HILBERRIA. Hans Magnus Enzensberger

Pentsalari eta idazle laudatua

VIKTOR CHLAD / EFE.
mikel lizarralde
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
70 lanetik gora emanda, Bigarren Mundu Gerra osteko pentsalari laudatuenetakoa izan zen Hans Magnus Enzensberger. «Poeta, saiakeragile, biografo, editore eta itzultzailea, eragin handieneko intelektual alemaniarra izan zen», Suhrkamp argitaletxeak ohar bidez zehaztu duenez. Herenegun hil zen Enzensberger, Munichen (Alemania), 93 urte zituela.

Kaufbeurenen jaio zen, 1929an, eta, 1944-1945ean armadan izan ondoren, literatura eta filosofia ikasketak egin zituen, lehenik Alemanian eta ondoren Parisko Sorbona unibertsitatean. 1955ean doktoretza lortu zuen Clemens Brentano idazle erromantikoaren teoria poetikoari buruzko tesiarekin. 1955 eta 1957 artean Stuttgarteko irrati kate batean lan egin zuen erredaktore gisa, eta 1957an kaleratu zuen bere lehen poema liburua: Verteidigung der wölfe (Otsoaren defentsa).

1965etik 1975era Gruppe 47 taldeko kidea izan zen, eta baita Kursbuch literatur aldizkariaren editorea ere. Gerora ere, 1980an beste aldizkari bat sortu zuen: Transatlantik.

Bere ibilbidean hamarretik gora poema liburu eta prosazko zazpi lan argitaratu zituen, eta antzerkia eta haur literatura ere jorratu zituen. Nolanahi ere, pentsamenduari lotutako lanak emateagatik egin zen bereziki ezagun. Haietan Europaren historia eta egoera soziala aztertu zituen, besteak beste.

Dibulgazioaren zalea ere bazen, eta, hain justu, haurrei matematika azaltzeko ahalegina ere egin zuen beste liburu batean.

Ruper Ordorikak Enzensbergerren testu bat moldatu zuen Bihotzerreak (1985) diskoko Berreziketaren zailtasunari buruz kantuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.