Bihotzekoak jota hil da bart Patrick Mixelena Mixu kantari eta musikari lapurtarra (Doibane Lohizune, 1970). Aviron Bayonnesek Castresen aurkako partida jokatu zuen atzo iluntzean Baionako Jean Dauger estadioan, eta neurketa hasi aurretik Mixuk izan zuen Avironen ereserkia maskotarekin batera kantatzeko ardura. Lana bete, estadioan eseri, eta handik gutxira bihotzekoa izan zuen. Osasun zerbitzuek ahalegina egin arren, ezin izan zuten suspertu.
Oso gaztetan hasi zen musikagintzan. Duela 22 urte Ipar Haize taldea sortu zuen Pantxoa Bergara Xabaltx-ekin batera; 16-17 urte baino ez zituen. 1990ean Izan musika taldean hasi zen eta bi urtez aritu zen han. Urruñako (Lapurdi) Kuxkuxtu txaranga ezagunean ere aritu zen 8 urtez. Baina Sustraia taldearekin egin zen, batik bat, ezagun Mixu. Duela 16 bat urte sortu eta izugarrizko arrakasta lortu zuten Mustafa kantuarekin; hainbestekoa izan zen kantu haren arrakasta eze Mustafa goitizenez deitu izan baitiote hainbat urtez Mixuri.
Azken hilabeteetan MMX proiektuan zebilen Maialen Errotabehere eta Xabaltxekin batera. Hego Amerikan bira egina zuten berriki.
Heriotza