Pello Irazu: «Begiradari eustea da artearen lana»

Artistak azken urtebetean egindako lanak jarri ditu ikusgai Bilboko Carreras Mugica galeriak. ‘Zuretzat’ izendatu du erakusketa.

Pello Irazu artista Bilboko Carreras Mugica galerian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Pello Irazu artista, Bilboko Carreras Mugica galerian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko ekainaren 29a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kasik, baina ez. Iheskorrak izaten dira definizioak Pello Irazu artistaren lanik gehientsuenetan (Andoain, Gipuzkoa, 1963), eta oraingoan ere ez du salbuespenik egin. Urrunetik begiratuta, zirkulu laranja plano bat irudi dezakeelako hormako irudietako batek, esaterako, baina gerturatu eta arreta eskaini ahala, orduan eta problematikoagoa izango da lana esaldi sinple batera errenditzea. Zirkulu bat zirudiena ertzez eta erpinez osatutako forma zehaztugabeago bat delako, benetan. Eta zorrotzago begiratuz gero, irudiaren kolore laranja ez ezik, kolore laranja hori lortzeko artistak egindako keinuen lorratzak ere ikusiko dituelako ikusleak, eta gainazal hori ere jada ez zaiolako hain laua irudituko. Obrak zeinua eta, harekin batera, aldi berean, zeinua eraikitzeko prozesua ere erakutsi nahi balitu bezala. Eta adibide bat baino ez da hori. Zirkulu moduko horrekin gertatu bezala, behin eta berriz errepikatuko delako antzeko zerbait artistak Bilboko Carreras Mugica galeriako bi aretoetan jarritako beste lanetako askorekin ere. Azken urtebetean sortutako eskultura zein paper gaineko lanak bildu ditu artistak Zuretzat izeneko erakusketan, eta uztailaren 30era arte egongo da zabalik.

«Begiradari eustea da artearen lana». Piezaz pieza joan bitartean hasi du gogoeta Irazuk. «Bizitza hau oso azkar doa, eta, irudiz betetako inguru batean bizi garenez gero, irudiak ere bata bestearen atzetik doaz. Arteak beti izan du begiradari eusteko borondate hori, nahiz eta tarte hori laburra izan. Artearen borroka hor dago gaur egun. Irudi kontsumo izugarri horretan, arteak hainbat tresna izan ditzake borrokarako, eta nire kasuan materialtasuna da tresna horietako bat. Materialtasun horrek egin behar dio kontra birtualitateari. Orain metabertso batean gaude, eta, aldiz, hemen [erakusketan] dago materia. Eskulturak hor du langaia. Nik hor ikusten diot. Nola eutsi horri».

«Irudi kontsumo izugarri horretan, arteak hainbat tresna izan ditzake borrokarako, eta nire kasuan materialtasuna da tresna horietako bat. Materialtasun horrek egin behar dio kontra birtualitateari»

PELLO IRAZU Artista

Kartoi kutxak, metal puskak eta zura darabiltza Irazuk eskulturak sortzeko, baina ez da erabat argia material horien arteko bereizketa. Eta hori nabarmena da areto erdialdean dagoen piezetako batean. Aulki urdin bizi batek sutan erreta dirudien aulki bati eusten dio, eta zeharo erretako zurezko habe batzuk daude haren gainean. Ikatzaren beltza eta erretako zuraren testura dute horiek, baina, artistak eskultura egonkortzeko baliatutako erretxinak ematen dion distira ikusita, izan zitekeen plastiko klaseren batekoa ere.

Besteak beste, Irazuk kalean topatutako aulkiak eta arropa eskegitzekoak baliatu ditu eskulturak sortzeko abiapuntu gisa, eta, dioenez, objektu horiek identifikagarri mantentzearekin batera, aldi berean, «beste gauza bat» ere bilakatzea izan da erronka. «Bere memoriari eusten dio materiak, baina beste posizio batean».

(ID_15075082) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-06-19, Bilbo. Pello Irazu artista Zuretzat erakusketa Carreras Mugica galerian
 Pello Irazu, Carreras Mugica galeriako areto nagusian. ARITZ LOIOLA / FOKU

Artelanak erakustearekin batera, Irazuk maiz egin ohi ditu esku hartzeak artelanak hartzen dituen tokian ere, baina erabat zuri utzi ditu oraingoan Carreras Mugicako hormak. Areto erdialdean jarritako eskulturetako bakoitzak nortasun propio indartsua duelako izan da hori. «Eskala antzekoarekin sortu ditut eskultura guztiak, baina gero oso bide desberdina du haietako bakoitzak, eta nortasun propioa ematen die horrek. Elkarrekin ondo egiten dute lan. Beste batzuetan, piezek elkar kutsatzen dute, haietako bati emandako soluzio formal batek beste pieza batenean oihartzun egiten duelako, baina oraingoan oso ezberdin ikusten dut haietako bakoitza».

«Ez dute kontakizun gehiagorik behar», borobildu du artistak. «Ez dute hondorik behar». Eta, ondorioz, Irazuren hitzetan, ia banan banakoa da ikuslearen eta piezen arteko harremana.

«Beste batzuetan, piezek elkar kutsatzen dute, haietako bati emandako soluzio formal batek beste pieza batenean oihartzun egiten duelako, baina oraingoan oso ezberdin ikusten dut haietako bakoitza»

PELLO IRAZU Artista

Ibilbide luzeko artista da Irazu, eta, ibilbide horren aitortza modura jaso zuen Gure Artea saria 2020an. Funtsezko sortzailea izan da euskal arte garaikidean 1980ko hamarkadaz geroztik. Carreras Mugica galerian bertan, esaterako, banakako beste lau erakusketa egin ditu, eta Bilboko Guggenheim museoak atzera begirako zabala eskaini zion 2017an.

Oteizaren sinadura

Adituek Euskal Eskultura Berria izeneko mugimenduan txertatu izan dute Irazuren lana, Angel Bados, Txomin Badiola, Juan Luis Moraza eta Maria Luisa Fernandez artistenarekin batera. Euskal herritarrak dira guztiak, eta Jorge Oteiza eta Eduardo Txillidaren ondoren eta, neurri batean, haiei erantzunez lan egiten zutelako jarri zieten izen hori. Etiketa hori ez zaie oso erosoa egin sortzaileei, baina balio dezake aurreko belaunaldiarekin izan duten harremana deskribatzeko. Eta Irazuk esplizituki ere egin du aipamena oraingoan. Ironia tanta batekin, gainera.

Eskultura baten oinarrian dagoen kartoizko kutxa huts baten ertzean argi ikus daiteke sinadura: Oteiza.

Barre txiki bat, eta azalpena Irazuk. «Inguruan dituzun gauzekin egiten duzu lan, eta kasu honetan forma hori zen. Ez nuen hasieratik erabakita hori, baina idatzi nuen, eta zer egin behar nuen? Ezabatu? Ba, ez: onartu. Zeinuek ere badute euren historia, eta horri geruzak gehitzen eta gehitzen eta gehitzen joaten zaizkio, eta gero superzeinu bat osatzen dute. Hori da artea ikusteko gure modua. Nahi baduzu, deitu postmodernoa, edo nahiago baduzu deitu zatitua, baina horrela lantzen ditut gauzak, eta, horregatik, oso zaila da keinu horiek ukatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.