Bertsolaritza

Pandemiarik gabe eta bidean segitzeko gogoz

Nafarroako Bertsolari Txapelketa bihar abiatuko da, Iruritan. Lau final-laurden eta hiru finalaurreko eginen dituzte, abenduaren 2ko finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda osatzeko. 2021ean, Saioa Alkaizak jantzi zuen txapela. Osasun krisiak orduan eragindako ziurgabetasuna bazter utzi dute antolatzaileek.

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena, irailean, Atarrabiako Kultur Etxean. IDOIA ZABALETA, FOKU
edurne elizondo
2023ko urriaren 6a
11:33
Entzun

Duela bi urte, txapelketa hasi genuenean, ez genekien amaitzerik izanen ote genuen ere”. Nafarroako Bertsozale Elkarteko kide Ander Perezek Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 2021eko azken aldia antolatu zuteneko “ziurgabetasuna” oroitu du. Pandemiak baldintzatu zuen duela bi urteko txapelketa hori, neurri handi batean, eta, horregatik, “lasaitasuna” nabarmendu du bihar hasiko dena antolatzeko bideari buruz. Pandemia batek ezarritako mugarik gabe, abiatzeko gogoz dira.

Dena prest da, hain zuzen, aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten 24 bertsolariak kantuan has daitezen. Biharkoa izanen da antolatu dituzten lau final-laurdenetako lehendabizikoa, eta Iruritako gizarte gunean eginen dute, 17:30ean hasita.

Urriaren 14an, berriz, Vianako kultur etxeak hartuko du Nafarroako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako bigarren saioa, 17:30ean. “Txapelketaren historian lehendabiziko aldiz ariko gara herri horretan”, nabarmendu du Perezek. Nafarroako Bertsozale Elkartea ahalegina egiten ari da, hain zuzen ere, bertsolaritza bere ohiko eremuetatik kanpo eramateko, eta herrialdeko gero eta txoko gehiagotara zabaltzeko.

Antolatzaileak ahalegin bat egiten ari dira; eta bertsolaritza ere, kultur jarduera gisa, ari da bere tokia hartzen. “Pandemiak agerian utzi du kulturak duen garrantzia, eta bertsolaritza ari da bere aletxoa jartzen”, erran du Ander Perezek. Osasun krisiak plazak isildu egin zituen, baina oholtzak bete egin dira, berriz ere. “Bertso plaza berreskuratu dugu”. Plazak eta txapelketak eskutik egin behar dute aurrera, haren ustez: “Txapelketa da plazan egiten denaren isla; txapelketak ez du zentzurik urte osoan ez bada saiorik edo jaialdirik egiten”.

Hiru final jarraian

2021eko azaroaren 28an egin zuten Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finala, Iruñean, eta iaz, Bertsolari Txapelketa Nagusikoa hartu zuen hiriburuak, abenduaren 18an. Aurtengo abenduaren 2an, bertze final bat izanen da Iruñean: bihar hasiko den Nafarroako Bertsolari Txapelketarena, alegia. “Iruditzen zitzaidan gehiegi izan zitekeela jarraian hainbeste txapelketa, baina jendea gogoz dago. Aurkezpena egin genuenetik [irailaren 16an egin zuten, Atarrabiako kultur etxean], jende asko ari zaigu galdezka. Sumatzen dugu gogoz direla”.

Perez ere txapelketako zurrunbiloan sartzeko gogoz da. Iruritako eta Vianako saioak izanen dira final-laurdenetako lehendabizikoak; Uharten eta Leitzan eginen dituzte azken biak. Hurrengo fasean, hiru finalaurreko eginen dituzte: Altsasun, Agoitzen eta Lesakan; abenduaren 2an, berriz, finala eginen dute: Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan hasita.

Ikusteko dago aurtengo txapelketak zer emanen duen; 2021ekoan egindako bideari so egin dio Perezek, eta nabarmendu du duela bi urteko finalak zenbait auziri buruzko “argazki moduko bat” eman zuela: batetik, Saioa Alkaizak txapela jantzi izana azpimarratu du —2021ekoa izan zen Alkaizaren lehen finala—; bertzetik, gazteek bertsolaritzaren oholtzetan toki gero eta nabarmenagoa dutela.

Alkaizak jantzi zuen azken txapela, baina Nafarroako Bertsolari Txapelketan nabarmena da, oraindik ere, genero arrakala. Aurtengo txapelketan 24 bertsolari ariko dira kantuan, baina haietako bost bertzerik ez dira emakumeak: Saioa Alkaiza, Idoia Granizo, Sarai Robles, Ekhiñe Zapiain eta Bittori Elizalde. “Etsigarria eta kezkagarria da”, erran du Perezek, egoera horri buruz. Txapelketan nahi duenak eman dezake izena, eta, ondorioz, Nafarroako Bertsozale Elkarteko arduradunen esku hartzea “mugatua” dela azaldu du elkarteko kideak. “Horrek ez du esan nahi gure ardura bazter utzi nahi dugunik. Kezkatzen gaitu egoerak”, erantsi du.

Kezka horren ondorioz, Perezek aipatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak feminismoa txertatu duela bere jarduera orotan eta, lan horri esker, urratsak egin direla elkarteko egituran eta bertso eskoletan, bertzeak bertze. Txapelketa, baina, eragin horretatik at gelditzen da, neurri handi batean. “Txapelketan bereziki nabarmena da genero arrakala; zerikusirik izanen du lehiaketarekin, jendaurrean agertze horrekin”.

Oraindik nabarmena den arrakala hori gainditzeko lanean segituko du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Perezek azpimarratu duenez. Bihar hasi eta abenduaren 2ra bitarte, Nafarroako Bertsolari Txapelketak hartuko ditu herrialdeko oholtzak. Bertsolariak kantuan hasteko prest dira; zaleak, gozatzeko gogoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.