«Euskal pentsamenduaren anbizio emantzipatzailea da elkarrizketa zeharkatzen duten gaietako bat». Ibai Iztueta Azurmendi Kognizio Zientzien eta Giza Zientzien adarrean doktore, irakasle eta idazleak hala laburbildu du Jakin aldizkariaren 266. zenbakirako aitari, Paulo Iztueta Armendariz idazle, pentsalari eta kultur eragileari, egindako elkarrizketa, eta guztira 79 orri behar izan ditu haren ibilbide geografiko, historiko eta intelektuala biltzeko. Izan ere, elkarrizketatzaileak solasaldiaren sarreran zehaztu duenez, Iztuetaren ibilbideak modua ematen du euskal historia garaikidean izandako jauzi garrantzitsu bat sakon aztertzeko. Semearen hitzetan, hori ikusten baita haren aitaren ibilian: «euskal pentsamenduak, ezinbestean oinarri klerikala —eta nagusiki herritarra— izatetik, nola eman duen XX. mendeko bigarren erdian sekularizaziorako eta unibertsitaterako jauzia».
Berastegiko (Gipuzkoa) baserriko lanei buruzkoekin hasten da solasaldia, eta hortik doa urratsez urrats gero, Iztuetaren bizialdia zabalduz. Tolosako eta Areatzako komentuetara lehenik, Erroman emandako urteetara gero, apaiz egin zen garaira, Parisen egindako erbestealdira ere bai gero, apaizgoa uzteko hartutako erabakira ondoren, Euskal Herrirako itzulerara azkenik. Eta sasoiz sasoiko giro intelektual, kultural eta politikoaren nondik norakoak azaltzen ditu Iztuetak elkarrizketan. Horrez gainera, UZEI elkartean, EHUn irakasle lanetan eta Utriusque Vasconiae argitaletxean egindako ibilbideaz ere mintzo da pentsalaria. Orixek, Jose Antonio Agirrek, Gabriel Arestik, Joxe Azurmendik, Txillardegik, Koldo Mitxelenak eta beste hainbat figurak piztutako gogoetak eta oroitzapenak ere aletzen ditu, gainera.
Pentsamendu arroztua
Iztuetaren ondorengo gogoetak ere badakartza elkarrizketak, euskal pentsamenduari buruzkoak. Hala definitzen du pentsalariak, lehenik: «Herri batek, nazio batek, nazio den aldetik, sortzen duen diskurtsoa, pentsamendu mailan». Etengabe eraikitzeko eta berritzeko beharra duela ere aipatzen du, eta, hain justu ere, horretan ari dela Euskal Herria orain ere. Ez trabarik gabe, ordea. «Horretan gaude. Baina egia da gehienean pentsamendu arroztua erreproduzitu dela Euskal Herrian, historikoki bertako eliteak eta intelektualeria Salamancako, Zaragozako, Valladolideko unibertsitateetan eta Frantziako unibertsitateetan eskolatu eta heziak izan direlako».
Iztuetaren elkarrizketaz gainera, Nekane Goikoetxearen artikulu bat ere badakar Jakin-en 266. zenbakiak. Joseba Intxaustik euskararen historia sozialari egindako ekarpenaren garrantzia nabarmendu du Goikoetxeak hartan, eta haren ikuspegian Kataluniako ereduak izan zuen garrantzia ere aztertu du.
Zenbakia ixteko, hemendik aurrera Shu Otero eta Cira Cresporekin batera hirukoa osatuko duenaren estreinako testua dakar Egunen gurpilean sailak, Jokin Bergara Egurenena; bestalde, Itziar Ugarte Irizar idazle eta BERRIAko kazetariak Jone M. Hernandez Garciari egindako elkarrizketa jaso dute Jakin filosofatzen atalean.