Gidarien begietatik (III): Martxel Rodriguez

Paradoxen artean dantzan

Led Silhouette dantza garaikideko konpainiaren zuzendaria da Rodriguez. 2016an sortu zuten konpainia, eta 2019an egonkortu zen Lesakan. Diru laguntzek halako egituretan duten eraginaz aritu da zuzendaria. Kulturaren eskuragarritasunaz kezkatua da.

Martxel Rodriguez, Led Silhouette dantza konpainiako zuzendaria, Lesakan, uztailaren 29an. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
Martxel Rodriguez Lesakan, uztailaren 29an. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
Xalbat Alzugaray
Lesaka
2026ko abuztuaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

«Erdibidean den konpainia bat». Ez handia eta ez ttipia. Hala definitu du Martxel Rodriguezek (Lesaka, Nafarroa, 1990) 2016an sortu zuen Led Silhouette dantza konpainia. Jon Lopezekin batean sortu zuen, preseski, eta harekin zuzentzen du, Lesakako Harriondoa kultur etxean. COVID-19 gaitza hedatu baino hilabete batzuk lehenago ezarri zuten egoitza Lesakan, Bartzelonan egitura juridikorik eta egoitzarik gabe egon ondoan.

Bi zuzendarien arteko krisietarik eta ideien talketarik sortu ohi dira Led Silhouetteko piezak. Konpainia inflexio puntu batean da, Rodriguezen erranetan. Lesakan izateak «erraztasunak» dakarzkie «gutieneko» diru laguntza batzuk erdiesteko, eta hain zuzen ere, Europako mugaz gaindiko Pyrenart II, Dobla eta Lotu proiektuen parte da dantza garaikideko konpainia.

Ultimatum dantza pieza estreinatu dute azken-azkenik. Aitzinetik pieza mordoxka eginik handitu da konpainia. Egun, piezen arabera betiere, bi kidek kudeatu ohi dituzte zuzendaritza eta sorkuntza. Horietaz gain, bertze bederatzi dantzari ere izan daitezke oholtza gainean. Hego Euskal Herriko mota horretako konpainietan ohi denez, dantzari kopurua «anitz» aldatzen da, baina oro har hogei eta 30 pertsona bitarte ari dira lanean zuzendariekin batera.

(ID_16321538) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2026-07-29, Lesaka. Martxel Rodriguez, Ledsilhouette dantza konpainiako zuzendaria
Martxel Rodriguez, Led Silhouette dantza konpainiako zuzendaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Estruktura gisa harturik, nabarmendu duenez, bi pertsona baizik ez dira, bakoitza ordenagailu baten aitzinean. Erronka nagusienetarik bat dirua lortzea da, eta, mementokotz, bi zuzendarien soldata egonkortuak baizik ez dituzte segurtatzen ahal. Arazoa sistemikotzat jo du, Bartzelonako La Veronal konpainia adibide gisa harturik. «La Veronal konpainiaren sarearen parte da Led Silhouette, eta, nahiz eta konpainia hori handia den eta pentsa genezakeen dena duela funtzionatzeko, proportzionalki iruditzen zait ez duela izan behar lukeen bezainbertzeko laguntzarik».

Diru xerka joan behar denean, eginbehar administratiboa lan artistikoaren gainetik pasatzeko arriskua izaten da fitexko, eta, mementokotz bederen, oreka «famatu» hori ez du atzeman Rodriguezek. «Zaila da erratea zer zailtasun ditugun. Hotzean pentsatzen baduzu, nahi genuen moduko piezak egiten gabiltza, eta galdegiten ditugun diru laguntza guziak lortzen ditugu». «Baina, halere, burn out-aren mugan gaude etengabean, lan honen kakarik handiena da hori, eta gu aski ongi gaude; ez dut imajinatzen ahal gu baino gaizkiago direnak nola dabiltzan».

«Halere, burn out-aren mugan gaude etengabean, lan honen kakarik handiena da hori, eta gu aski ongi gaude; ez dut imajinatzen ahal gu baino gaizkiago direnak nola dabiltzan»

Xehekiago behatuz, Espainiako Estatuko erakunde publikoen laguntza proiektuka banatzen da, eta ez egitura kultural bat funtzionarazteko. Rodriguezek salatu duenez, horrek «gainprodukziora» bideratzen du sektorea. «Sektorearen eskaera historikoa da diru laguntzak bertze era batera kudeatzea, eta, ematen duenez, ez dute aintzat hartzen. Diruarekin nahi dutena egin, eta sektorea urtero dozenaka pieza ekoiztera baizik ez dute bideratzen».

Funtsean, artisten egoera ez da aldatzen. «Zenbat logotipo ditugu gure afixetan? Hamar, hogei? Baina ez dakigu hemendik bi urtera zer eginen dugun, eta hastapenean ez dizu axola egonkortasunik ez izateak, baina adinean aitzina joan ahala, bai». Eta honakoa galdetu du: «Egonkortasunik gabeko sektore batean zenbat denbora iraun dezakegu?».

Hortaz, prekaritatea «endemikotzat» eta «kulturaltzat» dauka. Sustut Europako bertze herrialde batzuei konparaturik, iruditzen zaio Espainiako administrazioaren pean den eremuan, eta, beraz, bertzeak bertze Hego Euskal Herrian normalizatua dela artistak «freelance eta prekario» izan behar duelako ustea. «Ez gara ogi papurrak eskatzen ari. Ez dugu pentsatzen nola lortu sistemak bertze era batera funtzionatzea, eta hori ere arazo bat da». Gainera, «hutsik handiena» egoera txar hori elikatzea da, dioenez: «Ez dugu gizajoak bagina bezala agertu nahi etengabean, eta, batzuetan, sinesten dugu joko hori. Konbentzituak gara egoera horretan gaudela beti». Dantza munduko «konplexu» bat ere aipatu du: «Elkarrizketa anitzetan irakurtzen dut dantzaren sektorea dela azkena, baina, gero, eskulturakoek erraten dute okerrago daudela, eta, batzuetan, badirudi okerrenen liga dela jokoan: zein den prekarioena eta ea nork irabazten duen prekarioaren aurtengo saria».

Ekidinezina

Konpainiaren eskaintza artistikoa «ezinbertzekoa» da, Rodriguezentzat. Diru laguntzek alde txarrak ez ezik, alde on anitz dituztela ere kontatu du. Haren hitzetan, Euskal Herriko hainbat lurralderen arteko trukeak izaten dira horrelakoetan, eta, ondorioz, parada izaten dute lan egiteko hainbat manera ezagutzeko. «Lotu proiektuan gaude, eta, horren barrenean, harremanetan gaude Hika antzerki taldearekin eta Elirale dantza konpainiarekin. Horrekin batera, ohartu naiz batek ez duena bertzeak baduela, eta kontrakoa; horrela, elkar laguntzen ahal dugu. Agurtzane Intxaurragak [Hikako kidea da], adibidez, ez du errepikak egiteko leku finkorik, eta Larrekora edo Harriondora etortzen delarik, sekulakoa iruditzen zaio dugun materiala».

Led Silhouettek nortasun artistiko propioa garatu du azkenaldian, eta azken urteetako pieza gehienak antzerki fisikora hurbiltzen dira. Eszenaren aukera guziak jorratzen dituzte, eta, azaldu duenez, Ultimatum piezak mezu «deigarriak eta eraginkorrak» transmititu nahi ditu. «Publikoak erraten digu inpaktua duen pieza bat sortu dugula, antzerkira eta zinemara hurbiltzen dena funtsean».

«Publikoak erraten digu inpaktua duen pieza bat sortu dugula, antzerkira eta zinemara hurbiltzen dena funtsean»

Rodriguezen erranetan, gainera, nahi zuten konpainia eta pieza formatura ailegatu dira, eta, horregatik, ezin da «kexatu». Dantzari anitzekin aritzen dira lanean, eta zuzendaritza artistikoko lanetan murgildu dira bi zuzendariak, dantzari guzien aukerak aztertzeko.

Halere, ez da beti hala izan, emanaldi batzuetan zuzendariak koreografiaren barne baitziren. Zuzendaritza artistikoaren aroa 2022an ireki zitzaien, Iruñeko Ganbera Abesbatzarekin batera Igor Stravinskiren pieza bat landu zutenean. Harrezkeroztik, zuzendaritza artistikoan «eroso» ibili dira, kanpo begirada «ezinbertzekoa» baitzaie dantzariak, alderdi teknikoa eta oholtza gaineko diskurtsoa sortzeko.

Rodriguezen ustez, Nafarroako konpainia horren piezak ezin dira ulertu laguntasun harremanik gabe. Led Silhouette «familia» osatzen dutenen artean, konpainiarekin lan kontratu bat betetzen duten langileak daude, baina hori baino «anitzez» gehiago ere badira. «Gehienak lagunak dira langileak izan baino lehen. Halere, ez gara naifak. Bada lan kontratu bat gure artean, eta bakoitzak bere rola du». Horrek alde onak eta alde txarrak izan ditzake: «Ez dugu geure burua ikusten audizio bat egiten eta hortik dantzari hoberenak hartzen: ez dugu horrela funtzionatu nahi», kontatu du.

Bertzelako eredu bat?

Rodriguezek, erantzunak eman baino gehiago, gogoeta eta galdera gehiago egiten ditu. Preseski, ikusten du diru laguntzek, bizitzeko «beharrezkoa dena» emateaz gain, proposamen artistikoak geroz eta gehiago bideratzen dituztela azken urteetan: «Espainiako Estatuan inork ez du ikusten dantza ikusgarri bat diru laguntzetatik haratagoko zirkuitu batean, eta, bortxaz, horrek eragina du proposamen artistikoan gero. Egun, ordu bat baino gehiagoko karrika ikuskizun bat luzeegia da; jende gaztea nahi dute dantzan, eta ‘mugitzen’ diren piezak».

Mainstream dantza egitea dakar horrek, hots, AEBetako pieza arrakastatsuen euskal aldaerak egitea. «Kultura hegemonikoetatik heldu zaigunaren euskal bertsioa sortu nahi dugu, kopia merke bat, eta niri horrek sekulako nagia ematen dit».

«Egun, ordu bat baino gehiagoko karrika ikuskizun bat luzeegia da; jende gaztea nahi dute dantzan, eta ‘mugitzen’ diren piezak»

Gainera, Rodriguezek zehaztu duenez, komertziala den horrek ez du ingurua zalantzan ezartzeko ahal handirik. «Zalantzan ez jartzeko» joera bat ikusten du, eta, horrekin batera, «inertziaz egitekoak» eta «interes indibidualetan» errotuak diren gauzak. Ikuspuntu horrek indarra hartu du kultur arloan, haren arabera. «Oro har, bakoitzak ez ditu bere pribilegioak zalantzan jartzen, eta kultur munduan ere anitz gertatzen da hori. Iruditzen zait elite kuratorial batentzat bakarrik sortzen dela kultura. Nola egin bertze manera batez? Ez da erraza, baina etengabeko gogoetan ari naiz horrekin».

ERRUTINARIK GABEKO EGUNAK

Lanak aldika izaten dira konpainian, eta ez da errutina jakinik. Errate baterako, Ultimatum dantza pieza estreinatu baino aste batzuk lehenagoko egunak halakoak izan dira: goiz iratzarri, eta lan administratiboak egin. Antzokira sartu, eta sorkuntza landu ohi dute egun osoan, arratsaldea finitu artio. 18:00etarik aitzina, argi jokoak fintzen eta lantzen dituzte teknikariarekin, eta antzokitik gaueko hamarrak inguru ateratzen dira. Uda garai lasaiagoa da, ez baitituzte hain egun «gogorrak» izaten. Garai horretan, heldu den birari eta sorkuntzei begira jartzen dira bi zuzendariak, baita gorputzaren mugimendua lantzeko moduei begira ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA