Sigi-sagan edo jauzika. Ideia, pentsamendu edo oroitzapen batetik bestera. Hala ibiltzen da Elena Martinez Rubio idazlea bere lanak sortzean. 2021ean kaleratu zuen Egun gorrietan. Sigi-sagako gogoetak saiakera (Alberdania). 25 testu bildu zituen bertan, hainbat forma eta estilo uztartuz, eta askotariko gaiei helduta. Hura argitaratu berritan Jorge Gimenez Alberdaniako editore zenak amua bota zion idazleari: «Zergatik ez duzu beste bat egiten?». Landuta zeuzkan testu batzuk moldatuz eta beste batzuk sortuz ondu du oraingoan Bide bihurrietan. Gogoeta jauzilariak saiakera bilduma, Alberdania argitaletxearekin oraingoan ere.
Hamabi saiakera jaso ditu lanean, modu guztiz independentean irakurri daitezkeenak. Bide bihurrietan-en askotariko gaiak landu ditu Martinez Rubiok: filosofia, historia, antropologia, politika, filologia, bai eta gaur egungo gatazkak ere. «Nire barnean dena erlazionatuta dago, nahiz eta gaiek zerikusirik ez dutela dirudien», aipatu du idazleak. Hala ere, Oier Etxebeste Alberdaniako arduradunak adierazi du «gogoeta sakonak» direla lanean bildutakoak.
Aurrekoan baino testu gutxiago sartu ditu egileak liburu berrian, luzeagoak baitira. «Ez da bestea bezain arina», gehitu du. Halaber, Etxebestek azaldu du idazleak sortutako diskurtsoa linealtasunetik urruntzen dela: «Irakurlea bide bihurrietatik eramaten duen pentsamenduen ibilaldia da».
Familia abiapuntu
Gai asko landu ditu Martinez Rubiok liburuan, kasu batzuetan, urteen poderioz irakurri dituen testu, egile eta liburuetatik tiraka. Beste kasu batzuetan, interesa piztu dioten auzien inguruan ikertu du, horien inguruan idazteko. Hala ere, bada inongo arrazoirik gabe landu dituen arloak ere: «Gauza asko inkontzientetik etorri dira».
Bere arbasoen hainbat pasadizotan ere oinarritu da liburuko ataletako bi ontzeko. Tobosoko Marsellesa atalean bere birraitona izan du hizpide. Kontatu duenez, idazlearen aitonak maiz esaten zuen bere etxean izandakoa zela Benito Perez Galdos idazlea, hain zuzen bere aitarekin. Toboson (Gaztela-Mantxa, Espainia) bizi izan zen aitona, soldaduska egiteko garaia iritsi zitzaion arte. Martinez Rubiok behin baino gehiagotan entzun zuen afera hura, baina inoiz ez zion kasu berezirik egin, harik eta testua idazten hasi zen arte.
«Baliteke jendeari gauza asko interesgarriak ez suertatzea, baina, agian, irakurleren bati zerbaitek gehiago ikertzeko aitzakia emango dio»
ELENA MARTINEZ RUBIO Idazlea
Ikertzen hasi zen, eta Perez Galdosek 1915ean idatzitako Ciudades viejas (Hiri zaharrak) ipuina topatu zuen. Bertan, egileak Tobosora egindako bidaia kontatzen du, eta, zehazki, ipuinean agertzen den pertsonaietako bat da Martinez Rubioren birraitona. Orduan jakin zuen aitonak behin eta berriz kontatutakoa hala izan zela. Gaineratu duenez, birraitona herrian zegoen errepublikazale bakarra zen, eta Perez Galdosen ipuina irakurri ostean ulertu ahal izan zuen zergatik zen hain ezkertiarra bere familia.
Ur lurtsua, lur urtsua, harriak, hilobiak atala beste aitona bati gertatutakoari tiraka idatzi du. Itsasotik gertu zela olatu batek uretara bota, eta itota hil zen. Afera hori abiapuntutzat hartuta heriotzaren inguruan hausnartu du idazleak; «zentzu antropologikotik, baita literaturatik adibideak hartuz ere».
Ahaztutakoa ezagutarazi
Feminismoari heldu dio Martinez Rubiok Burua galtzea versus burua galaraztea atalean. Emilie Kempin (Zurich, Suitza, 1853-Basilea, Suitza, 1901) abokatuaren inguruan hitz egiten du bertan; Suitzako lehen emakumezko abokatua izan zen hura. Garai hartan emakumeek ez zuten boto eskubiderik, eta are gutxiago abokatu gisa jarduteko aukerarik. Hala ere, Kempinek borroka handia egin zuen bere lanbidean jardun ahal izateko, baita lortu ere —nahiz eta makina bat oztopo izan zituen—. Bide bihurrietan-en egileak uste du merezi duela Kempinen istorioa ezagutzea, gaur egun zuzenbide ikasketak egiten dituzten makina bat ikaslek haren berri ez dutela argudiatuta.
Idazlea jakitun da bibliografia asko eta toki desberdinetatik hartutako makina bat testu erabili dituela libururako; «nik horrela egiten dut lan», gehitu du. Martinez Rubio: «Baliteke jendeari gauza asko interesgarriak ez suertatzea, baina, agian, irakurleren bati zerbaitek gehiago ikertzeko aitzakia emango dio».