Izan zitekeen Gutun Zuria jaialdiaren muskuluaren froga bat, batetik. Edo izan zitekeen literatur sistemaren beheraldiaren seinale bat ere, aurrerantzean izarrik dirdiratsuenek ere promozioaren zeregin mundukoietara nola makurtu beharko zuten erakutsiko zuena —batez ere ia 1.000 orritik gorako liburukote bat argitaratzen badute— . Bien arteko konbinazioren bat izango zen, seguruenik. Edo, noski, Europa gurutzatu zuen aurkezpen bidaiako hegaldi konexioei buruzko detaile guztiz prosaikoren bat ere bai, bestela. Baina, arrazoia edozein zela ere, 2017ko irail hartan, Paul Auster Bilboko Azkuna zentroan izan zen, 4 3 2 1 nobelaren gaztelerazko itzulpena aurkezten. Eskuzabal eta adeitsu, areto betearen aurrean. Kasualitatea. Edo.
Baina, hain justu ere, haren nobeletan bezala, hori izan zen prentsaurrekoan azaldu ziren gaietako bat. Zoria. Gai izarra, akaso. Archie Ferguson izeneko pertsonaiak izan zitzakeen lau bizitza posible esploratzen zituen idazleak nobelatzar hartan, eta baietz erantzun zuen idazleak, patuaren aurkako manifestu bat izan zitekeela lana. Ez zuela hartan federik. Eta, fikziotik errealitatera itzuliz, egun haietan, besteak beste, Puerto Rico mehatxatu zuen Maria urakana jarri zuen adibidetzat. Zoriaren hego astinaldi bat zelako biztanle haien beldurraren jatorria. Halako zerbait, baina haren hitzetan.
Kasualitatea bestea ere. Hilabete eskas lehenago Bartzelonako Rambletan furgoneta batekin sartuta, hamahiru pertsona hil eta ehundik gora zauritu zituen erasotzaile batek. Eta dotorezia eta, batez ere, zentzuz asmatu zuen Austerrek horri buruzko galdera ezinezko bati izkin egiten, minari eta doluari tokirik ukatu gabe: Kataluniako kazetari batek halako egoera bati aurre nola egin ahal zaion galdetu zion, gogoratu zionez New Yorken ere atentatu handi bat bizia baitzuten, eta, bera idazle esanguratsu bat zen neurrian, kontsolamenduzko hitzak eskatu zizkion, herrikideentzat. Eta, gutxi-asko, idazle bat baino ez zela erantzun zion Austerrek. Ez zuela gomendiorik egiterik. Kontsolamenduzko hitzak ematea gehiegizko egitekoa zela. Gutxi-asko, herritar bat gehiago zela bera.
Izar baten umiltasun keinu bat izan zen. Baina, akaso, baita gizarteak maiz literaturari eskatzen dion berehalako baltsamo lanari izkin egiteko literatura idaztea beste biderik ez dagoela gogoratzeko oroitarazle bat ere.
