Durangoko 58. Azoka

Parez pare galdezka: Libe Goitia eta Bernardo Atxaga

Askotariko eskarmentu eta diziplinetako kulturgileak gurutzatzen dira urtero Landakoko kaleetan. Haietako bi, beterano bat eta gazte bat, elkartuko ditu BERRIAk egunotan, batak bestea elkarrizketatu dezan. Gaurkoan, Libe Goitia eta Bernardo Atxaga.

(ID_13406146) LIbe Goitia - Bernardo Atxaga
Libe Goitia eta Bernardo Atxaga, atzo, Durangoko Azokan. GOTZON ARANBURU / FOKU
itziar ugarte irizar
Euskal Herria
2023ko abenduaren 7a
05:15
Entzun

Libe Goitia: «Idazketak musikaren ahala izatea gustatuko litzaidake»

 
Baudelairek esaten zuen arrakasta txiki segida batek ekartzen duela arrakasta orokorra. Badakit zure azken arrakasta izan dela Lauaxeta saria; beste batzuk izaten dira hitz on bat, iritzi faboragarri bat... Nahi nuke jakin zure ibilbidean idaztera zerk eraman zaituen.

Nik idazle modura oso denbora gutxi daramat. 2019an hasi nintzen, eta idatzi nuen lehen poema Urruzunotarrak lehiaketarako izan zen. Aurretiaz, ez neukan idatzita ezer. Hasi nintzen idazketan uste nuelako zeozertan izan ahal nintzela erdi ona, edo, behintzat, dezentea. Gainontzean ez nuen asko destakatzen, edo, izatekotan, txarrerako, deigarria nintzelako nire janzkeragatik, edo dena delakoagatik. Poesiaren lehen hurbilketa Bigarren Batxilergoan izan zen, ia txiripaz. Euskarako klasean, eduki genuen irakasle bat poemei buruz hitz egin ziguna, baina abestien bitartez. Iruditzen zait askotan berbak abestien bitartez errazago heltzen direla pertsonengana, eta uste dut horregatik hasi nintzela idazten, heldu zitzaidan moduagatik.

Nor zen irakaslea?

Mikel Urkixo. Berak ere liburua argitaratu du aurten [Hustu artekoak].

Zorionak eman beharko zaizkio. Esan duzu, eta ikusi dut Fast Fatum-en ere, garrantzi handia du musikak zuretzat, ez?

Bai. Musika da gauza bat, bizitzan beste gauza askorekin bezala, ez zarena konturatzen zelako balioa duen. Ni poesian murgiltzen hasi nintzenean konturatu nintzen benetan zer-nolako kapazidadea daukan jendearengana heltzeko. Orain, adibidez, gehiago disfrutatzen dut musika instrumentala. Gustatuko litzaidake idazketak, nire arloak, ahal hori izatea. Agian horregatik ematen diot hainbesteko garrantzia.

Hitzik gabeko musikak niretzat aldi berean du bi aldetako dohaina eta bi aldetako ahulezia; agian bakarrik eragiten diola mundu orokorrari, ez zehatzari. Baina azken galdera, Libe. Irakurri dut zure biografian: Xatki, 2001. Bi patria dira horiek, denbora ere patria bat baita.

Bai. Askotan esaten dut nire pentsamendua ez dudala oso argi politikoki. Baina grazia egiten dit Errusian jaio izana, han egon denean sozialismoa eta mugimendu politiko oso potente bat, eta amaitu izana Euskal Herria bezalako leku batean, hemen ere politikak duen pisuarekin. Niretzat, agian, ez hainbeste, baina hala ere. Paradoxikoa da.

LIBE GOITIAREN GOMENDIOAK

  • 'Mario Benedetti. Poesia Kaiera'. Itzultzailea: Inma Errea Cleix. Argitaletxea: Susa.
  • Seaskaren egutegia. Argitaratzailea: Seaska.

Bernardo Atxaga: «Bizitza beti ari da zerbait esaten; jaso egin behar da»

 

Sinatzen egon gabe ere, jendea sinadura eske izan du Bernardo Atxagak lehen ordutik (Asteasu, Gipuzkoa, 1951). Paradisuaren kanpoko aldeak (Pamiela) du lanik berriena. 

Biok hasi gara idazketan poesiarekin. Iruditzen zait iluntasunarekin lotzen dela hori askotan. Zuretzat, eduki dezake harreman osasuntsu bat zoriontasunarekin?

Bada poesia idazteari ekiten diona halako sentimendu orokor batekin, ze munduaz hitz egin nahi baduzu prosaz, agian idatzi beharra dauzkazu Dostoievskirenak bezalako nobelak. Aldiz, bi lerrotan orokortasunari buruzko esanahi handia egon daiteke. Adibide bat, haiku bat: «Umeek brometan botatzen dizkiete harriak igelei, baina igelak benetan hiltzen dira». Ttak. Argiztapen momentuko bat da. Ni hortik hasi nintzen, eta uste dut beti eutsi diodala. Nire elikadura poetikoa da gehienetan.

Askotan ematen du bizitzari ezinezkoak eskatzen dizkiogula, gauza oso handiak. Ni hasi nintzenetik bizitzari esaten 'bertan egotearekin nahikoa', askoz hobeto doakit. Zoriontasun iturri bihurtu zaizkit kasualitate efimeroak. Eduki duzu halako bizipenik azkenaldian?

Ni beti egoten naiz eskua zabalduta, ea bizitzak zeozer ekartzen didan. Eta, askotan, behar adina denbora edukitzen baduzu zabalduta, ekarri egiten du. Adibidez. Behin, uda amaieran, gari uzta eginda, aldapa batean gora nindoan, ez oso handia, eta arratsa zen, badakizu, arratseko argi hori, kristalinoa, eta bat-batean etorri zen haize bolada bat, jaso zituen gora milaka gari izpi, eta eguzkiarekin, zinez, ematen zuen urre-izpiak zirela. Pintore batek esan zuen, eta egia da: instantea da bakarrik eternoa. Hori ja niretzako ahaztezina da. Seguru nago testu bihurtuko dudala, ze intentsitate handia dauka. Bizitza eta errealitatea oso berritsuak dira, beti ari dira zerbait esaten; jaso egin behar da.

Eta noizko poema berriak? Niri horiek irakurtzea gustatuko litzaidake.

Ni orain parentesi batean nago. Ez dakit zer egingo dudan. Azken bi liburuak bukaera bat dira, baina non eta ez naizen bihar goizean hiltzen, pentsatzen dut segituko dudala idazten. Egunero egiten dut.

BERNARDO ATXAGAREN GOMENDIOAK

  • 'Zakur zaunkak'. Egilea: Iñaki Irazu. Argitaletxea: Susa
  • 'Ni ez naiz Mikel Laboa'. Egileak: Unai Iturriaga, Harkaitz Cano, Joseba Larretxe. Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.