Patxi Bisquertek (Zizurkil, Gipuzkoa, 1952) urteak eman ditu bere opera prima ontzen. Aktore gisa Pedro Mari Otaño bertsolariaren larruan sartu nahi, eta hori ez beste guztia egin du filma plazaratu zedin: bertsolari eta olerkari haren garrantzia aldarrikatu, auzolana martxan jarri, baliabideak lortu, zuzendu eta sustatu, besteak beste. Amaituz geroztik behin eta berriz ikusi du filma, behinik 50 bider. Baina ez omen da aspertu. Aldiko zerbait agertzen omen dio.
Hiru lan zuzendu zenituen Galizian, baina Ombuaren itzala bezain potolorik egin gabea zinen artean. Erronka horretan, zer izan da zailena?
Banekien ahulezia handiena alde teknikoan izango nuela, eta horretarako laguntzaile on bat beharko nuela, eta konfiantzazkoa. Joseba Salegi nire bigarren pelikulan ezagutu nuen, Albaniaren konkista-n, eta harekin aritzeko aukerak ziurtasun handia eman zidan.
Lehen aldia nuen aktoreak zuzentzen, eta urduriago ibiliko nintzela uste nuen. Baina grabaketa eguna iritsi zenean oso lasai nengoen, eta horrela izan da prozesu osoan. Aktore lanetan aritu behar dudanean, berriz, beti dabiltza inurriak urdailean bueltaka. Tentsio momenturik izan da, noski, eta halakoetan urak baretzen aritu behar izan dut, baina oso lasai.
«Lehen aldia nuen aktoreak zuzentzen, eta urduriago ibiliko nintzela uste nuen. Baina grabaketa eguna iritsi zenean oso lasai nengoen. Aktore lanetan aritu behar dudanean, berriz, beti dabiltza inurriak urdailean bueltaka»
Jende asko mugitu behar izan duzuenean, adibidez?
Bai, horrelakoetan nerbioa behar da, eta Salegik badu. Laurak Bat euskal etxeko sekuentzia egin genuenean, Hondarribian, ehundik gora lagun ginen udaletxeko areto nagusian; horietariko bakoitza bere tokian mantentzeko diktadore samarra izan beharra dago.
Non utzi zaitu pelikula honek? Zuzendari jarraituko duzu ala aktore nahiago?
Bietatik, ziurrenik. Niretzat gauzak kasualitatez izan dira beti. Istripuz naiz zinemagile, eta ez dut inoiz bilatu zineman lan egitea. 1981ean, Imanol Uribek Egin-eko argazki batean ikusi ninduenean, esan zuen: «bila ezazue tipo hau», eta horrela hasi nintzen. Hura eginda, nire zinema ibilbidea hor amaituko zela pentsatu nuen, baina handik bi urtera berriro deitu zidan Albaniaren konkista-ra joateko. Nahi gabe izan zen.
Ekoiztetxea ere halaxe sortu nuen. Galizian bizi nintzen orduan. Emilio Arauxo jarri zitzaidan harremanetan, esanez El País egunkarian nire elkarrizketa bat irakurri zuela. Tasio filmaz maiteminduta erabat, eta zinema galegoa egin behar genuela esanez. Feloen gaineko material mordo bat ekarri zidan. Halaxe sortu zen Eguzki Art.
Euskarazko izena jarrita, Galizian.
Han ezkondu nintzen, eta landetxe bat jarri nuen: Casona Eguzkia. Ekoiztetxea sortutakoan etxearen izena erabili nuen. Eguzkilore jarri nahi nion, baina hori hartuta zegoen. Han denetik egiten genuen. Bertako sortzaileei tokia egiten saiatu ginen.
Ombuaren itzala filmean denetik egin duzu: auzolanean sortu, dirua bildu, zuzendu, aktore lana, sustapena... Ez zara makala.
Denetik egitea egokitu da, baina ez dit zapore txarrik utzi. Halere, zenbait momentutan gaizki pasatu dut. Grabaketa amaitu eta gero, esate baterako, makalaldi bat izan nuen. Abuztu hasieran bukatu genuen grabaketa, eta muntaketa eta gainontzekoa berehala egin genuen. Baina urri bukaeran-edo sudurretik odola isurtzen hasi nintzen. Egunean bizpahiru aldiz gertatzen zitzaidan, eta horrek ahulezia handia eragin zidan. Lau egun eman nituen ospitalean, eta oraindik ez dakigu zerk eragin zidan hori, baina pasatu zen... Estresagatik izan ote zen edo. Estututa ibili nintzen, filma azaroan estreinatu nahi bainuen Zizurkilen, eta denbora gutxi falta zen.
«Grabaketa amaitu eta gero makalaldi bat izan nuen, estresagatik izan ote zen edo. Estututa ibili nintzen, filma azaroan estreinatu nahi bainuen Zizurkilen, eta denbora gutxi falta zen»
Nolanahi ere, zuzendaritzan jarraitzeko gogoz.
Bai, baditut beste zenbait gauza eskuartean, eta bat behintzat oso finkatuta buruan. Istorio horrekin Otañoren lorratzean jarraituko genuke nolabait. Haren biloba bat, Magdalena Araceli Moujan Otaño, sekulako matematikaria izan zen, oso ospetsua Argentinan, eta Nobel sarietarako ere izendatua. Bada, hark ipuin bat idatzi zuen 1998an: Gu ta gutarrak. Inoiz irakurri dudan istoriorik politena da. Hamabost orrialde ditu, eta film baterako egokitu dut. Oraintxe amaitu dut gidoia.
Labur esanda, denbora makina bat asmatzen dute ipuinean, eta horren bidez euskara eta euskaldunak nondik datozen argitzen da. Oso surrealista da, eta nahiko zaila film batera eramaten.
Euskal diasporak askorako eman dizu, beraz. Laguntza handia jaso zenuten han?
Ez toki guztietan. Hondarribian grabatutako eszena Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxean egin nahi genuen, 150 urte beteko baitira inauguratu zutela. Ehun figurante inguru behar genituen, baina haiek ez ziren ezertara konprometitu, eta eragozpen ugari izan genuen gainera. Orain ere, filmarekin bira bat egin nahi dugula eta, interesik ez dutela erantzun digute.
Pehuajoko [Argentina] Etxe Alai euskal etxean, aldiz, oso harrera ona izan genuen. Sekulako laguntza eman ziguten, eta Pedro Mari Otañoren ilobaren alaba bat ere ageri da filmean. Pedro Mari Otañoren anaia gazteena han hil zen.
Bertsoek osatzen dute filmaren haria. Horrek ere izango zuen konplikaziorik.
Kontua da Otañori buruz ez dakigula ezer. Eroen pare ibili ginen dokumentazio bila, batez ere Koldo Izagirre [harena da gidoia]. Arrasaten Lore Jokoak irabazi zituela eta, lau lerro aurkitu genituen La Voz de Guipúzcoa berripaperean. Argentinarako azken bidaian Korsika baporea hartu zuela eta, beste lau lerro. Kito. Pedro Mari Otañoren pertsonaia aztertzeko eta egituratzeko ezer ez genuen, haren bertsoak besterik.
«Peñagarikano Otañoren mendeurreneko saioan ikusi nuen Zizurkilen. 'Pedro Mari Otañoren osabarena egitea nahi diat', esan nion egun hartan. Berehala eman zidan baiezkoa»
Eta bertsolariak jarri dituzu aktore lanetan. Zer nolako esperientzia izan da hori?
Oso rol politak izan dituzte bai Anjel Mari Peñagarikanok, bai Oihana Iguaranek. Peñagarikano Otañoren mendeurreneko saioan ikusi nuen Zizurkilen. Haren bizitza taularatu zuten, eta Peñagarikanok Otañoren larruan jarrita botatzen zituen bertsoak. «Pedro Mari Otañoren osabarena egitea nahi diat», esan nion egun hartan. Berehala eman zidan baiezkoa.
Eta Oihana Iguaran nola jo zenuen begiz?
Casting batean. Pakita pertsonaia asmatua da. Haren rolean jarri, eta guk emandako bertso bat kanta zezan eskatu genion Iguarani. Berehala ikusi zion akatsa bertsoari; «Honi zer edo zer falta zaio, ez dago osorik», esan zigun. Falta zuena berak osatu eta bertsoa bota zuenean, ikaragarri emozionatu nintzen. Sekulako lana egin du filmean.
Memoria ariketa bat ere bada filma. Bertso paperak, esate baterako, garrantzitsuak ziren garai hartan, baina gaur egun askok ez dute jakingo bazirenik ere.
Otañoren biografiari oso lotuta dago hori, aitzindari izan baitzen horretan ere: plaza gizona ez zenez, idazten hasi zen. Gainontzekoek jarraitu egin zioten. Eta abestiak ere idatzi zituen. Donostiako Orfeoia, adibidez, Otañoren konposizioekin hasi zen kantatzen. Otañok Argentinara azken bidaia egin baino urtebete lehenago sortu zen Orfeoia, pentsa zer ospe zuen Otañok ordurako.
Gauza askotan izan zen aitzindari, baita euskararen irakaskuntzan ere. 1904an edo, metodologia bat asmatu zuen Argentinan euskara irakatsi ahal izateko.
Eszena polit asko ditu filmak, besteak beste, Txirrita sagardotegian dagoenekoa. Zein duzu eszena gustukoena?
Azken sekuentzia, beharbada. Zineman ez da ohikoa kamerari zuzenean hitz egitea, eta gure azken sekuentzia horretan Otaño ikus-entzuleei zuzentzen zaie, esanez bezala, «adi, euskaldunok». Oso gogokoa dut eszena hori. Horrelako atmosfera berezi bat lortu nahi nuen. Eta bada beste bat ere: La Vasconiako zuzendaria eta Bonifazio Latxa bertsolaria haren etxera joaten direnekoa. Sekuentzia borobilenetako bat da hori ere.
Pedro Mari Otañori nazio mailako omenaldia zor zaiola aldarrikatu izan duzu. Film honek egin al dio justizia apur bat?
Hauxe hasiera besterik ez da. Urriaren 20an hasi ginenez geroztik 150 bat saio egingo genituen herriz herri, tartean udaletan eta ikastetxe batzuetan. Eta emanaldiaren ondoren krokis moduko bat egiten dugu. Horietan jasotzen dugun erantzuna antzekoa da gehienetan: «Ez geneukan ideiarik ere nor zen Otaño».
Beran [Nafarroa] izan ginenean, 50 lagun inguru bildu ziren. Jendeak errieta egin zion alkateari, esanez filmaren propaganda gutxi egin zuela eta beratarrek jakin behar zutela Otañoren berri.
«Ombua zuhaitz handi bat dela uste du jendeak, baina zuhaixka bat da; maitatua eta gorrotatua da aldi berean, Otaño bezalatsu: karlistek gorroto zuten, eta liberalek ez zuten larregi maite»
Eta ombua zer den ikasi al du jendeak?
Honezkero bai. Zuhaitz handi bat dela uste du jendeak, baina zuhaixka bat da; maitatua eta gorrotatua da aldi berean, Otaño bezalatsu: karlistek gorroto zuten, eta liberalek ez zuten larregi maite. Ombuarekin antzeko zerbait gertatzen da: gautxoek oso maitea dute, itzal ederra ematen baitu; baina gainontzekoek ez dute estimuan, haren enborra hutsa baita barrendik, eta ez duelako egurretarako balio. Bestalde, Otaño estimatuagoa da Argentinan, hemen baino. La Platako unibertsitateko katedra batek haren izena darama. Gainera, bere bertsoak euskara ikasteko erabiltzen dituzte.