Zinema estreinaldiak

Paretaren beste aldean gertatzen direnak

Jonathan Glazerren film berriak Auschwitzeko komandante Rudolf Hoessen eta haren familiaren egunerokoa erretratatzen du; kontzentrazio esparruko paretaren beste aldean bizi den familia arrunta.

'The Zone of Interest' filmaren fotograma bat.
'The Zone of Interest' filmaren fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko urtarrilaren 17a
05:25
Entzun

1940ko hamarkada, Polonia. Hoess familia lakura joan da egunpasa. Manta baten gainean eserita piknik bat egin dute, eta haurrak jolasten ibili ondoren uretara sartu dira. Zortzi pertsonako familia dira hoesstarrak: Rudolf aitak eta Hedwig amak sei seme-alaba dituzte; hiru mutiko, bi neska eta jaioberria den haur bat. Etxe handi batean bizi dira zortziak, negutegia duen lorategi zabal bat eta igerileku eta guzti. Txakurra ere badute, eta familiarentzat lan egiten duten hainbat pertsona etxetik sartu-irten ibiltzen dira.

Hoess familiaren lorategiak badu zementuzko pareta altu bat, arantzadun alanbrezko hiru lerrok babestuta. Paretaren beste aldean Auschwitzeko kontzentrazio esparrua dago. Izan ere, Rudolf Hoess bertan lan egiten duen komandantea da, kontzentrazio esparrua zuzentzen duen pertsona.

Jonathan Glazer zinemagile ingelesak Martin Amisen izen bereko eleberria moldatu du bere laugarren luzea den The Zone of Interest filmerako. Eleberrian askotariko pertsonaia nagusien ikuspuntuak erretratatzen badira ere, Glazerrek Hoess komandantean eta haren familian jartzen du begirada, eta Amisek sortutako mozkor odolberoaren aurrean, gizon bare eta hermetiko bilakatzen du Rudolf Hoess. Paretaren alde batean gizonak agintzen badu ere, beste aldean, etxean, Hedwig da zuzendari, eta Auschwitzeko erregina deitzen dioten emakumea zoriontsu da bere lur zati txiki horretan.

Cannesko jaialdian epaimahaiaren sari nagusia irabazi ondoren, hainbat saritarako izendapenak jaso ditu The Zone of Interest-ek. Kritikarien elkargoek ere saritu dute Glazerren filma: film, zuzendari, gidoi eta soinu banda onenaren sariak jaso ditu Boston, Los Angeles eta Chicagoko elkarteen eskutik. Soinuaren erabilera bikainaz eta Glazerren zuzendaritza borobilaz gain, ordea, Sandra Hueller aktorearen lana goraipatu du kritikak. Auschwitzeko erreginaren azalean jarrita, kontakizunaren hoztasunari lagundu dion antzezpen zehatz eta neurritsu bat egin izana aitortu diote.

The Zone of Interest beldurrezko istorioa da. Glazerrek Auschwitzeko zuzendariaren egunerokoan jartzen du fokua, beste edozein familiaren egunerokoa izango balitz bezala: ibaian bainatzen dira, egunpasak egiten dituzte, txakurrari jaten ematen diote. Baina arruntak diruditen irudi horiei planotik kanpo, offean gertatzen ari den sarraskiaren zantzuak gehitzen dizkio. Soinuaren diseinu zorrotza erabiliz, eta lehen planoan dagoen horri bigarren eta hirugarren planoak kontrajarriz, The Zone of Interest-ek paretaren beste aldean gertatzen dena erakusten du, gertatzen ari den horrek asaldatzen ez duen familiaren erretratuan txertatuta.

'The zone of interest'

Zuzendaria: Jonathan Glazer. Gidoilariak. Jonathan Glazer. Eleberriarenegilea: Martin Amis. Aktoreak: Sandra Hueller, Christian Friedel, Ralph Herforth. Argazkia: Lukasz Zal. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 106 min. Herrialdea: Erresuma Batua. Estreinaldia: urtarrilaren 19an estreinatuko da Hegoaldean, eta urtarrilaren 31n Iparraldean.

 

Beste estreinaldi batzuk

 

'Slow'

Elenak dantza-eskolak ematen ditu, eta Dovydasek zeinu-hizkuntzako interprete gisa egiten du lan. Elkar ezagutzen dutenean lotura ederra sortzen da haien artean. Hala ere, haien harremana kolokan jarriko da Dovydasek Elenari aitortzen dionean harekiko sentimendu erromantikoak dituela baina asexuala dela, hau da, ez duela sentitzen eta ez duela inoiz sentitu beste pertsona batekiko desio sexualik.

Zuzendaria: Marija Kavtaradze. Gidoilaria: Marija Kavtaradze. Aktoreak: Greta Grineviciute, Kestutis Cicenas, Pijus Ganusauskas. Argazkia: Laurynas Bareisa. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 104 min. Herrialdea: Lituania.

 

'Ingeborg Bachmann - Reise in die Wüste (Journey into the Desert)'

Ingeborg Bachmannek gizonak nagusi diren literatura alemaniarreko gotorlekua konkistatu du bere poesiarekin. Bere ibilbidearen gailurrean dago Max Frisch antzerkigile ospetsua ezagutzen duenean. Haien maitasuna sakona da, baina tirabira profesional eta pertsonalak elkarren arteko harmonia apurtzen hasiko dira. Ingeborg basamortura joango da bere lagun Hans Werner Henzerekin eta Adolf Opel gaztearekin; kazetari vienarra bata eta letra-gizona bestea. Bidaia horretan, Ingeborgek bere burua eta, batez ere, bere idazkera berrezagutzeko bidea aurkituko du.

Zuzendaria: Margarethe von Trotta. Gidoilaria: Margarethe von Trotta. Aktoreak: Vicky Krieps, Ronald Zehrfeld, Tobias Samuel Resch. Argazkia: Martin Gschlacht. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 110 min. Herrialdea: Alemania.

 

'Animal'

Greziako eguzki beroaren azpian, uharteko gune turistiko bateko animatzaileak denboraldi turistikorako prestatzen ari dira. Kalia da taldeko liderra. Paperezko dekorazioek, jantzi distiratsuek eta dantza ikuskizunek beteko dute agertokia. Horrela, animatzaile talde honek uda gero eta basatiagoa igaroko du Mirage hotelean lanean.

Zuzendaria: Sofia Exarchou. Gidoilaria: Sofia Exarchou. Aktoreak: Dimitra Vlagopoulou, Flomaria Papadaki, Ahilleas Hariskos. Argazkia: Monika Lenczewska. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 117 min. Herrialdea: Grezia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.