begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Pasaiozu baloia Lefterri eta zaude lasai

2025eko azaroaren 28a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hitz egin genezake porrotaz eta garaipenaz. Aipa genezake, triste, Gaua-k ez duela izan merezi zuen eta espero genuen arrakasta. Txaloz jaso zuten Sitgesen, Beldurrezko Astea ireki zuen Donostian, lepo zegoen Kursaal aretoan, sariak lortu ditu Kataluniako Molins de Rein eta Alacanteko Elxen, eta batetik bestera dabil Paul Urkijo filma aurkezten eta defendatzen.

Krudela da, ordea, diru sarreren leihatila, eta zifrak suertatu dira ahulak. Estatuko 99 pantailatan estreinatu arren, 9.000 ikusle baino ez ziren haietara hurbildu estreinaldiaren asteburuan, eta 60.000 mila euro eskas utzi bertan. Ondorioz, pixkanaka-pixkanaka galdu ditu pantailak, eta Katalunian baino ez dio eusten karteldegian. Bajoiarekin daude pelikulan parte hartu dutenak. Pena handiena ematen diena zera da: Euskal Herrian ere bizkarra eman diogula gure mito izugarriak zeluloidez janzten dituen film honi.

Aitzitik, Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos-ek potente, indartsu jarraitzen du zinemetan. Hiru milioi euro pasa bildu ditu eta, aditu askoren esanetan, lau milioiak ere gaindituko ditu erraz.

Mintza gintezke Bilboko Zinebin aurkeztu ostean gaur Alhondiga aretoan estreinatuko den Marta Gomez eta Paula Iglesiasen Llámame Sinsorga dokumental majo eta batailariaz, zeina Amsterdamgo IDFA zinemaldira eraman duten. Era bihurri, saltsero eta konprometitu batez kontatzen da bertan Bilboko Askao kalean den La Sinsorga Kultura eta Pentsamendu Feministarako eraikinaren sorrera. Bai sorrera intelektuala, bai obrakoa. Esan nahi dut, bertan ikusten ditugu ahizpak igeltsero, iturgin, arotz, elektrikari lanetan. Jo eta fuego etxe osoa zaharberritu arte.

Borroka serio eta latzean dihardute Paulak eta Martak ere. Ahalik eta diru laguntza gehien lortu ahal izateko, ahalik eta leku gehienetan estreinatu behar dute. Ez dute balio, baina, kulturguneek. Estreinaldiek gertatu behar dute saloi komertzialetan. Aldatu beharko lukete arau hori, zinez diotsuet, zaila, oso zaila baita gurean egiten diren hamaika ekoizpenek txoko bat aurkitzea diruak agintzen duen aretoetan. 

Luze egin genezake berba Alberto Gastesi eta Alex Merinoren Singular filmaren ausardiaz. Zientzia fikzio intelektualari heldu diote irmo biek. Baliteke akatsik gabea ez izatea, baina nork nahi du inperfekziorik ez duen film garbi-garbirik?

«Ahalik eta diru laguntza gehien lortu ahal izateko, ahalik eta leku gehienetan estreinatu behar dute. Ez dute balio, baina, kulturguneek. Estreinaldiek gertatu behar dute saloi komertzialetan. Aldatu beharko lukete arau hori, zinez diotsuet, zaila, oso zaila baita gurean egiten diren hamaika ekoizpenek txoko bat aurkitzea diruak agintzen duen aretoetan»

Ikusten? Baziren anitz gai artikulu honetarako, baina Netflixen dagoen film turkiar batean eta batekin nago zeharo engantxatua. Baita flipatzen ere. Fenerbahçe futbol klubean aritu zen Lefter Küçükandonyadis kirolari ezin hobearen biografia da. Hura bezalakorik ez da izan inoiz. Inon. Ez bere klubean, ez arerio handienean, hau da, Beşiktaş-en ere. Bada turkieraz esaera bat, Lefterren eragin amaiezina baieztatzen duena: «Ver Lefter'e yaz deftere». Ezinezkoa eman arren lortuko dugula, horixe esan nahi du. Baina nola esan? «Pasaiozu baloia Lefterri, eta gola izango duzu». Antzekorik badugu donostiarrok kezkak baretzeko: «Ez kezkatu, Arkonada daukagu!».

(ID_17642517445185) \'LEFTER\'
Lefter filma.

Maite dut nik zinema turkiarra. Bai serioa, bai beldurrezkoa. Atrebitu dira Stephen Kingek berak goraipatu zuen Caye Casasen La mesita del comedor itzelezko eta izugarria egokitzen ere... Maite ditut (zuek ere bai, aitor ezazue) bertako kulebroiak ere...

Izan ere, Lefterren gaineko biografiak badu telenobela zoragarri/txar horien kutsu deliziosa. Ez da irudizko desafioa, Zidaneren inguruko hura izan zen legez. Ez da Williams anaiei eskainitako gaurko filmaketa ezin ederrago hura. Baina badu mamia. Oso ondo dago islatua garaia (Bigarren Munduko Gerrakoa, alegia) eta primerakoa dugu gizartearen erretratua. Lefterrek greziarrak zituen gurasoak, eta, badakizue, turkiarrek ez dituzte oso maite auzoko horiek. Beraz, nahiz eta heroi nazionala izan, dezente sufritu zuen Küçükandonyadisek.

Ikus itzazue Gaua, Llámame Sinsorga eta Singular, baina ez galdu Lefter bistatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.