Literatura

Patxi Zubizarreta: «Gizartea eta mundua erabat despoetizatu ditugu»

Loaren negozioa, Miangolarra familiaren ekarpena, filantropia eta sortzailearen beharrak hartu ditu hizpide, besteak beste.

(ID_13357114) Patxi Zubizarreta
Patxi Zubizarreta. ENDIKA PORTILLO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2023ko abenduaren 31
05:25
Entzun

Arrakasta sarien arabera neurtuko balitz, inor gutxik jarriko luke zalantzan aurtengoa Zerria-ren urtea izan denik, Lizardi sariaren ondotik Espainiako haur eta gazte literatur saria eta modalitate bereko Euskadi saria jaso baititu elkarren jarraian. Liburu entzutetsuaren atzean Patxi Zubizarreta dago (Ordizia, Gipuzkoa, 1964), letren mundua sailkatzeko etiketetatik harago doan idazle oparo eta nekaezina. Fokupean izan ostean, Triesten (Italia) aurkitu du bere onera itzultzeko bakea.

Loak ezkutatzen duena eleberriak bete al ditu idatzi aurretik zeneuzkan asmoak?

Ikasgai bat izan da. Jendeak lana aurreratua duenean aurkezten du deialdietara, baina nik orrialde gutxi batzuk besterik ez nuen, eta horrek asko baldintzatu du idazketa, batez ere bukaera. Beharbada bestelakoa izango zatekeen nire prozesua, baina kasu honetan onerako izan dela uste dut.

Zenbaterainoko garrantzia izan du bekak?

Literaturatik bizi nahi duena nekez has daiteke arnasa luzeko proiektu batekin jakin gabe nora doan, argitaletxeren batek hartuko ote duen... Bekak garrantzi handia du, eta, Elkarrek argitaratuko zuela jakinda, ziurtasuna eman dit, baina baita beldurra ere, gustatu ezean edo gauza asko aldarazi ezkero zer egingo ote nukeen. Zorionez, ez da halakorik gertatu.

Hautatu duzun gaia ez da besterik gabe etortzen. Zeu al zara loa galdu duena?

Ez, ez da bereziki nire kasua. Lotaratzailearen pertsonaia pandemia garaian otu zitzaidan, nire inguruan gero eta jende gehiago dagoelako lo egin ezinik. Hori izan da nobelaren abiapuntua. Gizartea eta mundua erabat despoetizatu ditugu, gure gerrek eta egoera lazgarriek bizitza pragmatiko batera eraman gaituzte, eta pertsonaia horrek inkontzientearekin lotzen ninduen, hau da, gure benetako premiekin, gizaki bezala ditugun beharrekin.

Inkontzientean al dago gakoa?

Lo egiten ez baduzu, ez duzu amets egingo, eta gizarte honetan konforme geratuko zara. Esango nuke hori dela liburua laburbiltzen duen metafora.

Freudek esaten zuen pertsonak bi modu dituela bere barruko sekretuak adierazteko, bata gaixotasuna eta bestea ametsa. Psikologo eta psikiatrek ametsa aztertu dute, baina loa, momentu magiko hori, begiak ixtearekin datorren hori, ez da aztertu. Garbi dagoena da loarena auzi politikoa dela.

«Lo egiten ez baduzu, ez duzu amets egingo, eta gizarte honetan konforme geratuko zara»

Idazleak, liburu bat idazteari ekiten dionean, ikerketa bat abiatzen du. Zer ikasi duzu zuk?

Jendeak nolako teknika eroak erabiltzen dituen lo egin ahal izateko; Rabelek, Franklinek....

Ardiak kontatzeaz gainera...

Ardiak banaka kontatzeak ez du zentzurik: garunak nekatu egin behar baitu. Kontatzekotan, ehundik behera, edo zazpinaka. Deskubrimendu politak egin ditut; Meseta dokumentalean, adibidez, herri abandonatu bateko gizon batek bizilagunen kontuak gogoratzen ditu: hango etxetan hil zen halako, beste hartatik joan zen norbait hirira... Oroitze ariketa horrek laguntzen dio loak hartzen.

Heriotza gogorarazten du.

Rosa Monterok esaten zuen loa hiltzen saiatzen hastea dela. Beste batzuek kontrakoa esango dute: «Zertarako lo egin, betikotasun osoa baldin badut lo egiteko».

Hain zuzen, gazteak badu lo ezaren idealizazio hori, gauari lo orduak kendu nahia, baina hemen bestela deskribatzen da, eta dena da mina, eromena.

Bai, egia da. Gustavo Martinek zioenez, badira gaueko hitzak eta eguneko hitzak, eta egunekoak Palestina, olioaren prezioa, gobernu berria eta antzeko gaiei buruzkoak dira. Gauekoak, berriz, horien azpitik daude, eta gure beldurren gainekoak dira. Gauez, gainera, izu bihurtzen dira. Hor sakondu nahi nuen. Ezin esan zer ikasi dudan, ez daukat ondoriorik-edo, baina barruko hitz horiek azaleratzeko balio izan dit.

Esaten dute baleak eta izurdeak hemisferio bakarrekoak direla, burmuinaren erdiarekin lo egiten dutela, eta beste erdiarekin erne doazela. Gizakioi dohain hori falta zaigu, beharbada.

Lo nahi gaituztela esan izan duzu. Zer hausnarketa duzu horren atzean?

Loa negozio bidea da enpresa askorentzat, eta esango nuke menpekotasuna handiagotu nahi digutela, dosika-dosika. Interes asko dago kontu horretan, eta hori salatzera dator Petra.

Petra kazetaria da. Ofizio horretan ere egingo zenuen ikerketarik.

Kazetari lanetan ibilia naiz. Goierritarra-n hasi nintzen, eta Egunkaria sortu berrian ere aritu nintzen. Azken orrialdeko elkarrizketa asko nik egiten nituen Gasteiz aldean. Kaleko musikariak eta abar elkarrizketatu nituen, normalean jende ez oso ezaguna. Oso hurbilekoa dut kazetaritza, aritu izan naizelako horretan, baina baita lagun kazetari asko ditudalako ere. Literaturaren eta kazetaritzaren arteko muga oso lausoa da. Bien arteko muga loaren antzekoa da, iheskorra eta labaina.

Ama ezkongabea edo guraso bakarra ere bada Petra.

Interesgarria iruditzen zitzaidan haren beldurrak ere agertzea. Semearen etorkizunak loa galarazten dio, baita bere egoera pertsonalak ere, nahiz eta Euskadi saria irabazita daukan eta alde horretatik pozik dagoen.

Klima aldaketa aipatzen da, baina gure barrena gero eta hotzago dago, gero eta eskasagoa dugu sentsibilitatea; hain zuzen ere, bizirauteko baliabide bat delako. Oso sakon jo ezkero, mundu honetan ez dago bizitzerik. Hori da Petrak transmititzen duena.

«Literatura distira txikien artea da, ez futbol zelaietako fokuen argia»

Miangolarra familiaren ekarpenaz ere aritu zaraSakonean, itsasoa ikusten da saiakeran (Txalaparta). Nolatan heldu zenion gai horri?

Monarka tximeleta etortzen zait akordura. Kanadako lur hotzetatik Mexikoraino joaten da, baina Superior lakura iristen denean, Chicago inguruan-edo, laku gainetik zuzen egin beharrean, halako bihurgune bat egiten du, kilometro luzekoa, eragozpenik ez badago ere. Entomologoek eta geologoek deskubritu berri dutenez, hor sekulako mendi puska egon zen, glaziar eta guzti. Antza denez, informazio sentimental hori senean gordea dute, eta horregatik inguratzen dute lakua. Gure herriko historian ere baditugu halako mendi ezkutuak, eta Miangolarra familiarena deskubrimendu historikoa izan da niretzat.

Nondik nora iritsi zinen haien arrastora?

Joserra Senperenak, behin, Ez dok Amairukoen diskoak non grabatzen ote zituzten jakin nahi, eta miangolarratarren senide bati galdegin zion; orduan hasi zen dena. Hark «osabaren etxean» erantzun zion; bi pisu zeuzkatela Donostian, Gros auzoan, batean Pako Miangolarra eta Itziar Mintegi bizi zirela, eta goikoa erabat intsonorizatu zutela, Herri Gogoan argitaratuko ziren diskoak grabatzeko.

Direnak eta ez direnak grabatu zituzten han: Ez dok Amairu, Xalbador, Mattin, organo kontzertuak... denetarik. Herri musika ere bertsionatu zuten New Yorken, Fisherrekin, Pello Joxepe bezalako kantak diskoteketan ematea nahi zutelako.

Familia eskuzabala.

Gernika aldekoak ziren. Gerraostean, Venezuelara jo behar izan zuten ihesi, eta, han, herrialde osoa kartografiatu zuten. Lau seme-alaben artetik, Pako nabarmendu zen batik bat. Beti herriminez, eta, Euskal Herrira itzultzen hasi zenean, Mark Legasse eta Federiko Krutwigekin elkartzen zen Donibane Lohizunen. Nire ustez, oso egoera larrian oso ondo pasatzen zuten.

Pakok Krutwigen Vasconia finantzatu zuen; laburbilduz, Euskal Herriak mapa bat behar zuelako. Buenos Airesen publikatu zela esan arren, Parisen eman zuten argitara, Pakoren arrebaren inprentan.

Gezurra badirudi ere, miangolarratarren historia ez du inork ezagutzen, ezta donostiarrek ere!

Filantropoaren figura aldarrikatzera al dator liburua?

Hori ez zen nire asmoa. Ni monarka bat sentitzen nintzen. Garai batean, liburuetako orriak ongi ireki gabe etortzen ziren askotan. Gutunak irekitzeko labana modukoa erabili behar izaten genuen. Hemen ere antzeko zerbait gertatu da. Hiruzpalau orrialde itsatsirik zeuden, eta pasatu egin ditugu.

Duintasunaren eta eskuzabaltasunaren aldeko apustua oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta hori bera kontatu dut zeharka, protagonistek hori bera erakutsi zutelako. Pakok, adibidez, bazuen joera oso garbi bat: zerbaiti ekin, eta bukatzean utzi. Eta diskrezioa erabatekoa. Gaur mezenas bat balego, argi dago liburu guztietan egongo litzatekeela haren zigilua.

Liburua lantzen ari nintzela, gauza bera esaten zidaten elkarrizketatu guztiek: alegia, herri honek beste mapa bat behar duela, berriro ere desaktibatuta gaudelako.

«Lehen agurtzen ez ninduen jendearen agurra jasotzen hasia naiz dagoeneko»

Filantropoarenaz harago, zer figura beharko luke euskal literaturak, zure idazle ibilbideak eman dizun ikuspegitik begiratuta?

Uste dut editorearen figura gehiago zaindu eta mimatu behar dela. Bestalde, ez dakigu nola egin promozioa obra bakoitzari. Liburua irakurlearengana eramango duen figura falta da. Ez litzateke agente hutsa. Agentea ere ondo dago, eta ondo dago gure obra kanporatzea, baina hemen barneratu behar ditugu.

Sekulako panorama ederra dugu sorkuntzan. Pakok ez luke sinetsiko gaur egun zer dagoen, Durangon gaindosi moduan datorren arren. Literatura distira txikien artea da, ez futbol zelaietako fokuen argia.

Irratian entzuna dut Zerria gehiago saldu dela sariei esker.

Saririk izan ez balitz, Zerria erabat ahaztuta zegokeen. Sortzaileok konplizitatea behar dugu kazetariekin, liburuzainekin eta irakasleekin; bestela, zubi hori Palestinako zubi hondatu bat da. Sariak argitasun pixka bat ekarri dio liburuari. Lehen pospolo bat zen, itzalita zegoen, eta orain beste pospolo bat piztu da. Gaztelaniaz Porcos izenburupean aterako dela ziurtatu didate.

Non utzi zaituzte sariek? Nola ikusten duzu zeure burua?

Sariak iristerako nobela bukatu izana, horixe saririk handiena. Bestela, erotu egingo nintzatekeen. Esker on eta berotasun ikaragarria sentitu ditut, benetan, baina desubikatu egin naute. Distantzia behar izan dut, eta Triesten hasi nintzen nire onera etortzen, ez baikaude ohituta. Beti pospoloekin gabiltza, eta bat-batean argia piztu eta itsutu egin ninduen. Ohituta geunden liburuak oharkabean pasatzen ikusten, nahiz eta ahalegin handia egin, bai Lizardi sarirako, bai ondoren ere.

Nolabait esanda, shockean utzi nau, baina era berean goxokean. Lehen agurtzen ez ninduen jendearen agurra jasotzen hasia naiz dagoeneko.

«Ez dut maparik ikusten kulturan. Bizipoza badago beharbada, baina ilundu egiten da»

Bai tristea.

Alderdi gazi-gozoak ere baditu, baina hori logikoa da. Espainiako sari nazionalarekin, adibidez, dei gehiago espero nituen argitaletxeetatik, baina ez dago interesik.

Gure kulturarekin harro egoteko moduan gaude, gure itzulpen mailarekin, gure tituluekin, hori da aldarrikatzen dudan izpiritua. Eta guk kanporatu nahi genuke gurea, baina hor ez dago interesik. Lehen, kuotak egoten ziren, eta gaur egun, ezer ez. Promozioa behar dugu kanpoan, baina baita hemen ere. Batez ere hemen.

Sosak ere badakartza sariak. Horrek arnasa pixka bat emango dizu sortzen jarraitzeko. Baduzu ezer esku artean?

Ez, nire gauza txikiak egingo ditut. Nobela bat amaitzeak jota uzten zaitu, eta orain gozatu egin nahi dut: eskoletara eta institutuetara joan, unibertsitatera joan, bidaia batzuk egin...

Isilpeko lan ugari egin duzu, Euskal Idazleen Elkartean, eta abar. Nolako panorama ageri da?

Pentsa, 60 urte eta beka laguntzara aurkeztu behar. Lotsa ematen zidan, egia esan. Ez al daukagu eskubiderik dotoreago jokatzeko? Hori da nire sentsaziorik ezatseginena. Ikusten dudana da oso prekario jarraitzen dugula sortzaileok eta elkarteak berak, beti diru laguntzen menpe.

Ez dut maparik ikusten kulturan. Bizipoza badago beharbada, baina ilundu egiten da: ametsa amesgaizto bihurtzen du egoerak.

Bestalde, dena da etekina eta etekina. Hemen editoreak literaturazale ikusten ditut, baina kanpoan gestore dira. Ez dago interesik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.