balitz bezala pentsatu. Adierazgarria eta bizia da oraindik ere». Garai hura bizi izan ez zuen arren, gertutik ikusi du haren eragina, eta «istorio pertsonal» gisa definitu du Palestine 36.
«Halako film bat egin ondoren, Palestina defendatzen jarraitu beharra daukagu: ez dago beste aukerarik»
BILLY HOWLE Aktorea
«Ikusi ahal izan dut zein gutxi aldatu diren metodoak eta indarkeria gauzatzeko moduak Palestinan», gehitu du aktoreak. Haren ustez, filmak balio du ikusteko 1936ko gertakarien eta gaur egun Gazan gertatzen ari denaren artean ez dagoela inolako «ezberdintasunik». Hortaz, mezu zuzen eta argi bat helarazi dio publikoari: «Halako film bat egin ondoren, Palestina defendatzen jarraitu beharra daukagu: ez dago beste aukerarik».
mugetako matxinada
Giza Eskubideen Zinemaldia dela-eta, argazki erakusketa bat antolatu dute Donostiako Aiete kultur etxean. Hiru Mugak deitu diote, eta Jose Naranjo kazetariak eta Juan Luis Roid argazkilariak ondu dute. Ekainaren 7ra arte egongo da ikusgai.
Matxinada jihadistak Malin, Burkina Fason eta Nigerren utzitako arrastoak jarri dituzte erakusgai. Hain zuzen, Malin hasi zen matxinada, eta segituan zabaldu zen beste bi herrialdeetara. Argazkien bidez, hango biztanleen egunerokoa erakutsi dute egileek; esaterako, gatazkak eragindako errefuxiatuak, haurrek hezkuntzarako duten sarbide eskasa, eta pobrezia.