Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga ahaztuz, Paralelo 0, ez ipar ez hego izeneko jaialdia antolatu dute Hondarribiko Psilocybe elkarteak, Hendaiako Borderline Fabrikak eta Irungo Lakaxita gaztetxeak, elkarlanean. Lehen aldiz egingo dute, eta bi eguneko egitaraua izango du: gaur eta bihar hainbat kontzertu egingo dituzte Hendaian (Lapurdi), Hondarribian eta Irunen (Gipuzkoa), hiri bakoitzeko publikoa haietara erakartzeko asmoz.
Jaialdiak musika izango du oinarrian, eta Ipar zein Hego Euskal Herriko artistek hartuko dute parte. Guztira, zazpi artista edo talde ariko dira oholtza gainean: Gailu, Gori Gori, Gauak, Silitia, Eneritz Furyak, Fusible eta Xaguxar. Aukeraketa hori ez da nolanahi egindakoa, gainera. Ander Fernandez Borderline Fabrika kolektiboko kide eta jaialdiko antolatzaileetako batek adierazi du ardatz jakin batzuen arabera egin dutela aukeraketa: lurraldetasuna, hizkuntza eta generoa. «Mugaren bi aldeetako proiektuak ekarri nahi genituen, eta, posible zen heinean, Txingudiko badiakoak. Euskararen presentzia eta emakumeen edo gizon ez direnen presentzia ere bermatu nahi izan dugu. Finean, kolektibo bakoitzak ezinegon berberak dauzkagu, eta hori nabari da aukeraketan».
Jaialdiak hainbat helburu dituela nabarmendu du Fernandezek. Besteak beste, «indarrak batzea, publikoak nahastea, mugaz bi aldeetako proiektuak partekatzea eta inguruko eszenari ikusgarritasuna ematea». Horretarako, lehen aldiz arituko dira elkarlanean hiru kolektiboak. Fernandezek aspalditik zerabilen ideia hori buruan, eta Gernika-Lumoko (Bizkaia) Lekuek jaialdiaren ereduari jarraitzea erabaki zuen. Alegia, zenbait kolektibo eta leku bateratzea programazio bakarrean. «Kolektibo bakoitzak ekitaldi asko egiten ditu bere txokoan, eta horiek bateratu nahi genituen. Gu hiru herritakoak gara, baina Bidasoko mugak batzen gaitu. Interesgarria iruditzen zitzaidan hiruen jardunak uztartzea afixa baten pean, eta ardatz batzuen inguruan ados jartzea».
«Kolektibo bakoitzak ekitaldi asko egiten ditu bere txokoan, eta horiek bateratu nahi genituen. Gu hiru herritakoak gara, baina Bidasoko mugak batzen gaitu»ANDER FERNANDEZBorderline Fabrika kolektiboko kidea
Txingudiko badia eremu berezia dela nabarmendu du Fernandezek. Hondarribia, Irun eta Hendaia elkarren ondoan dauden hiru udalerri dira, baina komunitateak «oso banatuta» daude. «Badia honetan 100.000 pertsona baino gehiago bizi dira, eta hiru hizkuntza bizi dira elkarrizketan». Horregatik, jaialdia antolatu duten hiru elkarteen arteko elkarlanak fruituak ekar ditzakeela uste du Fernandezek, baita etorkizunera begira ere. «Kolektibo bakoitzari lehen iristen ez zen publikoetara iristeko modua ematen dio jaialdiak».
Bi eguneko egitaraua
Gaur, hilak 4, abiatuko da jaialdia, Hondarribiko Psilocybenea aretoan. 20:30etan hasita, bertan arituko dira Saguxar, Fusible eta Silitia artistak. Biharko, berriz, egun osorako egitaraua antolatu dute. Hendaiako Borderlinen eta Irungo Lakaxitan egingo dira ekitaldiak. Goizean CD Bermuta antolatu dute Borderline Fabrikan. Helburua da hara joaten direnek etxean dauzkaten CDak eramatea, eta gainerako parte hartzaileekin trukatzea.
Kontzertuak 18:00etan hasiko dira; Eneritz Furyak eta Gailu igoko dira oholtza gainera lehenik. Bi kontzertu horiek amaitutakoan, Hendaiatik Irunera bidaiatuko du festak. Horretarako, antolakuntzak Oinbus musikala antolatu du Lakaxita gaztetxeraino —20:30ak aldera—. Ibilbide hori oinez egiteak badu bere esanahia, Fernandezen hitzetan: «Argi geneukan musika jaialdi bat egin nahi genuela, baina sinbologia bat izanik. Hiru lekuak oinez lotzeak erakutsi nahi du gertu dagoena urruti ikusten dugula askotan».
Behin Hendaia eta Irun lotuta, Lakaxita gaztetxean jarraituko du jaialdiak. Gauak eta Gori Gori DJak ariko dira bertan, eta haiek izango dute festari itxiera emateko ardura.
Kontzertuetarako sarrerei dagokienez, kontzertuak egingo diren leku berean eros daitezke egun bakarreko sarrerak, 8 eta 10 euro bitartean. Baina bi eguneko bonuak ere salgai daude, 20 eurotan; Irungo Bloody Mary disko dendan eskuratu daitezke, baita Borderline Fabrikaren web orrian ere.