Literatura

Patxi Zubizarretak irabazi du Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria

'Zerria' lanagatik egin diote aitortza. Besteak beste, «kontakizunaren ahalmen desafiatzailea» nabarmendu dute epaileek, baita «irakurlearen memoria eta oraina astintzeko eta hunkitzeko abilezia» ere.

Iaz plazarturiko 'Zerria' liburuagatik jaso du Patxi Zubizarretak aitortza. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko irailaren 19a
14:49
Entzun

Atzera ere, euskarazko lan bati egin dio aitortza Espainiako Haur eta Gazte Literatura sariak: Patxi Zubizarreta idazleak (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) irabazi du garaikurra aurten, 2022an plazaraturiko Zerria liburuagatik (Erein). Lanaren hainbat ezaugarri nabarmendu ditu epaimahaiak: hala nola «narrazioaren kalitate aparta» eta «irakurlearen kontzientzia, memoria eta oraina astintzeko eta hunkitzeko erabilitako abilezia».

Halaber, nobelaren «ahalmen desafiatzailea» goratu dute epaileek. Gainera, diotenez, Zubizarretak ederki jakin du «deskribapen hipnotikoz» gizatasunari buruz hausnartzen. «Patxi Zubizarretak, bere leuntasunarekin eta idazkera dotorearekin, ederki lortzen du zaurian edertasuna aurkitzea. Haurrentzako literatura harribitxi bihurtzen du hala», erantsi dute.

Hain zuzen ere, besteak beste sari bati esker argitaratu zuen Zubizarretak Zerria, lanak 2021eko Lizardi saria irabazi baitzuen, sariketak haurrentzako obrak ez ezik gazteentzakoak ere aintzat hartu zituen lehenbiziko aldian. Zubizarreta lehendik ere izana zen garaile hartan; 1991n, haren liburu Matias Ploffen erabakiak saritu zuten. Gainera, bestelako sari ugari jasotakoa da Zubizarreta. Esate baterako, lau aldiz eman diote hari haur eta gazte literaturako Euskadi saria –1998an, 2006an, 2010ean eta 2019an–.

Espainian saritu berri duten Zerria eleberrian, gizatasunaren eta animaltasunaren gaineko hausnarketa sakona egiten du Zubizarretak, gazte glaziologo batek jasotzen duen notizia bat abiapuntu hartuta. Beste beste, infantizidio baten kontakizuna eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.