Kritika. Literatura

Pentsamendu jauzilaria

'Bide bihurrietan' liburuaren azala. BERRIA
2026ko apirilaren 19a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'bide bihurrietan'

Egilea. Elena Martinez Rubio.

Argitaletxea. Alberdania.

Euskal literaturan jadanik nolabaiteko ibilbidea egindako generoa dugu saiakera literarioa. Askotariko gaiei buruzko kutsu literarioko —idazkeran, alegia, gaiak literarioak izan daitezke edo ez— idatziei buruz ari naiz. Akaso, Joseba Sarrionandiak eman zituen lehenengo urratsak 80ko hamarkadan, Ni ez naiz hemengoa edo Marginalia bezalako lanekin. Anjel Lertxundi, Patziku Perurena edo Iñaki Segurola ere badira genero horretako beste idazle aipagarriak. Literaturaren eta filosofiaren bidegurutzetik jaiotako idazkiak izan ohi dira, labur tankerakoak eta itxura zatikatutakoak. Elena Martinez Rubio da azkenaldiko egile esanguratsuenetako bat.

Mugimenduarekin jolasten da beti Martinez, eta esango nuke kontzeptu giltzarria dela bere pentsamendua ulertzeko. 2021ean Sigi-sagako gogoetak plazaratu zituen eta Gogoeta jauzilari hauekin itzuli da, Bide bihurrietan izeneko bildumarekin. Ibilian bezala jardungo da hausnarrean egilea eta espazioa bera zeresan handikoa suertatuko da liburuan, berau osatzen duten testu askok dihardutelako, era batera edo bestera, osagai espazialez. Mugak, lurrarekiko identitateak, bizilekurik ez dutenen arrangurak… horiek eta gehiago azalduko dira Martinezek ekarritako istorio txikietan. Istorio txikiak baitira, herrialde eta jendarte txikiei buruz ari direnak —mugak zatitutako tirolesak, Pikinni uharteetako biztanle ahaztuak, albaniar tematiak—, baina jomuga unibertsala dutenak. Esan nahi baita, zehatzera jotzen du Martinezek, ondorio orokorretara iristeko.

Zalua da autorearen idazkera eta argitasun horrek laguntzen du erreferentziek sor zezaketen betekada eragozten. Erreferentziak trumilka ematen ditu idazleak, betiere iturriak aipatuz. Hori horrela, tradizioaren aitortza erakusteaz gain, irakurleari ateak zabaltzen dizkio gaiaren inguruko bestelako testuetara. Ertzetik ari da une oro Martinez, eta Simon Weilen irakaspenak bere eginez, zapalduenengana, baztertuenengana, ikusezinenengana zabaltzen du begirada. Horrek tradizio azpiratuak azaleratzea dakar, Mendebaldeak Beste gisa seinalatu duen hura erdigunean ezartzea. Hala, hitzek osatutako korapiloetan arakatuko du, gai funtsezkoei buruzko bazterreko ikuspegien bila. Esaterako, Bigarren Mundu Gerrako film batean soldadu georgiar batek hil hurren esandako mama —aita— hitzetik abiatuko da, munduko hizkuntzetan barrenako txangoan, Stalinen erregimenaren izaera patriarkal eta georgieraren kontrakoaz aritzeko.

Ahoz ahoko tradizioaren baitakoak diruditen istorioei heltzen die autoreak, irakurlea ezarian bezala gai potoloagoetan sarrarazteko: heriotza, identitateak, memoria, boterekeria, ahulen aurkako zapalkuntza eta indartsuen krudelkeria. Askatasun eza, funtsean. Askatasuna badario, ordea, mekaniko eta gotortutik gutxi duen Elena Martinez Rubioren pentsamenduari. Zalu, arin, aske. Ibiltari eta nola ez, jauzilari ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA