Literatura

Paulette Nardal, 'négritude'-aren ahots ahantzia

Aime Cesaire, Sedar Senghor eta beste egile batzuen gerizpean, Paulette eta Jane Nardal ahizpak giltzarri izan ziren iragan mendeko kontzientzia beltzaren pizkundean. Sorbonan ikastea lortu, eta ‘La Revue de monde noir’ aldizkaria sortu zuten elkarrekin.

Paulette Nardal zutik, Lucy eta Jane ahizpekin, 1935ean, Parisen. CHRISTIANE EDA-PIERRE
Paulette Nardal zutik, Lucy eta Jane ahizpekin, Parisen. CHRISTIANE EDA-PIERRE
itziar ugarte irizar
2025eko abenduaren 7a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da izango letra larriz idatzi den kultur mugimendurik haren parte izan diren emakumeak itzalperatu ez dituenik. Adibideak franko dira, eta négritude-arena da bat: pultsio antikolonialaren barruan, identitate beltzari beste zentzu bat eman zion korronte literario eta politikoa izan zen, zeinaren ordezkari gailen gisa Aime Cesaire, Leopold Sedar Senghor eta Leon Damasen izenak nagusitu diren. Kontzeptuaren sorreran bertan zeresan handia izan zuen beste pertsona bat, aldiz, Paulette Nardal izeneko kazetari, idazle eta aktibista izan zen, zeinaren Parisko etxeko egongelan egin baitziren mugimendua hauspotu zuten elkarrizketa ugari. Aurten berrogei urte zendu zen Nardal, eta, haren bizitzaren azken urteetan aitortza egiten hasi zitzaizkion arren, urteak behar izan dira haren ekarpena modu zabalago batean ezagutarazteko. Artean bizi zela, jakitun izan zen oso haren eta beste emakume beltz aurrendarien gainera hedatua zen itzalaz. 1963an idatzi zuen gutun batean: «Guk lantzen eta adierazten genituen ideiak distira eta txispa handiagoz berrartu zituzten haiek [négritude-ko gizon idazleek]. Ez ginen soilik emakumeak, egiaz ginen aitzindariak. Bidea ireki genien, zalantzarik gabe».

Zazpi ahizparen artean zaharrena izan zen Nardal. Louise Achille zuten ama, eskola bateko irakaslea eta pianokoa; aita, berriz, Paul Nardal, esklabo liberatu baten biloba eta Martinika irlako lehen ingeniari beltza. Frantziaren meneko lur hartan jaio ziren zazpi senideak —Paulette 1896. urtean—, eta, erdiko klasearen parte izanda, kultur heziketa «osoki mendebaldarra» jaso zuten. Hezkuntzarako grina bai, baina arrazagatiko diskriminazioaren gaineko kontzientziarik ez omen zuten jaso etxean.

Parisera iristean aldatu ziren gauzak Paulette Nardalentzat. 24 urte zituela iritsi zen, ingeles ikasketak egiteko asmoz eta Jane ahizparekin batera: Sorbonako unibertsitatean ikasi zuten lehen emakume beltzak izan ziren biak. Han hasi ziren modu sakonago batean identitate beltzari buruz hausnartzen, eta horrek bultzatu zuen Nardal bere doktore tesia Harriet Beecher Stowe idazle abolizionista eta feministaren inguruan egitera —Osaba Tomen etxola (1852) eleberriaren egilea—. Gutxika, bi ahizpak bete-betean murgildu ziren Parisko bizitza kultural eta intelektualean, eta jazzaren, musika afro-amerikarraren eta Marian Anderson eta Josephine Baker artisten zale amorratu bilakatu ziren, besteak beste.

«Iritsi nintzenean, Mademoiselle Nardal besterik ez nintzen», oroitu zuen zenbait urte geroago Nardalek. «Frantzian jabetu nintzen nire desberdintasunaz. Zenbait gauza sentiarazi zizkidaten, eta ez da ahaztu behar gu Mendebaldearen ekoizpen oro miresteko heziak izan ginela. Esan gabe doa: poz eta harrotasun handia ematen zidan paristarrak, frantziarrak, ekoizpen beltzekin hainbeste hunkitzen ikusteak».

Igande arratsak Clamarten

Arrazakeriaren eta kolonialismoaren aurka ekiteko ingurune bizia bilakatu zen Paris bi Mundu Gerren arteko aldian. Han egin zuten lehen Panafrikar Kongresua 1919an, esaterako; eta Martinikako Rene Maran idazleak Goncourt sari prestigiotsua irabazi izanak ere —Batouala eleberriagatik— mugarri esanguratsua jarri zuen 1921ean. Kazetari gisa, Paulette Nardalek urte horietan egin zuen bat La Dépêche Africaine aldizkari panafrikanistarekin —ez zen orduan emakume beltz kazetaririk inguruan—, eta han argitaratu zuen Jane Nardalek Black Internationalism testu garrantzitsua, zeinaren bidez batzeko deia egin zien afrikar beltzei, afro-amerikarrei eta antillarrei.

Jakina da zer-nolako garrantzia izan duten egongela eta kafetegi jakin batzuek literaturaren historian; bada, negritudé-ak Paulette Nardalen etxeari zor dio berea. Parisko Clamart auzoko 7. zenbakian bizi zen Nardal, eta politikaz eztabaidatzeko, poesia irakurraldietarako eta musika beltzaz gozatzeko bilgune bihurtu zuten haren egongela igande arratsaldeetan. Ohiko gonbidatuen artean zeuden Senghor, Cesaire eta Damas, eta han hasi ziren forma ematen ondoren négritude izena hartu zuen kontzeptuari. Senghorren arabera, «mundu beltzaren zibilizazioaren balio guztiak» biltzen zituen.

'La Revue du monde noir' literatur aldizkaria frantsesez eta ingelesez argitaratu zuten Nardal ahizpek, eta «internazionalismo beltza» hauspotu zuten haren bidez.

Haren gaineko eztabaidetan parte hartu zuten Nardal ahizpek ere, eta bien artean sortu zuten La Revue du monde noir literatur aldizkaria 1931n: poemak, narrazioak eta artikuluak argitaratu zituzten, frantsesez eta ingelesez. Aitzindaria izan zen horretan, ele bitan publikatzen, horregatik esaten da argitalpenak «internazionalismo beltza» hauspotu zuela. Izan ere, Frantzian zeuden idazleez gain, Harlemgo Pizkundeko kideek ere hartu zuten parte —sasoi bertsuan arte eta kultura afro-amerikarraren biziberritzea gertatu zen AEBetan, New Yorkeko Harlem auzoko komunitate afro-amerikarrak bultzatuta—.

Kritikarien esanetan, La Revue du monde noir-ek «estetika beltza» eta arraza identitatearen harrotasun sentimendua sortzen lagundu zuen, baina ez zen polemiketatik salbu egon. Ahots batzuek esan zuten Paulette Nardalek sutsuki defendatutako agerkaria ez zela politikoa, «osoki kulturala» baizik, sortzaileek hala erabaki baitzuten autoritate kolonialen zentsurari izkin egiteko; baina Etienne Lero eta Rene Menil idazleek, besteak beste, kolonialismo frantsesa eta «koloreko burgesia karibetarra» zuzenean kritikatu zituzten aldizkariaren orrietan, eta azkenean finantzaketa kendu zieten, sortu eta sei hilabetera.

«Larruazal eskandalagarria»

Emakume beltzen askapenerako oinarria ere jorratu zuen Nardalek bere artikuluetan. Frantzia kontinentalean, haiek jasaten zuten bazterketa gizon beltzek jasaten zutena baino bortitzagoa zela adierazi zuen —gerora intersekzionalitateak garatuko zuen ideia hori—; eta La Revue du monde noir aldizkarian ere zera idatzi zuen Roberte Horth idazle guyanarrak: «Herrialde honetan, emakume beltza ez da inoiz beste emakume guztiak bezalakoa izango, ezingo baitu ezabatu besteek harengan ikusten dutena: arima mendebaldar bat, larruazal eskandalagarri batez jantzia».

Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Martinikara itzultzen saiatu zen Nardal. Hartu zuen itsasontzia, ordea, bonbardatu egin zuten alemanek, eta urtebete igaro zuen ospitalean, zauri larriak osatzen, eta han ere bonben erasopean. Sorterrira bueltan, La Femme dans la cité aldizkaria jarri zuen martxan, eta bozkatzera animatu zituen emakumeak. Horrek bere aurkako eraso eta mehatxuak ere ekarri zizkion —baita kristau sutsuen erasoak ere— , eta, azkenean, etxekoen eskariei men egin, pauso bat atzera eman, eta beste zeregin bati heldu zion: Joie de Chanter abesbatzaren bitartez musika beltz espirituala hedatzeari.

Ia 90 urteak beteak zituela hil zen han, duela berrogei urte, eta gerora hasi dira kritikariak Nardalen ekarpena balioesten, neurri handi batean feminista estatubatuarren eskutik. Maryse Conde idazle guadalupetarrak, esaterako, zera azpimarratu zuen 2004an Nardal ahizpen inguruan: «Intelektualak izan nahi zuten, eta hori modu esklusibo batean gizonei gordetako eremu bat zen: liluraz bizi zuten, baina ez zieten horren parte izaten utzi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.